Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna eraikitzea, guztion onuratik abiatuta

Etorkizuna eraikitzea, guztion onuratik abiatuta

Urriaren 22an 'El Diario Vasco' egukarian plazaratutako iritzi artikulua.

2017/10/23
Etorkizuna Eraikiz Kongresua Imanol Lasa

Norvegia, leku on bat da bizitzeko. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen iritziz (ELGA), populazioaren gogobetetasun indizerik handiena duen herrialdea da, eta lehenengo hamarren artean dago NBEk egindako Zoriontasunari buruzko Txostenean. Orobat da herrialderik aberatsen eta kohesionatuenetako bat, errenta oso banatua daukana, eta diferentzia handirik gabea, hezkuntza eta osasun aurreratukoa, eta segurtasuna nahiz egonkortasuna dituena. Ontzat ematen badugu gizarte bat epaitu behar dela kontuan hartuta nola trataten dituen pertsona zaurgarriak eta babesgabeak, bada, hor ere, onik ateratzen da herrialde eskandinaviarra. Norvegiak jakin zuen, XX. mendaren hasieran, petrolioaren eta gasaren maukaz baliatzen, herrialde pobre bat izateari uzteko, eta, demokrazia oparo, sendo eta zintzo bat bihurtzeko.

Datu horiek ikusita, pentsa liteke, bizitza era atsegin batean igarotzen dela han, hodeirik ez dagoela ostertzean, baina hori ez da errealitatea, ezta hurrik eman ere! Henrik Finsrudek hala adierazi zuen Etorkizuna Eraikiz Nazioarteko I. Kongresuan: Norvegiako ereduak iraunkorra izateari utziko dio 15 urte baino lehen. Populazio zahartu batekin, zeinean, hemendik gutxira, bost lagunetik batek 90 urte baino gehiago izango baititu, premiazko erronka batzuei egin behar die aurre: osasun eta pentsio sistema saturatu bat; kanpotik iritsitako pertsonak integratu beharra, gizarte kohesioari eutsiz; produktibitatearen hazkunde eskasa; erregai fosiletatik datozen diru sarreren murrizketa, 2025etik aurrera nabarituko dena; eta beste errealitate batzuk, hala nola depresioa eta eskola-porrota, % 30 inguruan dabilena.

Norvegiak ikuspuntua partekatzen du Gipuzkoarekin: ekonomia sendo bat, aberastasunaren banaketa bermatuko duena, eta gizarte babeseko sistema bat, inor atzean utziko ez duena, baina baita etorkizunarekiko kezka ere. Galdera berdinak egiten dizkiegu gure buruei, baina ez ditugu erantzun guztiak. Hau da errealitatea: aldaketa besarkatzeak esan nahi du konplexutasunean nabigatzeko gauza izatea. Eta erantzukizun hori ez dagokie, antzina ez bezala, eragile publiko bakan batzuei, gu guztioi baizik.

Paradoxikoki, bilakabide horren aurreko ziurgabetasuna are handiagoa da gizarte ongizate maila handiagoa dugun gizarteotan. Halako zorabio bat eragiten digu pentsatzeak nola lan egingo dugun, nola zahartuko garen, nola defendatuko ditugun gure kultura eta hizkuntza, nola eutsi behar diegun, azken batean, gure nagusiek hainbeste kostata irabazi zituzten ongizate mailei. Naturaltasunez eta erreparorik gabe onartu behar dugu hori, nahitaezko proiekzio-ariketa kolektibo bat delako. Maiz entzuten dugu hau izango dela lehen belaunaldia bere gurasoena baino okerrago biziko dena. Urrundu behar dugu irakurketa ezkorretatik, baina begien bistakoa da gure seme-alabei utziko diegun mundua gaur egungoaren oso bestelakoa izango dela, eta, egia esateko, ez du inolako zerikusirik izango orain dela hamarraldi batzuetako munduarekin.

Uste dut Gipuzkoako Foru Aldundiak ausardia izan duela erronka horri aurre egiteko, eta hori mahai gainean jartzeko, agenda politiko berri baten bitartez. Hori egiterakoan, abiapuntutzat hartu ditu ondradutasuna eta bere mugen aitorpena, jakitun izanik erakunde publikoen eragiteko gaitasuna urria dela, baita bere baliabideak ere. Orobat daki zer-nolako gabeziak gainditu behar ditugun sistema demokratikook herrialde industrializatuetan: ordezkari politikoenganako hoztasuna; gizartearekin interakzioan jarduteko zailtasuna, gazteekin, bereziki; partitokrazia; administrazio publikoen gehiegizko inertzia; eta hauteskunde denboren konfigurazioa, oztopatzen baitute epe luzeko irtenbide partekatuak aplikatzea.

Sinetsita gaude irtenbideak pasatzen direla gobernantza berri batetik, zeina gai izango baita baldintzak sortzeko, inplikazio handiagoa izan dezaten bai herritarrek bai eragile sozial eta ekonomikoek, berekin ekarriz benetako eta luzaroko aldaketak. Hori da Etorkizuna Eraikiz: espazio bat hausnarketarako eta elkarlaneko esperimentaziorako, ekintzara bideratua, bide emango diena ez ideiei edo desirei, baizik eta proiektu eta praktika arrakastatsuei, zeintzuek sistema publikoa “kutsatuko” baitute, arlo hauei lotuta: enplegua, ekonomia, gizarte politikak, kontziliazioa eta kultura. Ahaleginak egin ditugu identifikatzeko zeinek trakzionatzen duten etorkizuna gure enpresetan edo lurraldeko 4.500 bat boluntario-elkarteetan, espazio publikoarekin loturarik izan gabe, horiek ilusioz betetako proiektu bati batuz: Gipuzkoaren etorkizuna denon artean sortzea. 

Jada milaka pertsona gara Etorkizuna Eraikiz ekimeneko proiektu pilotuetan parte hartzen ari garenak, diziplina anitzeko taldeetan. Elkartzen ari gara hainbat pertsona, ezagutzen ez dituzten erreminta berriekin normalean elkarrekin lan egingo ez luketenak. Esperientzia horiek erritmo desberdinetan eboluzionatzen dute, asko kostatzen delako inertziak haustea, baina denak onuragarriak izango dira, baita atarramentu onik ez dutenak ere, baliagarriak izango direlako zerk funtzionatzen ez duen jakiteko. Hor ere aldatu behar dugu porrotaren aurrean dugun pentsamoldea, erresilienteak izan, eta beste kultura batzuetatik ikasi, zeintzuetan proiektu hutseginak harrotasunez aipatzen baitira curriculumean. Lan espazio horiek konfiantzako espazio izan behar dute, eta horretarako, blindatu egin behar ditugu.

Hitz batez, abian jarri dugu metodo bat, elkarlanean aritzeko, modu dinamiko batean, ezin konta ahalako eragileekin, politika publikoen diseinuan; hori ez dugu ikusi behar ordezkaritzako demokraziaren zatikatze edo ahultze modura, alderantziz baizik: XXI. mendeko gobernantza baten ezaugarri nagusia da, erantzungo diena gizarte eta mundu batzuen beharrei, zeintzuk gero eta konplexuagoak baitira eta etengabeko bilakaeran ari baitira. Eta, batez ere, hori oinarri gisa hartuta, desberdintasuna murrizten jarraitzeko, zeina lortzen ari baita Gipuzkoa, krisiaren ondoren, desberdintasuna Espainiako batez bestekoaren oso azpitik kokatuz, eta Europakoaren azpitik, ia herrialde nordikoen mailan –hala frogatzen du GINI indizeak–. Izan ere, guztion onuraren alde apustu egiten duen gizarte bat, non populazioak antzeko bizitzak bizi dituen eta ongizatearen sistemari etekin berdina ateratzen dion, gizarte zoriontsu bat da. Hemen, Norvegian eta mundu osoan.

  

1384