Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Esperientzia aurreratuenen berri

Esperientzia aurreratuenen berri

Pasaiako zentroaren proiektua Suedia eta Danimarkako zahartzeari buruzko berrikuntza guneekin kontrastatuko du Aldundiak

Vinnovara bisita

Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatu Ainhoa Aizpuru buru duela, Gipuzkoako ordezkaritza batek bilera agenda trinkoa abiatu du gaur Stockholmen, berrikuntzaren eta ekintzailetasunaren ikuspegitik adinekoen eta mendeko pertsonen laguntzaren esparruan lanean ari diren hainbat zentro eta eragilerekin.  Pasaiako erreferentzia zentroaren proiektua kontrastatzeko, hainbat bilera eta bisita egingo dituzte Suediako eta Danimarkako zenbait hiritan –Stockholm, Vasteräs, Malmo, Lund eta Kopenhagen-, zahartzearen alorrean erreferente diren erakundeekin.

Lehenengo bilera gaur goizean izan da Stockholmen, Vinnova Suediako Berrikuntza Agentzian, eta Charlotte Brogren zuzendari nagusiak egin dio harrera ordezkaritzari. Brogrenek berrikuntzaren alorrean egiten ari diren aurrerapenen eta apustuen berri eman dio ordezkaritzari, bereziki esparru estrategikoetan, alegia, osasunaren eta osasun laguntzaren alorrean. Izan ere, alor horretan Suedia apustu sendoa egiten ari da adineko jendearen beharrak aseko dituzten produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, adineko jendeak gero eta laguntza gehiago eta hobea, eta zerbitzu eta produktu bereziak eskatuko baititu.

Vasterasen Gipuzkoako ordezkaritza Mistelinnovation berrikuntza zentroko instalazioak ikusten izan da; zentro horretan, adineko pertsonen eta mendekoen bizi kalitatea eta arreta hobetzeko produktu eta zerbitzu berritzaileak testatzen dituzte.  Ongizatearen laborategi hau 2013an sortu zuten Vinnovarekin lankidetzan, eragileak elkarlanean aritzeko espazio bat sortzeko, eta irtenbide berritzaileak zerbitzu horien hartzaileengana helarazteko.

Bilera horietan Gipuzkoako biozientzien eta osasunaren alorreko eragile eta erakundeetako ordezkariak ere izan dira, zehazki, Biodonostia, BIC Gipuzkoa, Tecnalia eta Matia Fundaziokoak.

Gipuzkoako Foru Aldundia zentro berri bat ari da diseinatzen, Pasaian eraikitzekoa dena, zahartzearen eta mendekotasunaren arreta aurreratuan erreferentzia izan dadin. Era berean, teknologiako eta ikerketako gune ireki eta elkarlanekoa izan nahi du, gai izango dena zahartzearen, osasunaren eta ongizatearen alorrean laguntza jarduera, jakintzaren kudeaketa eta garapen teknologikoa eta industriala bateratzeko.

Proiektua Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan eta bihar-etzi ekonomiaren bultzatzaile izan daitezkeen sektoreetan Foru Aldundiak egin nahi dituen apustu estrategikoen barruan kokatzen da. Ekimen horiekin bat, Pasaiako zentroak kontuan izango ditu halako zentro batek izan behar dituen gizarte alorreko alderdi guztiez gain, lurraldearen garapen ekonomikoa eta soziala sustatuko duten alderdiak, aldaketa demografikoak eta zahartzeak ekarriko dituen aukeren inguruan.

Ahalik eta gehien maximizatu behar dugu berrikuntza potentzial hori Gipuzkoan, zahartze osasuntsuaren, gizarte eta laguntza sistemaren jasangarritasunaren eta arlo horretako industriaren lehiakortasunaren zerbitzuan. Aukera esparru bat da, gure gizarteari onurak ekarriko dizkioten irtenbide berriak eta jarduera berriak eta, aldi berean, enpresa berriak eta lanpostu berriak sortzeko.

Sustapen Ekonomikoko diputatuak gogorarazi duenez, 2013an, Euskal Autonomia Erkidegoan, 55 urtetik gorako pertsonak biztanleen (2.191.682) % 33,1 ziren; eta aurreikuspenen arabera, 2029. urtean (2.056.975 biztanle), % 44,9ra iritsiko dira adin talde horretako pertsonak.  Horietatik % 29 65 urtetik gorakoak izango dira, eta % 9,9, hau da, 200.000 pertsona baino gehiago, 80 urtetik gorakoak.

“Herrialde garatuenetako biztanleen zahartze prozesu azkarra garapen ekonomikoko eta hazkunde jasangarriko egungo paradigmak aldatzen ari da” adierazi du Aizpuruk. Hori dela eta, Pasaiako erreferentzia zentroak, laguntzaz arduratzeaz gain, "jakintzaren kudeaketa, eta garapen teknologikoa eta industriala kudeatuko du, zahartzearen, osasunaren eta ongizatearen alorrean" nabarmendu du. 

Zeregin horiek “Berrikuntza Unitatearen” bidez gauzatuko dira; unitate horrek I+G+B eta esperimentazioa, ekintzailetasuna, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatuko ditu adinekoen zaintzaren, osasunaren eta ongizatearen alorrean. 

“Gipuzkoak ekosistema zabala eta sendotua du osasunaren eta zahartzearen esparruan, eta enpresak, I+G+B eragileak, unibertsitateak, hirugarren sektoreko elkarteak eta erakundeak ditu alor horretan lanean.  Hori dela eta, ahalik eta gehien maximizatu behar dugu berrikuntza potentzial hori, zahartze osasuntsuaren, gizarte eta laguntza sistemaren jasangarritasunaren eta arlo horretako industriaren lehiakortasunaren zerbitzuan. Aukera esparru bat da, gure gizarteari onurak ekarriko dizkioten irtenbide berriak eta jarduera berriak eta, aldi berean, enpresa berriak eta lanpostu berriak sortzeko", adierazi du.

Gaur hasi den bilera sortaren bidez, iparraldeko herrialdeetan arazo horri aurre nola egiten dioten ikusiko du Gipuzkoatik joandako ordezkaritzak eta esparru horretako esperientzia aurreratuenetariko batzuk ezagutuko ditu. Horrez gain, aukera bat izango da nazioarteko harreman sarea ehunduz joateko, Pasaian egitekoa den zentroa nazioartean erreferentzia diren beste ekimen eta erakunde batzuekin harremanetan egon dadin, etorkizunean bikaintasuna lortzeko ezinbestekoa baita.   

  

1978