Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak Pasaia biziberritzeko urrats garrantzitsua eman du, Portuko Plan Bereziaren Berrikuspena behin-behinekoz onartzearekin

Foru Aldundiak Pasaia biziberritzeko urrats garrantzitsua eman du, Portuko Plan Bereziaren Berrikuspena behin-behinekoz onartzearekin

Departamentuak aurreikusten du behin betiko onarpena 2017ko martxorako edo apirilerako iritsi daitekeela.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak adierazi du: “aurreikusitako izapideak eta epeak betetzen ari gara, eta 2017 urte erabakigarria izango da, Plan Bereziari lotutako lehenengo biziberritze lanei ekingo baitzaie Pasaian”.

Uztailean jendaurreko informazio prozesua egin zen, eta haren bidez  udalen, erakunde politiko eta sozialen eta partikularren ekarpenak eta hainbat organismo publikoren derrigorrezko txostenak bildu ziren. Prozesu hori amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Portuko Plan Bereziaren Berrikuspena izapidetzeaz arduratzen denak, urrats garrantzitsua eman du prozesu honetan: gaur goizean sinatu du  Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak berrikuspen agiriaren behin-behineko onespena.

Marisol Garmendiaren hitzetan: "Gipuzkoako Foru Aldunditik urrats sendoak ematen ari gara EAJ-PSE-EE koalizio gobernuak Pasaiaren eta Pasaialdearen biziberritze integralaren alde egin duen apustu estrategikoan aurrera egiteko.  Konpromiso politiko bat dugu, herritarrekin hartutako konpromiso bat: portuaren eta hiriaren arteko bizikidetza espazio publikoak berreskuratuko ditugu, Pasaiako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko, baina baita enplegu eta lanpostu berriak sortzeko, negozio berriak aktibatuz, enpresak erakarriz, ekipamendu sozial aurreratuenak ezarriz, turismoa sustatuz eta proiektu kulturalak bideratuz. Badakigu 2017 urte erabakigarria izango dela Pasaiarentzat, hiria biziberritzeko obra oso garrantzitsuei ekingo baitzaie, hala nola Herrera eta Trintxerpe lotuko dituen oinezkoentzako bidea”.

Plan Bereziaren Berrikuspena behin-behineko izaeraz onetsi da gaur, eta hemendik aurrera hirigintza agiri hori hainbat organori bidali behar die Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak: Portu Agintaritzari, onetsi diren alegazioekin testu bat idatzi dezan; ingurumen organoari, dagozkion ingurumen deklarazioak egin ditzan; eta Estatuko beste organismo eskumendunei. Organismo horiek bi hilabeteko epea izango dute txostenak egiteko. Beraz, aurreikusten da izapidetzeari amaiera emango dion behin betiko onespena 2017ko udaberriak iritsi daitekeela.

Prozesu hori amaituta, hiriarekin muga egiten duen portu eremua biziberritzeko proiektu eta jarduketak abian jartzea ahalbidetuko duen hirigintza agiria edukiko dugu. 11 hektarea inguruko espazio hori herritarrentzat biziberrituko da: pasealekuak, plaza publikoak eta ekipamendu berriak, sozialak, hirugarren sektorekoak eta enpresarialak. 

Horri dagokionez, eta hirigintza agiri hau izapidetzen ari den bitartean, Marisol Garmendia sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua lantzen ari da jada Ospitaletxoko kaian egingo diren jarduketak, bertan lurpeko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusten baita. Diputatuak esan duenez, “hainbat lan aurreratzen ari gara: aparkalekuaren bideragarritasun azterketa, obren ezaugarri tekniko eta arkitektonikoak, lurzoru kutsatuen azterketak, espazio libreen erabilerak, eta abar. Bai Gipuzkoako Foru Aldundia, bai Eusko Jaurlaritza, Portu Agintaritza eta Pasaiako Udala, inguruko beste udalekin batera, Oarsoaldeako agentzia eta Pasaialdeako eragile ekonomiko eta sozialak elkarrekin lanean ari gara, biziberritze integraleko proiektu hau aurrera ateratzeko, konplexua eta luzea baita, baina 2017an gauzatzen hasiko gara."

 

 

  

1523