Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Biozientziak Gipuzkoak, bio-osasunaren alorra indartzeko

Biozientziak Gipuzkoak, bio-osasunaren alorra indartzeko

Erakundearen irudi berritua aurkeztu dute gaur Markel Olano diputatu nagusiak eta Kutxa Fundazioko lehendakariak, Manuel Berazak

Biozientziak Fundazioa

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Kutxa Fundazioko presidenteak, Manuel Berazak, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren irudi berria aurkeztu dute gaur Donostian. Erakunde honen aktibitatea berrabiarazi dute gisa horretan, helburu nagusi batekin: “bio-osasunaren alorraren dinamikotasuna buktzatzea”, Gipuzkoako ekonomia eta gizarterako estrategikoa den eremu honetan “ekintzailetasuna” eta “enpresa proiektuak” hauspotuz.

Olano eta Berazak bi erakundeen arteko lan bilera bat gidatu dute Miramoneko Parke Teknologikoko Arbide dorreetan. Bertan izan dira, baita ere, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia, Carlos Ruiz, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta Berrikuntzako foru zuzendaria, Garikoitz Agote. Bileraren aurretik komunikabideei erakutsi diete Biozientziak Gipuzkoa Fundazioaren berri emango duen irudi berritua. DNAren erreplikazioan oinarritutako irudia da; bizitzarekin lotutako elementu bat, alegia, biozientzien xedea hori baita azken batean, pertsonen ongizatea eta bizi baldintzak hobetzea.

“Zientzia, teknologia-ikerketa eta berrikuntza dira, XXI. mendean, enpresa garapenaren oinarria eta, ondorioz, lurralde ororen garapenerako zutabe nagusi. Horixe da, hain zuzen, Gipuzkoarako nahi duguna, Foru Aldundiak eta Kutxak elkarlanean bultzatzen duten proposamen honen helburua. Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak bio-osasunaren sektorearen garapena indartu nahi du gure lurraldean”, jakinarazi du Manuel Berazak. Bere esanetan, gainera, bide horretan fundazioak “kalitate handiko proiektuak identifikatzeko” konpromisoa hartzen du, horiek gero “merkaturatzeko bultza eginez”, beti ere “zorroztasunetik eta finantza baliabideak” bideratuz.

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, gogoratu du sektore estrategikoetan “dinamikotasun berri bat eta apustu berriak” egiteko helburua ezarri duela foru erakundeak legealdi honetarako, Ekonomia Suspertzeko Plana 2015-2019ren bitartez. “Etorkizuneko ekonomiaren oinarriak finkatzen ari gara. Hori horrela, lurraldean erreferentzia garen bi erakundek lankidetza eremu bat finkatu eta tresna bat berriz abian jartzen dugu, ikuspegi aurreratu batekin, biozientzien alorreko enpresa proiektu berriak bultzatzea norabide hartuta”, azaldu du Olanok. Diputatu nagusiak osatu duenez, bio-osasunaren alorra indartzeak “inondik ere ondorio positiboak dakartza pertsonen ongizatean eta bizi kalitatean”.

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa 2011an sortu zuten Foru Aldundiak eta Kutxak, eta egitasmo hori berriz aktibatzea erabaki dute orain alor horretan “garapen eta dinamikotasun” faktore bilakatu dadin. Joan den urtean fundazioko Patronatoa berritu zen, estatutuak berriz definitu ziren gaur egungo testuingurura egokitzeko, eta milioi erdiko aurrekontua bideratu zen. Aurten aurrekontu hori milioi batean finkatu da, fundazioa osatzen duten bi erakundeok maila berean egindako aportazio baten bitartez.

Aurrekontuaren zati handiena bideratuko da bio-osasunaren alorreko start up-ak eta ekintzaleak babestera haien enpresa proiektu berritzaileetan. Horrez gain, fundazioaren helburuen artean dago baita ere bultzatzea “ikerketan binkaintasuna, ezagutza berriaren sorrera eta teknologia transferentzia”, biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatzeaz gain.

Aktibitate berriari babesa
Patronatoaz gain, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak bi funtzio organo izango ditu, erakundearen lana babesteko. Batetik, Adituen Komite bat izango du. Nazioarteko errekonozimendua duten adituz osatua egongo da eta fundazioari aurkezten zaizkion proiektuen bideragarritasunari buruzko iritziak emango ditu. Bestetik, Inbertsio Komite batek proiektuen ekonomia bideragarritasuna aztertuko du eta haietan inbertitzea komenigarria den ala ez gomendatuko du. Bide horretan guztiak fundazioak BIC Gipuzkoaren laguntza izango du.

Bi komiteok egindako txostenen gaineran, Biozientziak Gipuzkoak biozientzien alorreko start up-en finantziazioa lagunduko du, beti ere ezarritako baldintzak betetzen badituzte ala ez. Proiektu bakoitzak gehienez ere 250.000 euroko laguntza maximoa jasoko du bi urtean. Emango den laguntza ekonomiko hori partaidetza-maileguen bitartez emango da batez ere, gisa horretan proiektuaren jarraikortasuna bermatuz eta proiektu berriak laguntzeko bidea eginez. Gainera, mezenazgoa bultzatuko du fundazioak aipatutako proiektuak laguntzeko bide berri bezala.

2016an dagoeneko lehen start up-ari laguntza eman zaio. Patia Europe izan da babes hori jaso duena. Diabetesaren prebentziorako tresnak egiten ditu enpresa honek. Beren proiektua lagundu nahi duten enpresek Biozientziak Gipuzkoa Fundaziora jo ahalko dute datorren hileko erdialdetik aurrera, fundazioaren webgune berrian argitaratzen denean, alegia.

  

2987