Atzealdea

Bultzada berri bat zuzentasunari, kontratazioak arautuko dituen kode etikoa onartuz

Foto Bultzada berri bat zuzentasunari, kontratazioak arautuko dituen kode etikoa onartuz

Bultzada berri bat zuzentasunari, kontratazioak arautuko dituen kode etikoa onartuz

Nahitaez betebeharrekoa izango da Foru Aldundiko kargu politiko eta langileentzat eta enpresa esleipendunentzat

Bultzada berri bat zuzentasunari, kontratazioak arautuko dituen kode etikoa onartuz

Erakundearen Zuzentasun Sistemaren barruan, Foru Aldundiak onartu du kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide Kodea, kontratazio prozesuetako inpartzialtasuna, zuzentasuna eta gardentasunaren kultura zainduko dituena, lehiakortasun handiagoa sustatuz. Kode hori nahitaez bete beharko dute kontratazioetan parte hartzen duten Foru Aldundiko kargu publikoek eta langileek, baita foru erakundeak sustatutako lizitazioetara aurkezten diren enpresek eta esleipendun suertatzen direnek. Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Imanol Lasak, azpimarratu duenez, “hau aurrera pauso bat da gobernantza etiko eta eredugarriaren alde egiten ari garen apustuan, kontratazio prozesuetan interes publikoa bermatuz eta disfuntzioak, eraginkortasunik eza edo iruzurrak saihestuz”.

Kode horrek baldintza desberdinak ezartzen ditu Foru Aldundiaren esleipen prozesuetako fase guztietan parte hartzen duten enpresentzat. Enpresa horiek konpromisoa hartzen dute beste enpresa edo operadore ekonomikoekin akordiorik ez lortzeko lizitazioaren emaitza faltsutu edo manipulatzeko asmoz, akordio horien artean sartzen direlarik kontratuaren prezioa edo beste edozein merkataritza baldintza aldez aurretik zehazteko, edo merkatua banatzeko adostu daitezkeenak. Era berean, ez dituzte aurkeztuko nahita okerrak diren eskaintzak edota merkatuko prezioen edo zehaztapenen aldean diferentzia adierazgarriak dituzten eta legedia betetzen ez dutenak.

Halaber, ezingo dituzte aparteko merkataritza gastu gisa sartu kontratu nagusian aipatzen ez diren edo kontratu nagusi horri erreferentzia egiten dion baliozko kontratu bati ez dagozkion komisioak, benetan egindako zerbitzu bati ez dagozkion komisioak, zerga-paradisu batean ordaindutako komisioak, eta modu argian identifikatuta ez dagoen onuradun bati edota gezurrezko enpresa bat izateko itxura guztiak dituen enpresa edo entitate bati ordaindutako komisioak. Gainera, eskaintzak eta eskaerak aztertu, ebaluatu eta alderatzeko prozesuan Kontratazio Mahaia behartu edo bultzatzeko, Mahaiari isilpeko informazioa aterarazteko edo nolabait eragiteko ahalegin orok ondorio gisa ekarriko du aurkeztutako proposamena baztertzea.

Kontratuaren exekuzioari dagokionez, enpresen ardura izango da hitzartutakoaren arabera gauzatzea, xedearekin, kalitatearekin, prezioarekin edo bestelako elementuekin zerikusia duen abusu oro ekidinez. Kontratua legez aurreikusitako kasuetan bakarrik aldatu ahal izango da, eta irregulartasunak antzematen badira gauzatu ez diren edo kontratatutakoak ez diren lanak, aldaketa adostu gabe, fakturatzean, bidezkoak diren zigorrak ezarriko dira.

Kodeak azpikontratazioari buruzko atal bat jasotzen du, zeinaren arabera kontratua gauzatzen hasi aurretik kontratistak eman beharko duen azpikontratazioei buruzko informazio xehatua (azpikontratatutako zatia, identitatea, harremanetarako datuak, azpikontratistaren legezko ordezkaria edo ordezkariak, azpikontratisten gaitasunaren justifikazioa, eta kontratatzeko debekurik ez izatearen egiaztapena). Gainera, enpresek ezingo dute azpikontratazioa baliatu kolusiozko edo lehiakortasunaren aurkako jarduerak burutzeko.

Lasak jakinarazi duenez, kodean jasotako konpromisoren bat beteko ez balitz, horrek ekarriko luke edo zigor larri bat jartzea, larritasunaren arabera kontratuaren prezioaren (BEZa kanpo) % 10 artekoa izan daitekeena, edo kontratua baliogabetzea, larritasunaren arabera hala egitea komeni bada eta doloa, errua edo zabarkeria egon bada. Horrek ez du eragozten kontratatzeko debekua deklaratzeko espedientea aparte izapidetzeko aukera. Zigor horiek ez dituzte baztertzen edo ordezten legez ezarritako zigor penalak, zibilak, diziplinazkoak edo administratiboak.

Foru langileentzako betekizunak

Kodeak xehetasun osoz arautzen ditu interes gatazkak, prozeduren inpartzialtasuna eta independentzia bermatuz. Hala, Foru Aldundiko kargu publikoek eta langileek uko egin beharko diote interes pertsonalen bat tarteko duten gaietan parte hartzeari, baita betetzen duten postu publikoarekiko interes gatazka eragiteko arriskua sor dezaketen jarduera pribatuak gauzatzeari ere. Kontratazioarekin zerikusia duten langileek Foru Aldundiko lanaz aparte burutzen dituzten lanen edo jarduera ekonomikoen berri eman beharko dute, baldin eta bere ohiko zereginetan interes gatazkaren bat sor badezakete. Kontratazio prozesu batean interesen bat izanez gero, ezingo dute kontratuaren diseinuan parte hartu, ez eta kontratazio mahaian ere, ezta kontratazioaren emaitzan eragin lezakeen inolako baloraziorik egin ere.

Kontratazio mahaiaren osaketa eta kideen identifikazioa baldintza agiriarekin batera argitaratuko dira edo lizitazio iragarkian jasoko dira, kontratazio mahaian betetzen duten kargua eta Foru Aldundian betetzen duten kargua zehaztuz. Uko egingo zaie edozein enpresa edo entitatek, ohiturazko eta kortesiazko usadioetatik haratago, egindako opariei, mesedeei edo abantailazko zerbitzuei, eta debekatuta gelditzen da helbide pertsonala ematea norberaren etxean opariren bat jasotzeko.

Halaber, Foru Aldundiko kargu publikoek eta langileek konpromisoa hartzen dute kontratazio espedienteko datuen konfidentzialtasuna gordetzeko eta kargua dela-eta ezagutu dituzten gaien inguruan diskrezioz jokatzeko. Kontratu publikoetako ordainketetan ere legez ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraitzeko konpromisoa hartzen dute; hala, ez dituzte ordainketa horiek aurreratuko enpresen edo entitateen, edota kargu publikoen zein horien senitartekoen eta hurbilekoen mesedetan, edo hirugarren batzuen interesen kaltetan.

Gainera, kodeak xedatzen du foru langileek gastu publikoaren eraginkortasun printzipioa bermatzeko betebeharra dutela. Horretarako, kontratazioaren premia behar den neurrian erabakiko dute, diru publikoa  bidegabe xahutu ez dadin, eta kontratua benetako beharrei erantzuteko egokia dela bermatuko dute. Printzipio horretan oinarrituta egingo dira beharrezkoak diren kontratazio txostenak. Era berean, foru langileek zainduko dute tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza, lizitazioetan parte hartzen duten enpresen arteko lehia garbia eta eraginkorra bermatuz, denek aukera berdinak izan ditzaten. Helburu horrekin, beharrezkoak diren argitalpenak egingo dituzte, iragarkian edo baldintza agirian modu argi, zehatz eta garbian adieraziz lizitazio prozeduraren baldintza eta modalitate guztiak.  

Etika batzordea  

Foru Aldundiko idazkaritza teknikoen ardura izango da kodean jasotako konpromisoak betetzen direla kontrolatzea; aldiz, Foru Aldundiko Erakundearen Etika Batzordeak erabaki eta ebatziko ditu planteatu daitezkeen gai etikoak, kontsultak, dilemak edo arazoak. Batzordeak zabalduko ditu ematen dituen gomendio, proposamen edo txosten guztiak, baita jasotzen dituen kexak ere, betiere legeak xedatzen duen konfidentzialtasuna errespetatuz. Batzordea 2016an sortu zen Erakundearen Zuzentasun Sistemaren esparruan, eta bost kideetako hiru Foru Aldunditik kanpokoak dira, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko.

Lasak adierazi du betebeharretako asko legean jasota daudela jada, eta Foru Aldundiaren eguneroko jardunean betetzen ari direla.”Alabaina, uste dugu ez dela nahikoa legeak dioena betetzea, eta urrutirago joan behar dela. Horregatik, beharkizun eta balio berriak sartu ditugu, eta xehetasun osoz jaso ditugu, paperean idatzita, kontratazioa bezalako gai garrantzitsu bat modu espezifikoan landuz. Zuzentasunean eta zintzotasunean oinarritutako kudeaketaren aldeko apustua egiten dugu, eta uste dugu kodeak tresna onak direla jarduera egokiak sendotzeko eta erakundearekiko konfiantza indartzeko”.

Zentzu horretan, gogorarazi du iaz beste kode bat onartu zela Foru Aldundiko goi karguentzat, eta laster Aldundiko langile guztiei zuzendutako beste bat onartuko dela. Horrez gain, Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituzten entitateei zuzendutako kode bat prestatzen ari dira. “Ordezkari politikoek eredu izan behar dugu, gure egintzek definitzen baikaituzte; baina, eredugarria eta balioetan oinarritutakoa den Gipuzkoa bat eraikitzea guztion zeregina da, eta, horrexegatik, kudeaketa modu hau zabaltzen jarraituko dugu, kode berrien bitartez”,  gaineratu du foru diputatuak.  

Eranskinak