Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Carlos Abad izango da Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialaren zentro aurreratuko zuzendaria

Carlos Abad izango da Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialaren zentro aurreratuko zuzendaria

ZIUR Fundazioaren sorrerarekin batera ospatu da lehen patronatua eta zuzendari nagusiaz gain, urteko plangintza eta aurrekontua onartu dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia Udalak ZIUR Fundazioaren eraketa gauzatu dute aste honetan, izen bera izango duen Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren oinarria. Fundazioaren patronatuaren lehen bilera egin da gaur eta bertan izan dira bi erakundeetako ordezkariak, tartean Ekonomia Sustapeneko foru diputatu den Ainhoa Aizpuru eta Donostiako Alkate den Eneko Goia. Topaketan, ZIUReko zuzendari nagusiaren izendapena ere onartu da. Honela, Carlos Abad ingeniari donostiar eta zibersegurtasunean adituak datozen egunetan hartuko du proiektua gidatzeko ardura. 
“Gipuzkoako Foru Aldundian lanean ari gara etorkizuneko erronkak orainaldira ekartzen, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, eta zibersegurtasun industriala da horietako bat”, gehitu du diputatuak. “ZIUR-en sorrerarekin nahi duguna da lurraldean azpiegitura bat izatea gure industria ehunaren beharrei erantzungo diena zibersegurtasunaren arloan. Uste dugu beharrezko pausua dela gure ehun industrialaren lehiakortasuna sendotzeko, batez ere fabrikazio aurreratuaren alorrean, eta datozen urteetan arlo honetan emango diren garapenak errazteko. Zibersegurtasuna produkzio-prozesu osoan zehar izan behar da kontuan, eta horretarako garrantzitsua da katebegirik ahulenak identifikatzea, eta segurtasuna hobetzen duten esku-hartzeei ekitea”.
Carlos Abad, Telekomunikazio ingeniaria da, masterra du Zibersegurtasunean, eta ibilbide garrantzitsua eta formakuntza osagarria ere baditu alor honetan. “Oso pertsona garrantzitsua izango da, ZIUR zentroa koordinatzeko eta zuzentzeko ardura izango duena, gure enpresa guztientzako erreminta izatea eta Gipuzkoak zibersegurtasun arloan duen erreferentzialtasuna indartzea”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk. Abadek zuzendaritza postuetan eta proiektu estrategiko berrien garapenean egin du lan, eta beraz esperientzia handia du bi alor hauetan. Azken urteetan, Ikusi enpresan egin du lan. Bertan, segurtasun soluzioen zuzendari izan da, eta baita produktuaren estrategia eta berrikuntza zuzendari ere.
Bost langile izango ditu zentroak, 2018 eta 2019 bitartean osatuko dena, eta eginkizunen artean izango dituzte Zuzendaritza Orokorra, Zuzendaritza Teknikoa, idazkaritza eta bi pertsona lan teknikoen arduran izango dira.
 
Zibersegurtasuneko diru-laguntzak
ZIUR Fundazioaren sorreraz gain, eta zibersegurtasunaren testuinguruan jarraituz, Foru Gobernuaren Kontseiluak 400.000 euroko partida bat onartu du Gipuzkoako enpresa industrialetan zibersegurtasuna sustatzeko diru-laguntzak bultzatzeko helburuarekin. Baita ere, Aizpuruk azpimarratu duen bezala, “zibersegurtasun industrialaren sektorea aktibatuko da horrela, segmentu horretan gaitasunak sortuko dira eta guretzako apustu estrategikoa dena kontsolidatzen lagunduko du”.
Kopuru horretatik, 225.000 euro bideratuko dira lurraldeko enpresetan zibersegurtasuna indartzeko proiektuak finantzatzera, 100.000 euro zibersegurtasunean ikerketa eta garapena bultzatzera, eta 75.000€ zibersegurtasuneko sentsibilizazioa eta trebakuntza sustatzeko proiektuak finantzatzera.
Zibersegurtasun industrialaren alorra hazkunde esponentzialeko fase batean dago, bai negozio zifretan, bai intzidentzietan, eta, gainera, tokiko enpresen posizionamendua nabarmena den sektore bat da. “Horregatik, ZIUR Zibersegurtasun Industrialerako zentro aurreratuaren sorrera eta diru-laguntza hauek Gipuzkoako lehiakortasun industrialaren giltzarria dira, eta beraz, jarduketa erabakigarriei ekin beharra dago, sektore industrialak zibersegurtasunaren arloan duen posizionamendua hobetzeko, enpresa txikiena zein handiena”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk. 
“Modu honetan, gure industria- eta produkzio-ehuna babesten eta dituzten beharrei erantzuten jarraituko dugu, prebentzioan sakonduz eta izan ditzaketen zibererasoei irtenbidea ematen”. Ainhoa Aizpuruk amaitu du esanez: “Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu, zibersegurtasunarena, baita beste apustu eta erronka estrategikoena ere; gizarte osoarekin elkarlanean, lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako gobernantza eskema jarraituz”.

  

2062