Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bizikleta bidezko eguneroko eta ohiko erabilerako joan-etorrien fluxuak 9 puntu portzentual handitu dira, guztizkoaren % 38ra iritsi arte

Bizikleta bidezko eguneroko eta ohiko erabilerako joan-etorrien fluxuak 9 puntu portzentual handitu dira, guztizkoaren % 38ra iritsi arte

Bizikletaren Kontseiluak bilera bat egin du gaur eta, bertan, emaitza oso onak aurkeztu dira.

2017/02/15

Bizikletaren Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Marisol Garmendia diputatua buru, bilera egin du gaur arratsaldean, Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren Kudeaketa Planaren barnean 2016an burututako ekintzak aztertzeko, eta 2017an abian jarriko diren jarduerak zehazteko, mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera Gipuzkoa osoan sustatze aldera.   

Bileran zehar aztertu dira 2016an egin diren urratsak garraio bitarteko hori sustatzeko eta hura lurraldean txertatzeko, zeintzuk eragin baitute Gipuzkoako bidegorri sarearen erabiltzaileen balantze positiboa izatea. Bizikleta bidezko eguneroko eta ohiko erabilerako joan-etorrien fluxuak bederatzi puntu portzentual handitu dira, guztizkoaren % 38ra iritsi arte.  Horrela, Garmendia diputatuak nabarmendu du 4 bidegorri zati abian jartzeko eginiko lana: Lasarte-Txikierdi, Astigarraga-Zakurmendegi, Anoeta-Tolosa eta Sorabilla-Aduna; horiek 7 kilometro gehitzen dizkie bidegorrien foru sareari.

Halaber, modu positiboan balioetsi da oinezko eta bizikleta mugikortasunaren udal ordenantzen gaineko lan-jardunaldiak. Ekimen aitzindaria Euskal Herrian, zeina udalekin batera burutu baita, eta zeinak udalei laguntzen baitie beren udal ordenantzak egokitzen egungo beharretara eta berri batzuk sortzen, garraio jasangarriaren arloan dagoen eskaera sozialari eta teknikoari erantzunez.

Ekimen horietaz gain, azpimarratu behar da garraio jasangarriaren alde, hura zabaltzeko eta ezagutzera emateko iaz garatutako jardueren agenda, adibidez hauek: Zikloteka informazio bideoak sortzea, foroetan parte-hartzea edo bizikletaren udal gida prestatzea, besteak beste.

Ederbidea eta bidegorri zati berriak 2017an

2017ari dagokionez, Bizikletaren Kontseiluaren xede nagusien artean nabarmentzekoa da udalekiko eta bizikletaren eremuko ekintzaileekiko eta Kontseiluaren arteko lankidetza; gainera, prestakuntza eta hezkuntza jardunaldiak egingo dira, eta diru-laguntzak eta laguntzak emango zaizkie udalei eta elkarteei.

2017rako erronken eta ekintzan artean, Ederbidean parte-hartzea nabarmentzen da; bizikleta bidezko mugikortasunaren mugaz gaindiko proiektu horretan parte hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste 12 kiderekin batera, indarrak batzeko xedearekin, mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera garatzeko eta sustatzeko, Gipuzkoako, Pirinio Atlantikoak eta Nafarroa lotuko duen bidegorrian mugaz gaindiko sare bat bultzatzeko.  

Ederbidea proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A (POCTEFA 2014-2020) programaren barruan dago eta Europar Batasunak % 65ean finantzatzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez (EGEF). 

Gipuzkoako bidegorrien foru sarearekin lotuta, 2017an zati berriak eraikitzea aurreikusten da. Alde batetik, Hondarribian Bidasoa ospitala eta Amuteko bidegurutzea lotzen duena (Gipuzkoa Baiona lotzen du Ederbidea proiektuaren barruan); Lezoko bidegorria (lehen fasea) eta, azkenik, Eibarren Azitain-Maltzaga zatia egiteko proiektua idatziko da.  

Bizikletaren Kontseilua da bizikletaren bidezko mugikortasunean Gipuzkoako kontsulta eta aholku organo gorena, bertan hauek parte-hartzen dute: Batzar Nagusiak, Aldundia, Eusko Jaurlaritza, udalak eta eskualdeko garapen agentziak, EHU,hiriko bizikleta elkarteak, oinezkoen mugikortasuneko elkarteak eta ingurumena zaintzearen aldeko elkarteak.

 

  

1193