Atzealdea

Espainiako Gobernuak Itsasori udalerri izaera galaraztea gaitzetsi du Foru Aldundiak

Foto Espainiako Gobernuak Itsasori udalerri izaera galaraztea gaitzetsi du Foru Aldundiak

Espainiako Gobernuak Itsasori udalerri izaera galaraztea gaitzetsi du Foru Aldundiak

“Eraso zuzena da gure erakundeei eta ordezkatzen dituzten herritarrei”, salatu du Imanol Lasa foru boeramaileak

Espainiako Gobernuak Itsasori udalerri izaera galaraztea gaitzetsi du Foru Aldundiak

Espainiako Gobernuak Itsasok udalerri izaera berreskuratzeko prozesua galarazi izana gaitzetsi du gaur Imanol Lasa foru bozeramaileak. Haren esanetan, erabaki horrek “bete-betean” erasotzen ditu Gipuzkoako lurraldeko erakundeek “modu libre, legal eta demokratikoan” hartutako erabakiak, eta baita “erakunde horiek ordezkatzen duten herri borondatea” ere.

Jakinarazi duenez, joan den ostiralean izan zuen Aldundiak Espainiako Gobernuak 27/2016 foru dekretuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren berri. Dekretu horren bidez onartu zen Itsaso Ezkioko udalerritik bereiztea, eta udalerri independiente gisa eratzea. Horrez gain, Ezkioko eta Itsasoko  ordezkariek otsailaren 28ko data zuen ebazpena jaso zuten; bertan, Erkidego Autonomoekiko eta Tokiko Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak uko egiten zion Itsaso udalerri bezala tokiko entitateen erregistroan izena emateko eskaerari.

Foru bozeramailearen arabera, bi erabaki horiek “justifikaezinak” dira “legalki eta politikoki”, udal mugapeen arautze eskumena Aldundiari baitagokio “espreski”, Autonomia Estatuak jasotzen duen moduan. Eskumen hori 2/2003 Foru Arauaren bidez dago garatuta. Bertan jasotzen da, hain zuzen, Itsasoren bereizketa ahalbidetzen duen gakoa; izan ere, gutxienez 2.500 biztanle edukitzea ezartzen du udalerri bat eratzeko baldintza bezala, baina salbuesten ditu frankismoaren diktadurapean bat egitera derrigortuak izan ziren herriak –hala gertatu zen Ezkio eta Itsasorekin 1964an-: “Deigarria da PPren Gobernua mutur honetara iristea, erabaki guztiiz antidemokratikoa hura erreparatu eta zuzentzea galaraziz”.

Salatu du bi erabaki horiek “oso modu larrian” egiten dutela euskal eskumen markoaren aurka, “edo beste modu batera esanda, gure autogobernuaren eta eskubide historiken aurka; beraiek ahotan hainbeste darabilten legeak babestutako eskubideak, gainera”. PPren estrategia “birzentralizatzailea” salatu du. “Horren lekuko dira etengabeko ebazpen, errekurtso eta debekuak, euskal erakundeak eta araudiak kaltetuz; hau da, ordezkatzen ditugun herritarren kudeaketarako, erregulaziorako eta erabakitzeko gaitasuna mespretxatuz”.

Lasak azpimarratu duenez, Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izateko prozesua, foru araudia “zorroztasun osoz” errespetatuz gauzatu da. “Bideragarritasun ekonomikoa” bermatu da, egin beharreko txostenak eginez. Eta bertako bizilagunen borondatea izan da erabakigarria, “herri galdeketarekin” borobilduz “urteetako partaidetza prozesu eredugarria”: “Elkarrizketa ugari izan zen, pertsona, ideia eta proiektu guztiei eman zitzaien ahotsa. Benetan penagarria da orain lan guzti hori ez errespetatzea eta zakarrontzira bota nahi izatea”.

Gobernuaren ordezkariari dei egin dio “neurriekin eta ekintzekin” erakutsi dezan hainbestetatn iragarritako jarrera aldaketa, eta aurretik kargu bera bete zuenaren “jokamoldea” alde batera utz dezan. “Gogoratu behar dugu hark ere errekurtsoa jarri ziola Itsasoko herri galdeketari. Bada garaia euskal erakundeek egiten duten lana eta hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko, eta etengabeko betoak eta blokeoak alde batera uzteko, denok atzean utzi nahi ditugun garai batzuen eta politika egiteko modu baten erakusgarri direlako”.

“Gure autogobernua, gure erakundeak eta gure legeak –gaineratu du-, gure herriaren alde egiteko dauzkagun tresnak dira, Espainiako batez bestekotik nabarmen gorago dauden aberastun eta gizarte kohesioa lortzea ahalbidetu dutenak. Erakundeetako ordezkariok, alor guztietako eragileek eta gizarteak, kapital politiko horren defentsan eta blindajean inplikatu behar dugu. Dinamikak hasi behar ditugu, gure gizarte ongizatean eta ekonomian duten garrantzia ikusarazteko. Ezin dugu amore eman ahalegin horretan”.

Azkenik, iragarri du auziaren egoera eta ekintza juridikoak aztertuko dituztela Itsasoko ordezkariekin elkarlanean, “orain arte bezala, inposaketa honi nola aurre egin erabakitzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak defenditzeko. Gu aurrera begira gaude. Gipuzkoaren eta Euskadiren, gure herriaren etorkizunari begiratzen diogu. Beste batzuek, aldiz, iraganean harrapaturik jarraitzen dute, baina ez diegu utziko guri ilusioari kentzen”.