Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuna Eraikiz saioa, Goierriko eragile ekonomiko eta sozialekin

Etorkizuna Eraikiz saioa, Goierriko eragile ekonomiko eta sozialekin

Imanol Lasa diputatuak dinamika aurkeztu die eskualdeko enpresetako, elkarteetako eta udaletako ordezkariei.

2017/10/25

Etorkizuna Eraikiz dinamikaren lan ldo estrategikoak eta horren barruan onartutako proiektu nagusiak partekatu ditu gaur Foru Aldundiak Goierriko enpresa, elkarte eta udaletako ordezkariekin, Goieki garapen agentziak antolatutako lan saioaren testuinguruan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak dinamikaren xehetasunak azaldu dizkie Goierri Fundazioaren areto nagusian antolatutako ekitaldian. Bertan izan dira Indar, Orkli, Anpo, Arcelor edo Gune enpresetako ordezkariak, Caritas eta Sare Fundaziokoak, Goiekikoak, Goierri Fundazioko Enplegu Zerbitzuak eta Beasain, Ordizia eta Lazkaoko alkateak. Aldundiaren aldetik, Lasaz gain, Antton Tomasena Sustapen Ekonomikoko zuzendaria eta Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaria bertaratu dira.

Gipuzkoako garapen agentzia guztiekin sektorekako topaketak egiten ari da Aldundia, eskualdez eskualde, Etorkizuna Eraikiz gizarteratzeko estrategiaren barruan, lurraldeko eragile nagusiak inplikatzeko. Enpresekin ez ezik, lan saioak egingo dira gizarte politiketako elkarteetako ordezkariekin, eta baita beste esparruetakoekin ere, lurraldearen etorkizuneko erronkei modu partekatuan aurre egiteko estrategian partaide izan daitezen, hainbat arlotan: zibersegurtasuna, adinekoen arreta, elektromugikortasuna, garraiorako azpiegiturak, edota liburutegi eta kultur zentroen eraberritzea.

Lasak nabarmendu duenez, Etorkizuna Eraikizen bitartez gorpuztutako lanerako molde berria “ez da koiunturala, estrukturala baizik”, eta “gelditzeko” iritsi dena. Molde horrek erakundeen eta arlo guztietako eragileen arteko etengabeko elkarlana eta esperimentazioa ditu oinarri, gizartea eta politika publikoak eraldatuko duten proiektu berritzaileak abiarazteko. Ildo horretan, “ezinbesteko bidelaguntzat” jo ditu garapen agentziak, eskualde guztietan egiten duten lanagatik jarduera ekonomikoa sustatzen, eta enpresei eta ekintzaileei babesa eskaintzen proiektu berriak martxan jartzeko “gero eta testuinguru lehiagorrago eta aldakorragoan”: “Oso garrantzitsua da haien gertutasuna”.

Industrian, eta enpresa txiki eta ertainetan jarri du azpimarra Diputatuak, “gure ekonomia sarearen eta lanpostuen sorreraren bihotza” direlako. Industria sektoreak Gipuzkoaren BPGaren %28 ekoizten du, lana ematen die 74.000 laguni, eta bere produktuaren %83 esportatzen du. Eredu gisa jarri du Goierri, lurraldean langabezi tasa baxuenetakoa duen eskualdea dela -%9tik azpikoa-  eta industriak langileen erdia baino gehiago barne hartzen duela gogoraraziz. “Ezinbestekoa da ekonomia ehun lehiakorra edukitzea, bizi kalitatea bermatzeko, eta aberastasuna modu egokian banatzeko, inor atzean utzi gabe. Horretarako, erakunde, enpresa, unibertsitate eta gizarte antolatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da. Horren adibide dugu Goierri Fundazio-Eskolaren baitan egin zen apustu aitzindaria: indarrak batzea ekonomia sustatzeko eta eskualdea garatzeko, pertsona erdigunean jarrita. Eta hori da, plano orokorrago batean, Etorkizuna Eraikizekin egiten ari garena”, azaldu du.

Nabarmendu du zibersegurtasuna “giltzarri” dela Gipuzkoaren lehiakortasuna bermatzeko nazioarteko merkatuetan, eta Aldundiak Etorkizuna Eraikiz-en eskutik martxan jarriko duen zentro berria “aurrerapen handia” ekarriko duela lan horretan, gaur egun dauden mehatxuei aurre egiteko eta negozio eredu berriak zabaltzeko balioko duelako, produktu industrial berriak frogatuz eta finkatuz. Halaber, enpresa traktoreen pisua ukatu gabe, Gipuzkoaren ekoizpen ehunaren muina ETEak direla adierazi, eta aurreratu du Aldundiak proiektu bat jarri duela martxan Gipuzkoan 20 eta 99 langile artean dituzten enpresa industrial guztiengana iristeko -500 inguru guztira-, garapen agentziekin elkarlanean, foru erakundeak zein beste erakundeek fabrikazio aurreratuari eta 4.0 industriari lotutako finantziazio aukerak eta babeserako egitasmoak ezagutarazteko. 200.000 eurorekin hornitutako programa horrek enpresen “%100era” iristea aurreikusten du 2018rako.

Aurkezpena amaitzerakoan, bertaratutako pertsonei Etorkizuna Eraikizen parte hartzeko gonbidapena egin die Lasak, eztabaidarako txanda zabalduz; hainbat galdera eta hausnarketa egin dituzte parte-hartzaileek.

 

Goiekiren integrazio proiektua

Etorkizuna Eraikizen aterkipean, proiektu nagusietatik harago, Aldundiak beste 1.350.000 euro bideratu ditu 2016an eta 2017an. Kasu honetan, ez dira Aldundiak gauzatutako proiektuak, Gipuzkoako hainbat eragile egiten ari direnak baizik: elkarteak, enpresak, udalak, fundazioak, kontsultorak, garapen agentziak...  Deialdi ireki baten bidez, proiektu berritzaileak garatzeko gonbidapena luzatzen zaie Gipuzkoako eragile guztiei, hainbat arlotan: berrikuntza soziala, ekonomia, gobernantza, teknologia, kontziliazioa…  Guztira, 35 proiektu jarri dira martxan, eta Goieki burutzen ari da horietako bat.

Goiekiren proiektuak xedetzat du Goierriko eskualdean norbanakoan oinarritutako ekosistema sozial bat sortzea, eragile guztien giza baliabideak, baliabide fisikoak, ezagutzakoak eta harremanekoak uztartuz.  Goiekiko gizarte kontseiluak sustatuta artikulatu da, molde guztietako gizarte elkarteekin, eskualdeko enpresa garrantzitsuenekin eta tokiko administrazio publikoekin. Helburua da ekosistema sozial egoki bat sortzea, eskualdeak etorkizunean izango dituen erronkei erantzungo diena, hala nola baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen integrazioa, zahartzea eta genero desberdintasuna. “Goierri lurralde nagusiki industriala denez, esparru sozialak bere kontrapuntua behar du, bi elementuek bat egin behar baitute eskualdearen etorkizuna bermatzeko”, azaldu du Iker Galparsoro Goiekiko gerenteak.

Bazterkeria arriskuan dauden pertsonen lan merkaturatzea sustatzea da ardatzetako bat. Emakumezkoa, 35-45 urte bitartekoa; zerbitzuen sektorekoa; ikasketa maila baxukoa eta lan merkatutik urrun dagoena; hori da Galparsorok marraztu duen perfila. Bazterkerian daudenen errealitateari heldu behar zaiola, eta ahalegin horretan ekonomia ehuna inplikatu behar dela azpimarratu du: “Denon dagozkigun erronkei denon artean egin behar diegu aurre. Industriaren erronkak ez dira bakarrik industriarenak, gu guztionak baizik. Eta beste horrenbeste gertatzen da erronka sozialekin”.

 

Langileen partaidetza Orklin

Azkenik, Orkli Group-eko giza baliabideetako arduradun Asier Lekuonak, enpresan langileen partaidetza sustatzeko Aldundiaren babesarekin martxan jarritako ekintzak azaldu ditu. Egunerokotasuna komunikazioa “beste era batera” planteatzeko lanean dihardute, “aldebakartasunean edo hierarkian oinarritutako ikuspegiak” atzean utzita. Lekuonaren esanetan, erabakietan, informazioaren kudeaketan, eguneroko lanean eta kapitalean langileak aintzat hartzea “konpromisoa” eta “jarrera eraikitzaileak” sendotzen ditu, laneko giroa hobetzen du, talde kohesioa areagotu, eta lehiakortasunerako elementu garrantzitsua da.   

Kultura “pasiboago batetik aktiboago batera” jauzi egitea dute erronka, eta horretarako berrikuntza eta komunikazio kanal berriak jorratzen ari dira, langileek egiten duten lanaz eta ekarpenaz gogoeta egiteko aukera eduki dezaten. Kooperatiba da Orkli, baina aitortu du oraindik ere badagoela zer hobetu alor guzti horietan: “Gure ohiturak eta pentsaerak ez ditugu egun batetik bestera aldatzen. Denbora eskatzen duen lana da hau. Epe motzea agian zailagoa da lidergo partekatu eta parte-hartzaile baten alde egitea, baina argi dugu epe luzean emaitza hobeak lortzen dituela enpresak hautu hori eginez”, ondorioztatu du.

  

1409