Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 8.854 Kultura Bonu salgai, astelehenetik aurrera

8.854 Kultura Bonu salgai, astelehenetik aurrera

Gipuzkoako hogei herritako 51 dendatan

2017/12/03

Bonuak, diskoak eta DVDak erosteko, horietatik 3.542 euskarazko produktuak erosteko, eta 5.312 beste hizkuntzetakoak erosteko

Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute eta gainerakoek 8 eurokoa. Bonuak urtarrilaren 15 arte erabili ahal izango dira.

Kontsumitzaileei lagundu nahi zaie, baina baita kulturaren arloko profesional eta enpresei ere.

Itxaso, kultura premia biziko ondasuna dela eta ez luxuzkoa aldarrikatu nahi dugu.

Astelehenetik, aurrera 8.854 Kultura Bonu jarriko ditu salgai Gipuzkoako hogei herritako 51 dendatan. Honako herri hauetan, hain zuzen: Donostia (19 denda), Arrasate (1), Villabona (1), Hernani (1), Zarautz (2), Tolosa ( 1), Mendaro (1), Irun (4), Eibar (2), Oñati (4), Andoain (1), Lazkao (1), Oñati (4), Soraluce (2), Elgoibar (1), Beasain (1), Ordizia (1), Errenteria (4), Zumarraga (1), Orio (1), Mutirku (2),.

Kanpainarekin bat gin duten dendek bereizgarri bat izango dute. Bonua erositako dendan berean erabili beharko da bonua urtarrilaren 15-a baino lehen.

Oraingo honetan, bi bonu mota egongo dira: bata, euskarazko liburuak, diskoak eta DVDak erosteko, eta, bestea, beste hizkuntzetakoak erosteko. Aldundiak 8.854 bonu jarriko ditu guztira herritarren eskura, horietatik 3.542 euskarazko produktuetarako, eta 5.312 beste hizkuntzetakoetarako; izan ere, aurreko bi urteetan, gaztelaniazko bonuak oso egun gutxitan agortu ziren eta, euskarazkoekin, berriz, arazo gehiago izan ziren.  Gaztelaniazko bonu kopurua handiagoa denez, deskontua pixka bat txikiagoa izango da. Horrela,  bonuaren prezioa 20 euro izango da bi kasuetan, baina euskarazko materialak erosterakoan 12 euroko deskontua egingo da, eta gainerako hizkuntzetakoak erosterakoan, berriz, 8 eurokoa.   

Bonuak salgai egongo dira liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak saltzen dituzten Gipuzkoako dendetan, betiere kanpaina honi atxikitakoetan. “Kanpainarekin bat egin duten saltokiei eskerrak eman nahi dizkiet. Kulturaz gozatzeko nolabaiteko “sukar” kutsakorra sortzen da egun hauetan, eta urte guztira zabaltzea nahiko genuke. Lortu nahi dugu bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea, eta Gipuzkoa osoko hurbileko merkataritza bultzatzea. Halaber, euskarazko eta gaztelaniazko produktuetarako bonuak bereizi ditugu, euskarazko kulturaren kontsumoa bermatzeko. Izan ere, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza ere bultzatu nahi ditugu”, esan du Itxasok.

Ekimen honen helburua da herritarrei laguntzea kultur ondasunak eta produktuak -liburuak, diskoak eta DVDak- eskuratzen, ongizate eta gizarte kohesioaren eredua kulturaren inguruan sendotzen, kultur sektoreko enpresak indartzen, eta eredu kultural jasangarriago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago bat lortzeko bidean aurrera egiten.  Bonuarekin ezingo dira testuliburuak, ikasketa liburuak eta liburu profesionalak erosi.

“Eguberriei begira, kulturarekin gozatzea sustatu, saritu eta fidelizatu nahi da, eta liburu denda eta disko dendek osatzen duten merkataritza eta banaketa sarea indartu eta babestu, izan ere, kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen dute, bizi garen gizarte moderno eta kulturaniztun honi dagokion bezala”  azaldu du Itxasok.

  

3328