Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskola kiroleko programa birpentsatzeko prozesua zabalik

Eskola kiroleko programa birpentsatzeko prozesua zabalik

Aldundiak azterketa batzorde bat sortu du.

Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak azterketa batzorde bat sortu du, hausnartzeko haurrek kirolaren inguruan dituzten interesak eta beharrak nola uztartu eta partaidetzako eta errendimenduko ibilbideak nola egin bateragarri.

Denis Itxaso: “Prozesu honetan lehentasuna emango zaio beti adin txikikoaren ongizateari, eta bere prestakuntzarako eta bilakaera pertsonalerako komenigarriena denari.”

Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok iragarri du bere Departamentuak berritu egingo duela Eskola Kiroleko programa, egun dauden premietara egokitzeko. Horretarako, lan talde bat eratuko du, puntu kritikoenak aztertu eta programa sakonean berritzera zuzendutako proposamen bat garatzeko, betiere lehentasuna emanez adin txikikoen ongizateari eta beren prestakuntzarako eta bilakaera pertsonalerako komenigarriena denari.

Prentsaurrekoan parte hartu dute, baita ere, Kiroletako foru zuzendari den Goizane Alvarezek, Real Sociedad Fundazioko Andoni Iraolak eta EHUko Maite Fuentesek.

Eskola Kiroleko programak duen hedapen soziala eta bertan inplikatutako pertsona eta entitate kopuru zabala kontuan hartuta, Batzordean askotariko eragileak sartu nahi izan dira, sektore eta ikuspegi guztiak ordezkatuta egon daitezen.

“Lan talde txiki baina heterogeneo honetatik helduko zaio hausnarketa prozesuari, puntuz puntu, kontraste lana egiteko konpromisoarekin, ikuspegi guztiak biltzeko asmoz", esan du Itxasok.

Hori horrela, programaren dimentsio guztien ikuspegi osoa emango duten pertsonek osatuko dute talde sustatzailea: Ikastetxeetako ordezkariak, Baikara gurasoen ordezkari gisa, Kirol Egokituko Federazioa, Osakidetzako haur eta gazteen psikologo bat, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arartekoaren bulegoko Elena Yarza, kirol teknikariak eta Real Sociedad Fundazioko Andoni Iraola, besteak beste.

Prozesu honen helburu nagusiak dira:

  • Haurrek kirola egin dezaten sarbide unibertsala bermatzea.
  • Kirola adin txikikoen hezkuntza integralaren parte izatea.
  • Partaidetzako eta errendimenduko ibilbideak bateragarri egitea.  
  • Tratu eta aukera berdintasun erreala eta eraginkorra lortzea eskola kirolean.
  • Haurrek kirol jardunaren inguruan dituzten interesak eta premiak hobeto uztartzea.

Eskolako Kiroleko programak 25 urte bete ditu, eta, horregatik, Departamentuak uste du iritsi dela hausnarketa egiteko garaia, egoera aztertzekoa. Horrela, bere garaian ezarri ziren helburuak betetzen diren eta gizarte gipuzkoarrak kirol jardunari dagokionez dituen eskariei erantzuten zaien ikusi behar da. Urte hauetan asko aurreratu da kirola haurren prestakuntzan txertatzeari dagokionez, eta ia ikasle gehienek kirola egiteko aukera izatea bermatzen da. Gaur egun, lehen hezkuntzako Gipuzkoako ikastetxe guztiek dituzten sinatuta hitzarmenak Departamentuarekin, eta ikasleen % 80 baino gehiagok parte hartzen du jardueretan. 1990ean % 30era mugatzen zen parte-hartzea. Programa finantzatzeko 2.500.000 euro jartzen dira foru aurrekontuetatik.

“Eskola adina da kirol jardunean hasteko adinik egokiena, eta adin horretan kirola haurraren hezkuntza integralaren parte dela ulertzen da, balio positiboak transmititzeko tresna gisa, eta etorkizunean kirola egiten jarraitzeko berme gisa", esan du Itxasok.

Balantzea guztiz positiboa bada ere, zalantzatik gabe aldatu egin dira bizimoduak, ohitura eta portaera sozialak. Bilakaera horrek agerian utzi du, behin baino gehiagotan, ikuspegi desberdinak eta eskari berriak ere badirela.  Horregatik, gai horri heltzeko, Departamentuak erabaki du hausnarketa prozesu bat sustatzea, Eskola Kiroleko programa berritu eta hobetzeko xedez, eta bere helburuak egungo beharretarako egokitzeko. “Prozesu honetan lehentasuna emango zaio beti adin txikikoaren ongizateari, eta bere prestakuntzarako eta bilakaera pertsonalerako komenigarriena denari” esan du Itxasok.

Aurretiazko txostena

Hausnarketa prozesuari ekiteko aurretiazko azterlan bat egin da lehendabizi. Bertan, inplikatutako esparru guztietatik datozen eragileek (guraso, klub, ikastetxe, begirale eta teknikariak) jardueraren puntu kritiko nagusiak aztertu dituzte. Puntu horiei “korapilo” deitu diete eta, labur-labur, arlo hauei dagozkie:

  • Begiraleen prestakuntza kalitatezko eskola kirolerako; inklusiboa, berdintasunezkoa, hezitzailea, pedagogikoa,...
  • Askotariko kirol jardueran hasteko adina eta espezializazio bakoitzeranzko ibilbidean sartzeko adina.
  • Partaidetza eta errendimendua: iritzi kontrajarriak lehiaketak eskola kirolean duen zentzuari buruz.
  • doakotasuna, ordainketa partekatua eta finantzazioa.
  • Kontziliazioa: familiaren eta adin txikikoen interesak kontziliatzeko zailtasunak, kirol jarduera desberdinak egin behar direlako aldi berean, eta adin txikikoentzat gehiegizkoa izan daitekeelako.

Lan batzordea

Azterlanean ezarritako oinarrien gainean, Kultura eta Kiroletako Departamentuak lan batzorde bat jarriko du artxan, “korapilo” edo puntu kritiko horiek aztertzeko, eta Eskola Kiroleko programa sakonean berritzea xede duen proposamen bat egiteko. Helburu hauek ditu:

  • Ondorioen lehenengo txostena, udaberrian, hobekuntzak hurrengo ikasturterako aplika daitezen. Txosten horretan 2017/18 ikasturtean aplikatu ahal izango diren ondorioak eta hobekuntzak jasoko dira.
  • Estrategia bat diseinatuko da, pixkanaka bermatzeko tratu eta aukera berdintasuna eskola kirolean, bereziki azpimarratuz genero eta aniztasun kontuak.
  • Eskola kirolaren ahulguneen diagnosia egingo da, begiraleen formazioari dagokionez eta finantzazio ereduari dagokionez, epe luzerako plan bat ezarri ahal izateko, programaren kalitatea hobetzeko, bereziki bi puntu horietan.

Kanpaina

Programaren 25. urteurrenean, Kultura eta Kirol Departamentuak kanpaina bat jarri du abian, abenduaren 15era arte. Eskola Kiroleko programaren oinarriak eta printzipioak familiekin eta gizarte gipuzkoarrarekin konpartitzeko espazio bat bilatu beharrari erantzuten dio kanpaina honek.

Irudi grafiko berritu batekin dator, kirol aniztasuna eta ekitatea bezalako balioak islatzen dituena. Horiekin batera, osasuna, balioak, emozioak, adiskidetasuna, kirolaren sustapena eta aukera berdintasuna bezalako kontzeptuak ere aldarrikatu nahi dira kanpainaren leloarekin -“25 urte pertsonak hezten”- eta “#MugiHeziIrri” eta “#YotbJuego” traolekin.

  

1468