Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkarteen diru laguntza deialdia zabalduko da gizarte inklusioa indartzen jarraitzeko

Elkarteen diru laguntza deialdia zabalduko da gizarte inklusioa indartzen jarraitzeko

2017ko deialdira 200.000 euro gehigarri bideratuko ditu Foru Aldundiak irizpideak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun ahal izateko

2017/07/11

Gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen aurtengo deialdia indartzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Otsailean egin zen deialdia, 850.000 euroko kopuruarekin, eta beste 200.000 euro bideratzea erabaki da, gizarte esku hartzeko programetara, eta prebentzioa eta sentsibilizaziora. Elkarteek egindako eskaera kopuruari erantzutea da asmoa, Elkar-Ekin programaren baitan egindako deialdiaren aurrean, “proiektu asko eta onak” aurkeztu baitira irizpideak betetzen dituztenak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuaren arabera.

Zehaztu duenez, babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duten elkarteen jarduna bultzatzea dute helburu dirulaguntzok: mendekotasuna edota desgaitasuna, babesik gabeko adin txikikoak, adinekoak, eta indarkeria matxistaren biktimak. Gizarteratze, familia edo boluntariotza arloetan lan egiten duten entitateak ere dira onuradun. 2016an, deialdi honen bidez, 240 programa jarri ziren martxan, Gipuzkoako 95 elkarteren eskutik. Aurten, ordea, Aldundiak dei egin zien elkarteei bazterkeria egoeran edo bazterkeria arriskuan daudenen gizarteratzeari lotutako programak aurkezteko, eta erantzuna “oso ona” izan da. Hala, iaz baino 40 programa gehiago garatzea aurreikusten da. Guztien finantziazioa bermatuko da gaurko neurriarekin.

Gizarte inklusioari lotutako proiektuei eman nahi zaie lehentasuna, Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea izan dadin Aldundia egiten ari den ahaleginari jarraiki:  “Argi daukagu enplegua dela pertsonen gizarteratzeko tresnarik onena, eta justizia sozialaren oinarria, bizi proiektu duin eta autonomo bat izateko ateak irekitzen dituena. Inklusioaren agenda aktibatzen ari gara”. Hala, Elkar-Ekin programaren bidez,  bazterketa egoeran dauden pertsonen artetik 242 pertsonak (141 emakume eta 94 gizon) lana aurkitu dute azken urtean. 2017ko lehen hiru hilekoan, Gizarte Politika Departamentuko enplegu planetan parte hartu duten parte hartzaileei dagokienez, 925 izan ziren, horietatik 367 gizonezko eta 558 emakumezko.

Pobrezia puntu eta erdi jaitsi da Gipuzkoan 2014. urteari dagokionez, eta orain % 5,1ean dago. Horrek esan nahi du 11.200 pertsona pobreziatik atera direla, baina Peñak ohartarazi duenez, lanean jarraitu beharra dago pobreziako egoera larriak edo bazterketa egoerak kronifikatzen ari direlako. Ildo horretan, eta gaurko neurriaren harira, derrigorrezkotzat jo du hirugarren sektorea osatzen duten gizarte ekimeneko entitate eta elkarteekiko elkarlanean sakontzea, giza-babeserako sistema indartzeko: “Haien gertutasunagatik, askotan gu iristen ez garen tokira iristen direlako, kaleko errealitatea eta behar zehatzak ezagutzen dituztelako… haien lana oso garrantzitsua da eta zaindu egin behar ditugu”.

Aldundiak elkarlanerako hitzarmen finkoak dauzka Gipuzkoako 50 elkarterekin, eta beste 120 baino gehiagora iristen da diru laguntzen bitartez, horietako asko tamaina txikikoak.

Baserri bideak berrituko dira 67 udaletan

Bestalde, Kontseiluak onartu du, landa bideak hobetzeko 2017ko deialdiaren barruan, aurreikusitako inbertsioa 373.914,49 euro handitzea. Otsailean argitaratu zen deialdia, eta eskaera kopurua ikusita, diru laguntzak handitzea erabaki da. Guztira, Aldundiak 1.673.915 euro bideratuko diru, 117 proiektu gauzatzeko. Udalek egingo duten ekarpena gehitzen bazaio,  3.105.000 euroko inbertsioa eragingo da. 70 kilometro inguru baserri bide berritu edo lehendabiziko aldiz asfaltatuko dira, Gipuzkoako 89 herritatik 67tan, hain zuzen. Deialdiaren “irismena” eta “eragin positiboa” azpimarratu du Lasak.

Gipuzkoako udalek eta beste tokiko entitateek, oro har, zailtasunak dituzte landa azpiegituretan eta landa bideetan inbertsioak garatzeko beraien aurrekontuetatik. Azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiten laguntzea da Aldundiaren asmoa deialdi honekin, Lasak azaldutakoaren arabera. Gaur egun, erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan, eta “horiek mantentzea eta berritzea da herriek, batez ere 2.500 biztanterik beherakoak, gehien egiten diguten eskaeretako bat”.

Oro har, herritarren bizi kalitatea hobetzeaz gain, baserritarren jarduera ekonomikoa babesten da lan hauekin. Aldundia Gipuzkoako landa eremu osoan lantzen ari den Landagipuzkoa+ egitasmoaren programetako bat landa bideena, argi indar sarea berriztatzeko programarekin batera. Sustapen ekonomikoko proiektu estrategikoak ere babestuko dira. Horretarako, bilerak egin dira 48 Udalekin bideragarriak diren proiektuak aztertu eta zehazteko, lanpostu berriak sortzeko, eta daudenak egonkortzeko helburuarekin. Ekintza guzti horiek lurralde oreka finkatzera doaz zuzenduta, Aldundia Gipuzkoan desberdintasuna murrizteko egiten ari den apustu estrategikoaren barruan.

“Gipuzkoa ezin da ulertu landa eremurik gabe. Landa inguruneko herriak eta udalerri txikiak lurraldearen nortasunaren oinarrietako bat dira, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu dugu. Herri hauetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea duina izatea bermatzeko konpromisoa dugu. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea dugu helburu, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko. Herri txikiak eta eskualdeak indartsu eta bizi nahi ditugu, ezinbestekoa baita helburu dugun Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea eraikitzeko”, argitu du.

Arrisku geoteknikoen azterketa

Bestalde, Foru Aldundiaren errepide sareko arrisku geoteknikoen ebaluazio eta kudeaketa integratua  egiteko esleipena martxan jartzea erabaki du Kontseiluak. Oinarrizko aurrekontua 200.900 eurokoa da, gehi BEZari dagozkion 42.189 euro, eta bi urtez egingo da lana, kontratua beste bi luzatu ahal izango delarik.

Lasak azaldu duenez, geologiaren eta bide azpiegituren arteko interakzioak sortutako arazoen ondorioz, naturaren baldintzen eta errepide sarearen funtzionamenduaren arteko oreka lortzeko ezinbestekoa da “prebentzioa”. Horretarako, ikuspuntu geoteknikotik Gipuzkoa bezalako herrialde zail batean azpiegiturak egiteak berez dakartzan arriskuei aurrea hartzeko eta horiek ebaluatzeko metodoak erabili behar dira. Aldundiaren errepide sarearen arrisku geoteknikoen ebaluazio integratua egiten jarraitu ahal izateko, arriskua ebaluatzeko irizpide berdinak erabilita, eta arriskuak kudeatzeko sistema bat ezarri ahal izateko, geoteknia arloan ezagutza espezifikoak behar dira. Hori lortu nahi da esleipenarekin.

Hala, foru sareko 180 errepide zati baino gehiagotan honelako lanak egingo dira: dokumentuen basea sortzea, arrisku geoteknikoko puntu berriekin; puntu horien hasierako ebaluazioa;  base dokumentalaren eta ikuskapen bisualen fitxak eraldatzea eta arrisku puntuen mugen geoerreferentzia egitea; arrisku geoteknikoaren kalkulua metodo analitikoen bidez egitea eta kontraste maila zehaztea indarrean dagoen metodologiarekin; ikuskapen bisuala eta inguruaren azterketa; arriskuaren ebaluazio kuantitatiboa, puntu bakoitzerako; lehentasunen azterketa, arrisku handiko eta oso handiko puntuentzako; eta arrisku geoteknikoaren ebaluazio integratua egiteko ezarritako metodologia berrikustea.

N-634 errepidean ezponda egonkortzeko lanak

Ildo berean, N 634 errepideko 23,660 eta 23,775 kilometro puntuen artean, Zarautz eta Getaria artean, ezponda egonkortzeko proiektua onetsi da gaur. Oinarrizko aurrekontua 334.780,25 eurokoa da, gehi BEZari dagozkion 70.303,85 euro, eta lanak burutzeko epea, berriz, bi hilabete eta erdikoa izango da. Aipatutako errepide zatian, ezkerreko ertzean dagoen lur-erauzketako ezpondan, ezegonkorrak diren arroka falkak sortzeko arriskua dago.

Horma egonkortzea da proiektuaren xedea, segurtasuna bermatzeko. 3.015 m3-ko azalera duen ezpondan lan egingo da, bertan sostengatze sistema malgu bat jarriaz. Sarea jarri aurretik ezponda eskuz garbituko da eta ezpondaren gainazaleko hegal handienak hormigoi armatuaz oinberrituko dira. Ondoren, ainguraketak ipiniko dira hiru hareharri banku egonkortzeko. Lasak gogorarazi duenez, iazko inkestaren arabera, gipuzkoarrek 7,66ko nota ematen diote errepideen segurtasunari. “Nota horri eusteko eta hobetzeko ezinbestekoa da horrelako obrak egitea. Bitartekoak jartzen jarraitzea da gure asmoa”, amaitu du.

  

1200