Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 200 egile berrik parte hartu dute Kultur Dealers-en bigarren edizioan 300 mikrokontakizunekin

200 egile berrik parte hartu dute Kultur Dealers-en bigarren edizioan 300 mikrokontakizunekin

Irailera arte 12 makina banatzaile egongo dira Gipuzkoako 24 puntutan

2017/07/03

Itxaso: “Ikusgarritasuna eman nahi diegu pertsona sortzaileei, eta kultura sortu nahi dugu ezohiko lekuetan”.

Denis Itxaso Kulturako diputatuak esan duenez, Kultur Dealers-en bigarren edizioan 200 egile baino gehiagok hartu dute parte eta 300 mikrokontakizun aurkeztu dituzte. 83 testu izan dira hautatuak, 60 gaztelaniaz eta 23 euskaraz.

Foru Aldundiko Kultura Sailak sustatutako ekimena da Kultur Dealers, eta herritarren artean sorkuntza eta pentsamendu gune bat zabaltzea du helburu, kalean presentzia eta ikusgaitasuna emanda.

Testuak, lehendabizi, epaimahai amateur batek hautatu ditu, hainbat idazketa lantegietan parte hartzen duten 5 pertsonaz osatutakoak, eta, ondoren, Asier Serrano, Ana Malagon, Eider Rodríguez eta Juan Velázquezek osatutako epaimahai profesional batek. Jasotako kalifikazioak kontuan hartuta, badirudi aurten kalitate orokorrak gora egin duela. 4 hizkuntzatan idatzitako mikrokontakizunak egongo dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Mikrokontakizun gehienak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta horien artean aukeratutako batzuk ingelesera eta frantsesera itzuliko dira.

Prentsaurrekoan liburu-saltzaileen gremioko presidente Andoni Arantzegik hartu du parte. Bera izan da “Pentsamendua” ataleko 68 testuak hautatzeaz arduratu dena, eta horretarako 15 liburu dendarekin eta Merkataritza Federazioarekin aritu da elkarlanean. Andoni Arantzegik azaldu du hautatutako testuak autore askorenak eta gai askoren ingurukoak direla: filosofia, eleberriak, saiakerak, historikoak, etab.

Prentsaurrekoan Slawka Grabowska eta Juan Fernández ere izan dira. Grabowskak literatura hizketaldi bat zuzentzen du ingelesez; horrez gain, blogaria eta literaturaren inguruko jarduera antolatzailea da, eta Gipuzkoako idazketa lantegietatik etorritakoek eta idazle profesionalek osatu duten epaimahaiaren parte izan da.  Juan Fernández idazlea da, eta epaimahai profesionalaren parte izan da.

Makina banatzaile batzuen bidez banatuko dira hautatutako mikrokontakizun eta pentsamendu testuak, ostiral honetatik aurrera eta uztaila, abuztua eta irailean zehar.  Edizio honetan 12 makina egongo dira, eta ez 6. Horrek Gipuzkoako geografia osoko puntu gehiagotara iristea ahalbidetuko du. Makina guztien artetik zortzik kanpo-diseinu berria dute, eta denek inprimatze sistema berri bat dute. Sistema berriak aukera emango du kontakizuna azkarrago eta fidagarritasun gehiagorekin eskuratzeko, baita makinen erabilera masiboak lehen edizioan sortu zituen arazoak konpontzea ere.

Abuztu erdira arte luzatuko den lehen fasean makinak jende ugari dagoen zonaldeetan jarriko dira, eta, ondoren, lurraldeko zenbait puntutan txandakatuko dira. 20 kokaleku baina gehiagotan jarriko dira makinak.  Lehen fase horretan Azpeitian Irritxiki Ludotekan, Deban Euskotrenen, Donostian Donostia Geltokian eta Altzako Euskotrenen, Errenterian Galtzalaborda Kiroldegian, Getarian Balenciaga museoan, Irunen Oiasso museoan, Orion Euskotren geltokian, Tolosan TOPICen, Zarautzen Merkatu plazan eta Zumaian Alondegia Kultur Etxean jarriko dira makinak. Gainera beste makina bat ere egongo da Kutxa Kultur Festibalean.

Testuak eskuragarri egongo dira www.kulturdealers.com webgunean ere, bertan bigarren fasean makinak non aurkitu ditzakegun azalduko da, eta edukia sare sozialen bidez partekatzeko aukera eskainiko da.

Testua aukeratzeko orduan, makinek bi aukera eskainiko dizkiote erabiltzaileari: “Fikzioa" eta "Pentsamendua”. Testu guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez izango dira. Testuetako batzuk ausaz izan dira itzuliak. “Fikzioa" atalerako ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu zitzaien egile berriei, eta beren jatorrizko sorkuntzak, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak www.kulturdealers.com webgunearen bidez bidaltzeko aukera eskaini zitzaien. Parte hartzeko baldintza bakarra testuek (gaia librea) gehienez 2.000 karaktere edukitzea zen.

Slawka Grabowskaren ustez, edizio berri honetako parte-hartzaile kopurua altua izan da, kontuan edukita, gainera, baimendutako karaktere muga. "Horrek frogatzen du irakurleengana iristeko eta idazle berriek argiratu ahal izateko modu berriak abiarazteko beharra dagoela" Gravowskak espero du hautaketa gustukoa izango dela eta ekimenak espiritu sortzailea sustatuko duela.

“Pentsamendua” deituriko aukeraren barnean, makinek dagoeneko publikatuak izan diren testuak bilduko dituzte: aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak eta abar.

“Kultura Sailean alor guztietako sortzaileak eduki ditugu kontuan, eta haien lana errazten eta ikusgarritasuna ematen saiatu nahi dugu. Sortzaile ugari dugu gure lurraldean, eta batzuetan behar duten bakarra bultzadatxo txiki bat besterik ez da izaten. Ekimen honekin espiritu sortzailea indartu nahi dugu, ez bakarrik profesionalena, baizik eta pertsona guztiena, eta kultura ezohiko lekuetan eskaini", esan du Itxasok.

Ekimen honek, sorkuntza literario gisa baliatzeko gune izatez gain, irakurketa kluben, idazketa lantegien, liburutegien, kultur etxeen, blogarien eta abarren lana ezagutarazi eta aitortzea du helburu.  Lantegi horiek sorkuntzaren eta irakurketaren alde egiten duten lana aitortu du Itxasok, eta liburu-saltzaileen gremioari eta Merkataritza Federazioari eskerrak eman dizkie beren lankidetzagatik eta proiektu honetan izan duten inplikazioagatik. Jasotako erantzunarekin eta ekimenean parte hartzera ausartu den pertsona kopuruarekin pozik dagoela adierazi du Kulturako diputatuak. 

  

1240