Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak abiarazitako Ekonomia Suspertzeko Plana ia 3.000 enpresengana iritsi da lehenengo urtean

Aldundiak abiarazitako Ekonomia Suspertzeko Plana ia 3.000 enpresengana iritsi da lehenengo urtean

Aurten martxan jarritako programen balantze baikorra egin du Markel Olano diputatu nagusiak eta, “ekonomia susperraldiaren gurpilak biraka jarrai dezan”, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du

Prentsaurrekoa

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundiak aurten abiarazitako Ekonomia Suspertzeko Planaren balantze positiboa egin du gaur, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpururekin batera egindako prentsaurrekoan. Aurten abiatutako lerroak eta estrategiak “bide onean lerrokatuak” egon direla adierazi du diputatu nagusiak, “enpresak erdigunean jarri” eta hauen lehiakortasuna areagotzeko “estrategikoak diren gaietan” aurrera egiteko programak jarri baitira martxan.

Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planak 200 milioiko inbertsioa aurreikusten du 2019ra arte, lurraldeko ekonomia, enplegua eta ongizatea bultzatzea helburu. Lau arlotan banatuta –industria, lehen sektorea, gizarteratzea eta kultura eta turismoa – 2016eko atalean dagoeneko 50 milioi aktibatu dira eta, horiei esker, gutxienez 2.888 enpresa eta zentrok babesa jaso dute lehiakortasunean sakontzeko. Gainera, Olanok azaldu duenez, 419 enpresa berriren sorrera bultzatu du plangintzak eta, foru erakundearen estimazioen arabera, 1.860 lanposturen sorrera bultzatu du zuzenenean eta zeharka.

2017an ere “Ekonomia susperraldiaren gurpilak biraka jarrai dezan” lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du diputatu nagusiak. “Susperraldia eremu guztietara eta bultzada handiena behar duten pertsonengana ere iritsi dadin egindako lana azpimarratu nahi dugu: gazteak, behar bereziak edo desgaitasuna duten pertsonak, proiektu berri bati ekin nahi diotenak, esate baterako”, laburbildu du.

Lurraldeko ekonomiaren testuinguruari dagokionez, diputatu nagusiaren ustez “zantzu positiboak” gailentzen ari dira azken hilabeteotan. Langabezia tasa %10etik behera kokatu da, Eustatek hil honetan zabaldutako datuen arabera, enpresa kopuruak hazkunde joerari eusten dio eta Barne Produktu Gordinak ere gora egiten jarraitzen du, Olanok xehatu duenez. Egoera honen aurrean “zuhurtzia” eskatu du hala ere, “ziurgabetasunak ere badirelako”, eta beste behin ekonomiaren arloko eragileekin elkarlanean jarraitzeko deia egin du. 

“Balantze honek bide onean goazela erakusten digu. Ekonomia susperraldia finkatzeko lan konpartitu horretan gure eskuetan dagoen guztia egiten jarraituko dugu, enpresekin elkarlanean eta lurraldeko ekonomiaren mesedetan apustu berri eta berritzaileak eginez”, laburbildu du Olanok.

Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan lurraldeak hiru apustu estrategikotan sakontzeko neurriak martxan jarriko ditu datorren urtean: mugikortasun jasangarria eta energia biltegiratzea, fabrikazio aurreratua eta biozientziak.

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, industriaren arloan martxan jarritako neurri eta programen inguruko balorazioa egin du. Hasteko, Berrikuntzaren arloan Ekonomia Suspertzeko Planak izandako “inpaktu positiboa” azpimarratu du. Adibide gisa, besteak beste, “27 enpresa txiki eta ertainek fabrikazio aurreratuko makineria erosi ahal izan dute, hain zuzen ere enpresa hauen desafio nagusietako bat 4.0 Industriara salto egitea den testuinguru honetan. 

Hori dela eta, Aizpuruk aurreratu duenez, datorren urtean Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan jasotako ekintzetan “leku berezia” izango du fabrikazio aurreratuak; “Enpresa txiki eta ertainek 4.0 industriara egokitzeko egin behar duten bidea errazteko programa berezia eta berria jarriko dugu abian, alor honetan Gipuzkoan ditugun enpresa aurreratuenekin lankidetzan”, jakinarazi du diputatuak.

Ekintzailetzaren arloan, berriz diputatuak jakinarazi du 2016an industria eta merkataritzaren arloan 419 enpresa proiektu martxan jartzen lagundu duela Ekonomia Suspertzeko Planak, horietatik 147 emakumeek bultzatutako egitasmoak. “Horien artean oinarri teknologikoa duten 40 proiekturi babesa eman dio Foru Aldundiak, eta aipatzekoa da ekimen horiek duten balio erantsia”, gogoratu du Aizpuruk. Enpresa barruan bultzatutako 31 proiektu ekintzaile sustatu dira, baita ere.

Ekonomia Sustapeneko diputatuak nabarmendu nahi izan du, aldi berean, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan aurten martxan jarritako finantziazio tresna berria. Elkargi eta Oinarri elkarteekin –elkarrekiko berme elkarteak– lortutako akordioaren bitartez, lurraldeko enpresei finantzaketa erraztea dugu helburu, jarduera-esparru hauekin zerikusia duten proiektuetarako: berrindustrializazioa eta enpresa-eraldaketa, internazionalizazioa, langileen partaidetza, eta enpresa-proiektu berriak merkaturatzea. Lankidetza horrek kreditua ahalbidetuko die Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei; “gisa honetako tresnak abiarazteak bere denbora eskatzen badu ere”, dagoeneko proiektu batzuei bultzada ematen ari zaiela jakinarazi du.

Datorren urtera begira, berriz, Ainhoa Aizpuruk azpimarratu duenez, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan lurraldeak “hiru apustu estrategikotan sakontzeko” neurriak jasoko ditu. Mugikortasun jasangarria eta energia biltegiratzea, fabrikazio aurreratua eta biozientzien arloan lurralde osorako estrategia bateratu eta sendoa aurkeztuko du Foru Aldundiak. “Hiru alor horietan, gure produkzio ehunaren ezaugarriak eta ikerkuntza zentroen lana kontuan izanda, Gipuzkoa erreferente bilakatu dadin ekintza konkretuak martxan jarriko ditugu”, adierazi du. 

  

5400