Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Azpeitiko Basozabal Jauregiaren birgaitzea sustatuko du

Aldundiak Azpeitiko Basozabal Jauregiaren birgaitzea sustatuko du

Gipuzkoako ondarearen eraikin berezienetako bat da (S.XV),

2017/07/14

Gipuzkoako ondarearen eraikin berezienetako bat da (S.XV), eta babestutako eraikin gisa aitortua dago, duen interes historiko eta artistikoagatik.

Itxaso: “Kontserbazioa bermatzeko modu eraginkorrena gure ondareari erabilgarritasun soziala ematea da.”

Denis Itxaso Kulturako diputatuak elkarlan-hitzarmen bat sinatu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin, Azpeitiko Basozabal Jauregia birgaitzeko.

Kultura Ministerioaren aginduz, 1964an Basozabal Jauregia monumentu aitortu zuten, eraikinaren interes historiko eta artistikoagatik. 1984an Eusko Jaurlaritzak ondare kultural aitortu zuen, monumentu kategoriaren barruan.

Basozabal Jauregia Azpeitiko alde zaharrean dago, beste bi eraikinen artean, eta XIV. eta XV. mendeen artean eraiki zen. Azpeitiko lehenengo eraikin zibiletako bat da, eta Gipuzkoan garrantzi handiko ondare bihurtzen duten ezaugarri arkitektonikoak ditu, barne-patioa edota atzeko galeriak, esaterako.

Eraikina duela 35 urte birgaitu zen, baina 35 urte erabili gabe igaro ostean, kalteak eta hondatzeak nabarmenak dira.

Eraikinaren kalteak gelditzeko, eta ondoren egonkortzeko, lanarekin hasi baino lehen aurretiazko ikerketa bat egin zen, hain zuzen ere, harrizko eraikinen patologien errekuperazioaren, egurrezko egitura-elementuetako kalte xilofagoen eta eraikin barruko hezetasun kalteen inguruan.

Birgaitze lanetan nagusiki zurgindegi lanak, akabera lanak (zoladurak, sabaiak…) eta instalazio lanak egingo dira. Horrez gain, eskailera berri bat egingo da, baina egun dagoen eskailera mantenduta.

 “Birgaitze lanek helburu argi bat dute: eraikinari erabilera ematea. Gipuzkoan eraikin asko ditugu kultura balio handia dutenak, eta ezin ditugu hutsik eta inongo erabilerarik gabe eduki, hala, hondatu egiten baitira. Hori dela eta, bereziki pozik nago hitzarmen honekin, eraikin bat berreskuratzeko eta, aldi berean, balio soziala emateko aukera eskaintzen duelako”, azaldu du Itxasok. Ildo beretik, Kulturako diputatuak adierazi du “ondarea berreskuratzeko eta kontserbazioa bermatzeko era onena erabilera ematea eta funtzio bat esleitzea dela, gizartearekin kontaktuan jarriko duena eta eraikinaren zentzu historikoarekin koherentea izango dena". Foru arduradunaren iritziz, guztiz bat dator ikuspuntu horrekin Basozabal Jauregia erabilera kulturaletarako berreskuratzea eta Azpeitiarekin lotutako alderdi turistikoak, artistikoak edo sormenezkoak zabaltzeko martxan jartzea, eta horiek erabateko zentzua emango diete egingo diren lanei.

Eraikin birgaituak zortzi espazio edukiko ditu: Turismo-bulego bat, interpretazio eta erakusketa zentro bat, ekitaldi areto bat, prestakuntza areto bat, erabilera aniztuneko gela bat eta liburutegi bat.

 

 

 

  

1655