Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak kulturaren finantzazio bide berriei buruz eztabaidatu du

Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluak kulturaren finantzazio bide berriei buruz eztabaidatu du

Gaur biltzen da estreinakoz

2016/05/04
  • Itxaso: "Hainbat neurri abiarazi ditugu proiektuak finantzatu eta egiturekiko lehenesteko, eta nahi dugu sortzaileek ebaluatzea neurri horiek.

Gaur arratsaldean, Denis Itxaso Kultura diputatua presidente izan duelarik, estreinakoz bildu da martxoan sortu zen Arteen eta Kulturaren Kontseilua. Kontseiluak gaur, besteak beste, gai honi heldu dio: diru sarrera berriak ekartzen dituzten bideak sortzeko premia, hartara kultura munduaren iraunkortasuna sendotzeko, sortzaileen jarduera sustatzeko eta lurraldeko kultura industriak indartzeko.

Horrela, Mezenasgoaren Lege berria eta META! programa aztertu eta eztabaidatu dituzte. Azken programa hori berriki jarri du Kultura Departamentuak abian, eta xede du banakakoen mikromezenasgoen bidez, eta Administrazioaren laguntzarekin, gizarte zibilak berak abiarazitako kultura jarduerak finantzatzea.

Kontseiluak orobat aztertu ditu Aldundiak ezarri dituen laguntza eta diru laguntza publikoen irizpide berriak, hartara lehentasuna emateko proiektuei egiturekiko.

Lehen bilera honetan, Denis Itxasok planteatu du Gipuzkoak kultura sistema berri bat behar duela, erronka sozial, ekonomiko eta kultural berriei aurre egiteko, eta azaldu du zein den bere departamentuak ezarri nahi duen kultura aldaketarako politika, zeinaren ardatzak baitira iraunkortasuna, partaidetza eta eraldaketa. Kultura arduradunek Kontseiluaren kideei Departamentuaren organigramaren xehetasunaren berri, aurrekontuaren berri eta kultura politika garatzeko ezarri nahi dituzten ildo estrategikoen berri emango diete, haiek ere iritzia eman zezaten eta eztabaidatu zezaten, eta proposamenak eta beste aukera batzuk eman zitzaten.

Arteen Kontseilua martxoan sortu zen, eta sortzaileen eta kultura agenteen bidez Gipuzkoako gizarte ordezkatzen duen organo bat da. Partaidetza eta topaketa gune bat da, baina, batez ere, Gipuzkoan burutzen diren edo burutu beharko liratekeen kultura politiken azterketa, hausnarketa eta eztabaida gune bat. Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten ospe handiko profesionalez osatu dago. Arlo horiek dira, besteak beste, kultura, literatura eta pentsamendua, musika, ikus-entzunezkoen sektorea,  arte eszenikoak, arte garaikidea, kultura digitala eta ondarea. Kontseiluko kide dira Rocío Peña Azpilicueta, Cristina Beloqui, Helena Pimenta, Ainhoa Garmendia, Iñigo Argomaniz, Iñigo Alberdi, Jon Maya, Luisa Etxenike, Fernando Bernues, Juan Aizpitarte, Felipe Juaristi, Lorena Fernández, Miren Aperribay,  Andoni Egaña eta Borja Cobeaga.

Pltaforma honek sorkuntzak dituen erronkei helduko die datozen hilabeteetan, eta Kulturaren difusioari eta kontsumoari ere bai, eta kultura sustatuko duten politikak definituko ditu, Gipuzkoarako aberastasun iturri, jarduera ekonomiko eta enplegu sortzaile den aldetik.          

"Lehen bilera honetan lehen urratsak eman ditugu Gipuzkoako kultura politika definitzeko hurrengo urteei begira. Ezinbestekoa baita kultura politikak birbideratzea, eta horrek arnasketa sakon eta lasai bat behar du. Kontseiluak esperientzia eta irizpide propioa dituzten ahotsak bildu ditugu, ikuspegi desberdin bat emango digutenak. Hausnartu egin behar dugu, premiaz gainera, hiriburuak utziko digun ondareaz eta nola eman edukia Tabakalera eta antzeko azpiegiturei, baliabideak sortzaileengana irits daitezen eta ez daitez egituretan xahutu", azaldu du Itxasok.

Aldundiaren kultura arduradunarentzat, kulturak egun dituen erronkek eskatzen dute kudeaketa irekia eta partekatua izatea, eta bertan mundu horretan lan egiten duten eta ongi ezagutzen duten adituek parte hartzea.  "Lurralde oso aberatsa gara kulturalki, mestizajea ere gero eta handiagoa da, eta nahitaezkoa da tradizio eta formatu propioak sustatzen laguntzen duten politikak lantzea eta azken urteotan abian jarri den irekitze prozesua indartuko duten beste politika batzuekin uztartzea”. 

  

1375