Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Berretsi egin dute partekatzen dituzten ibaien kudeaketa koordinatzeko konpromisoa

Berretsi egin dute partekatzen dituzten ibaien kudeaketa koordinatzeko konpromisoa

Gipuzkoak «Ur partekatuen kudeaketarako gutunaren” Jarraipen Batzordeko lehendakaritza eman dio Euskal Hirigune Elkargoari

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak, Uraren Euskal Agentziak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, eta Adour-Garonne Ur Agentziak berretsi egin dute gaur goizean, Irunen, partekatzen dituzten mugaz gaindiko arroak batera kudeatzeko konpromisoa (Bidasoa, Urumea, Oria, Nive y Nivelle ibaiak). Ekitaldi horretan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak «Ur partekatuen kudeaketarako gutunaren” Jarraipen Batzordeko lehendakaritza eman dio Euskal Hirigune Elkargoari; konpromiso hori 2014an sinatu zen, baliabide hidrikoen kudeaketaren esparruan administrazio ezberdinen lankidetza bultzatzeko, betiere partekatutako ibaien ura modu jasangarrian, ekitatiboan eta koordinatuan erabiltzeko xedez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok zuzendu du, gaur goizean, gutuna sinatu duten sei erakundeen ordezkariek parte hartu duten bilera. Asensiok adierazi duenez «datozen urteetan ezinbestekoa izango da partekatzen dugun eta hain baliotsua den ondasuna –ura- batera kudeatzea; izan ere, kudeaketa bateratu hori behar-beharrezkoa izango da, aurreikuspen zientifiko guztien arabera klima aldaketak eragingo dituen erronkei aurre egiteko».

Bestalde, Cesar Pérez Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak azpimarratu du beharrezkoa dela mugaz gaindiko lankidetza mekanismoak indartzeko prozesuarekin jarraitzea eta elkarlanean aritzea  jasangarritasun eta eraginkortasun handiagoak lortzeko ibaien kudeaketan; halaber,  adierazi du eskualde konprometitu gisa kokatu behar garela klima aldaketara egokitzeko prozesuan, arazo horren aurrean erresilientzia hobetzearren, izadiak aurre egin behar dion ingurumen erronkarik handiena baita. 

«Ur partekatuen kudeaketarako gutunak» lankidetza esparru zabala ezartzen du sinatzaileen artean hainbat eremutan, hauetan besteak beste: uren eta ur ekosistemen kalitatea,  edateko uraren eta bainatzeko uren inguruko osasun alderdiak, uholde arriskuen kontrako segurtasun neurriak, baliabidearen erabilera efizientea, eta eskariaren kudeaketaren sustapena.

Orain arte, eta akordio horren arabera, hainbat ekintza ezberdin jarri dira abian modu bateratuan: Dantxarinea inguruko edateko uraren hornidura eta kalitatea hobetzea; gure ibai eta ibaiertzetan dauden flora eta faunako espezie inbaditzaileen kontra borroka egitea; eta Bidasoa Beheko uholde arriskua prebenitzeko eta kudeatzeko arazoari aurre egiteko azterketak egitea. Gainera, ekintza horiek guztiek Europako funtsen bidezko finantziazio garrantzitsua dute, esparru honetara bideratutako laguntzak ematen baitira. Horrela, 2016. urtean, Europako agintariek H2Ogurea proiektua onartu zuten, eta gaur egun gauzatze fasean dago.

Etorkizun hurbilari begira, gutunaren sinatzaileen asmoa da, alde batetik, ur esparruan eskumena duten beste administrazio eta erakunde batzuk sartzea akordioan, eta, bestaldetik, oraindik prestatzen ari den proiektu bat aurkeztea Europako erakundeen aurrean, zeinaren helburua den aforaleku berri bat egitea Bidasoa ibaiaren nazioarteko zatian.

Azkenik, bileran parte hartu duten ordezkari batzuek uraren inguruan, indibidualki, prestatu dituzten proiektuak aurkeztu dira, besteentzat interesgarriak izango direlakoan; horrela, bi proiektu hauek azpimarratu behar dira: bat, LIFE LEMA proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak egindakoa, zeinaren helburua baita tokiko agintariek itsas hondakinak biltzeko eta kudeatzeko eredu adimentsu bat lortzea, eta bestea, Nafarroako Gobernuaren LIFE NADAPTA proiektua, zeinaren helburua baita  Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzea.

  

1263