Atzealdea

Aldundiak eta Donostiako Udalak liburutegien konbergentziarekin jarraitzea adostu dute

Foto Aldundiak eta Donostiako Udalak liburutegien konbergentziarekin jarraitzea adostu dute

Aldundiak eta Donostiako Udalak liburutegien konbergentziarekin jarraitzea adostu dute

Liburutegi zerbitzuak koordinatu, sustatu eta hobetu nahi dira.

Aldundiak eta Donostiako Udalak liburutegien konbergentziarekin jarraitzea adostu dute

Kulturako diputatu Denis Itsasok eta Donostiako Udaleko Kulturako zinegotzi Miren Azkaratek bi erakundeen arteko lankidetza akordioa aurkeztu dute Koldo Mitxelena liburutegia eta Donostiako Liburutegi Nagusia elkartzeko.  

Akordio horren bitartez, liburutegi zerbitzuak koordinatu, sustatu eta hobetu nahi dira. “Zerbitzuen konbergentzia egingo da eta konbergentzia fisikoa atzeratuko da", esan dute bi arduradunek.

Bi erakundeetako liburutegi-ekipamenduek tradizioa, funtsen bolumen handia eta herritarren onarpena eta aitorpena dituzte. Bi erakundeetako arduradun teknikoek, Jordi Permanyer aholkulariaren laguntzarekin, bi liburutegien egoerari buruzko azterketa sakona egin dute 2016ko irailetik 2017aren hasierara arte. Azterketa horrek datu hauek erakusten ditu: gehitu egin da zerbitzu publikoen erabilera, neurri handi batean egoera ekonomikoak eraginda; gehitu egin da lan merkaturako prestakuntza beharra eta baita ezagutza eguneratzeko beharra ere; gehitu egin da zerbitzu publikoak hobetzeko eskaera herritarren aldetik; zailtasunak daude etorkinen populazioaren sektore batzuetara iristeko; asko erabiltzen dira internet eta wi-fi; eta zerbitzuen balorazio positiboa egin da.

 

“Bi erakundeen antolakuntza-egiturak konplexuak dira eta, orain arte egindako analisiaren ondorioz esan daiteke oso zaila izango litzatekeela, gutxienez epe motzera, ekipamendu bakar batean egitura horiek berrantolatzea. Halaber, bi liburutegietako zerbitzu elkartuak egungo KM zentroan integratzeko espazioa beharrek gainditu egiten dute zentroan erabilgarri dagoen azalera ”, esan du Itxasok.

 

Nahiz eta zailtasun eta arazo ugari izan, bi erakundeen iritziz, aukera hau paregabea da hiriko liburutegien antolakuntzan jauzi kualitatibo garrantzitsua emateko, eta, halaber, beharrezkotzat jotzen dute baliabideak optimizatzea; izan ere, nahiz eta baliabide horiek modu eraginkorrean erabili gaur egun, hobetzeko aukera dago zerbitzuen bikoizketa saihestuta.   Aldi berean, optimizazio horrek aukera emango luke zerbitzu berriak ezartzeko eta, ondorioz, herritarren behar eta eskaerei hobeto erantzuteko.

 

Testuinguru honetan, zerbitzu jakin batzuen konbergentziarekin hasiko da eta bi liburutegi-ekipamenduen arteko koordinazio formulak aztertuko dira, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren eta Donostiako Liburutegi Nagusiaren artekoak, hain zuzen. Horrek esan nahi du bi entitate horietako zerbitzuak berrantolatu behar direla, baina bakoitzaren instalazio propioak mantenduko direla, betiere koordinazioa bilatuta erosketa politikan, jardueretan, eta programa informatikoan.

 

Bi erakundeek uste dute sei hilabeteko epean zehaztu ahal izango direla liburutegi bakoitzak bere gain hartuko dituen zerbitzuak eta horretarako erabiliko dituen giza baliabideak eta bitarteko ekonomikoak. Halaber, helburuak, ibilbidea eta kronologia ezarriko dira.

 

Koldo Mitxelenari dagokionez, egun kokatuta dagoen eraikinak 23 urte ditu eta mantentze lanak egiteko behar handia. Bai bertara iristeko dauden arazoek, bai espazioen zurruntasunak eta konpartimentazioak asko zailtzen dute erabiltzaileen zirkulazio egokia.   Leku gutxi dago ondare funtsa gordetzeko, eta, ondorioz, sakabanatuta dago liburutegiko bertako geletan eta liburutegitik kanpo dauden hainbat gordailutan.  Ondare funts horrez gain –bilduma partikular itxiak eta balio handiko agiriak-, gordailu funts bat ere badago, argitalpen datarengatik, alearen ezaugarriengatik, formatuarengatik eta abarrengatik   zuzenean hartzekoak ez diren obrak gordetzen dituena. Beraz, Aldundiak erabaki du bilduma mantentzeko eta garatzeko politika egoki bat sustatzea, funts horien kudeaketa eta kontserbazioa bermatuko dituena, hain zuzen.

 

Kulturako diputatu Denis Itxasok bere gain hartu du liburutegia birgaitzeko eta berritzeko obrak 2018an hasteko konpromisoa. Aurreikuspenen arabera, esku-hartzeak 6 milioi euro inguruko kostua izango du eta lanak gauzatzeko epea hiru urtekoa izango da, gutxi gorabehera.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusia da kulturuneko funtzioak eta zerbitzuak lekuz aldatzea, ordutegia luzatzea, programa eta jarduera intentsiboagoak eskaintzea, eta arreta handiz zabaltzea eta sustatzea ondareen bilduma bibliografikoak; aldi berean, lurralde osora eramateko moduko programazioa sortu nahi da, bereziki pentsamendua, hausnarketa kritikoa eta alderdi sozial desberdinen inguruko eztabaida sustatzeko baliagarri izango dena.

 

Datozen asteetan, Foru Aldundiko Kultura Departamentuak lehiaketara aterako du Koldo Mitxelena zentroa erabat berritzeko proiektuaren idazketa, eta 2018. urtearen erdialdian obrak hasi bezain azkar, Departamentuko funtzionarioak beste gela batzuetara aldatuko dira, orain arte okupatu dituzten espazioak berritu egingo direlako eta, obra bukatu ondoren, jendearentzat irekiko direlako.