Atzealdea

Bide-segurtasuna bermatuko da Arrasaten ia milioi bat euroko inbertsioarekin

Foto Bide-segurtasuna bermatuko da Arrasaten ia milioi bat euroko inbertsioarekin

Bide-segurtasuna bermatuko da Arrasaten ia milioi bat euroko inbertsioarekin

Lanako lotura birmoldatu eta biribilgune bilakatzeaz gain, GI-3554 errepidean dagoen lur mugimendua egonkortuko da

Aintzane Oiarbide bide-azpiegiturak Arrasate Fagor infraestructuras viarias

Gipuzkoako Foru Aldundiak ia milioi bat euroko inbertsioa egingo du Arrasaten datozen hilabeteetan gauzatuko diren bi proiektutan. Alde batetik, Lanako lotura (GI-627) birmoldatu eta biribilgune bilakatzea aurreikusten du Aldundiak. Gaur egun dagoen bidegurutzearen konfigurazioaren ondorioz, mugimendu gatazkatsuak sortzen dira ibilgailuen zein oinezkoen aldetik, izan ere, bost bide adarrek egiten dute bat bertan. Gainera, San Andres kalean hegoalderantz doan adarra izen bera duen industri gunerako lotunea da. 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak “bide-segurtasuna” bermatu nahi dela azpimarratu du, eta, halaber, honako hau adierazi du: “Fagor Ederlan kooperatibak bertan aktibitate berri bat martxan jartzeko asmoa azaldu du eta, ondorioz, trafikoa gehitu egingo litzateke”. Diputazioa murgilduta dago Gipuzkoako ekonomia suspertzeko lanean eta, beraz, lurraldeko enpresei lagundu nahi die. Oiarbide diputatuak adierazi  duenez, azpiegitura egokiak bermatzea enpresei lehiakorragoak izaten laguntzea ere bada. Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, bere  aldetik, adierazi du "arrasatearrentzat oso berri ona da 2017ko lehentasunen artean Foru Aldundiak gure herriko bi proiekturi helduko diola jakitea. Alde batetik Bedoinako bide berria, urtetako eskaera izan dena behingoz gauzatu egingo da, eta bestalde, Lanako biribilgunea, gaur egun gune arriskutsu eta erabilgarria, segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatze aldera gauzatuko dena" gehitu du Alkateak. 

Aipatutako loturaren birmoldaketak 607.754 euroko aurrekontua dauka eta Aldundiak zenbateko horren hiru laurdenak finantzatuko ditu (407.754 €). Arrasateko Udalak 200.000 € jarriko ditu. Hurrengo egunetan hitzarmena sinatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren artean.

Bigarren proiektu bat ere aurreikusten du Diputazioak Arrasaten; zehazki, Bedoña auzorako bidean (GI-3553 errepidean) dagoen lur mugimendua egonkortuko da. Gaur egun, lur mugimenduak errepidearen galtzadari zuzenean eragiten dio eta arriskutsua da bertan ibili behar duten auzotarrentzat. Beraz,  errepide hori egonkortzeko, 78 metroko luzera eta 11 metroko altuera izango dituen eskoilera bat eraikiko da azpi aldean. Errepidearen gainaldean, berriz, 3 metro altu eta 13 eta 32 metro luze izango dituzten bi eustorma egingo dira. Gainera, errepidea 5 metrora zabalduko da, lanak egingo diren tarte horretan ibilgailuak errazago gurutzatu daitezen. Hiru hilabeteko lana izango litzateke eta 548.508,81  euroko aurrekontua dauka.

Bi proiektuak 2017an zehar egingo dira.