Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Debarren ideiak eta proposamenak jaso ditu Aldundiak

Debarren ideiak eta proposamenak jaso ditu Aldundiak

Lehen sektoreko emakumeekin batzartu ziren atzo Imanol Lasa diputatua eta Miren Elgarresta zuzendaria

2018/04/26
Debarren ideiak eta proposamenak jaso ditu Aldundiak

Gaurtik hasita eta ekainaren 30era bitarte, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimenaren bitartez. Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak, zein etorkizuneko kezkak jasotzea du helburu Aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten. Nabarmen indartuta hasi du bere ibilbidea prozesuak: iraupena luzatu da –hiru hilabete-, eta baita irismena ere. Izan ere, aurreneko aldiz Aldundia aurrez aurre iritsiko da lurraldeko 89 udalerrietara, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak “pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko asmoarekin.

Debaren txanda izan zen atzokoan. Karpa jarri zuen du Aldundiak herrian, Foruen plazan. Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiak parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Ordutegi jarraian egongo zen zabalik, eta herritar asko gerturatu ziren ekarpenak egitera.

Gainera, topaketa agenda estua prestatu da aurten ere. Horren baitan, Lasak eta Joseba Muxikako Herritarren Partaidetzako zuzendariak, ikasleen, adinekoen, ekintzaileen, enpresen, eta hainbat arlotako eragile eta ordezkarien ekarpenak entzungo dituzte: kultura, kirola, boluntariotza edo gizarte politika. 

Agenda horren barruan, Lasak eta Miren Elgarresta Berdintasuneko zuzendariak topaketa egin zuten atzo Agirre Jauregian lehen sektorean lan egiten duten emakumeekin eta Hitzez Baserritarren Elkarteko ordezkariekin. Parte-hartze aktiboa eduki zuten topaketan, eta foru ordezkariei hainbat ekarpen eta hausnarketa helarazi zizkieten honelako gaien inguruan: nekazal ustiapenei lotutako tramiteak erraztea, tokiko produktuen promozioa eta merkaturatzea, belaunaldi erreleboa lehen sektorean, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa, enplegua, zenbait errepide eta Debaren irisgarritasuna hobetzeko beharra, lurralde oreka, edota turismoaren jasangarritasuna.

Eskaera horiek guztiak aintzat hartuko dituztela adierazi zuen Lasak, gaineratuz erronka horietako batzuk esperimentazioaren eta gizarte antolatuarekiko elkarlanaren bitartez lantzen ari dela Foru Aldundia, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez. “Aurrekontu irekien dinamikari ekin genionetik ahalegin berezia egiten ari gara Aldundiaren jarduera hainbat kolektibori gerturatzeko, gure apustuak gardentasunez azaltzeko, eta baita beraien kezka, kritika eta eskaerak jasotzeko ere. Oso bilera aberasgarriak izaten ari dira, eta haien erantzuna eskertu besterik ezin dut egin”, nabarmendu du Lasak. 

Karpara joateko aukerarik eduki ez zutenek ere, ekainaren 30era bitarte parte hartu ahal izango dute. 16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta udal erregistroan, edo Donostiako Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatuz. Guztira 310.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Doan bidal dezakete frankeo ordainduaz, banatu den gutunazala erabilita.  

Arretarako eta partaidetzarako, aurrez aurreko kanalak eta birtualak uztartuko ditu prozesuak aurten ere, gipuzkoar biztanlegoaren estratu guztietara iritsi ahal izateko. Hala, hasieran aipatutako epe berean, internet bidez parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Plataforma berritu da partaidetza errazteko eta kanal horren erabilera sustatzeko. Proposamenak helarazteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren zehaztu ahal izango da.  

Kontu ematearen aldeko apustuari jarraituz, ekarpen horiek guztiak departamentu bakoitzeko teknikariek osatutako memoria batean jaso dira, arrazoitzen duena zeintzuk onartu ziren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Memoria hori aurretik aipatutako partaidetzako webgunean kontsulta daiteke. Gainera, parte hartu duten herritar guztiek erantzun pertsonalizatua jaso dute, eta onartuak izan diren eskaerak egin dituztenak, nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dute. “Herritarrek ez digute eskatzen entzutea soilik. Erantzuna nahi dute, argudioekin eta baita beraien iradokizunak nola txertatzen diren ebaluatu ahal izatea ere. Konpromiso hori hartu dugu eta betetzen jarraitzea da gure asmoa”.

  

1290