Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Europak oniritzia eman dio N-1 errepideko bidesariari

Europak oniritzia eman dio N-1 errepideko bidesariari

Batzordeak aldeko irizpena eman du, egiaztatu baitu tasa berria ez dela diskriminatzailea, eta ez dituela gainditzen berreskuratu daitezkeen azpiegitura kostuak

2017/10/05

Aintzane Oiarbide diputatua bere ekimenez agertu da Bide Azpiegituretako Batzordean, Irun-Etzegarate ardatzeko N-1 eta A-15 errepideen tarte batzuetan AT sistema ezartzeko erabakiaren inguruko azken berriak aurkezteko. Bide batez, diputatuak azaldu du Europako Batzordeak aldeko irizpena eman diola 2018 hasieran indarrean sartuko den bidesariari berriari. Irizpen hori jaso zain zeuden, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartutako erabakia aurrera eramateko. “2016an txostena bidali genuen Europako Batzordera, eta Bide Azpiegituretako Departamentuarekin lan egin ondoren, aldeko irizpena eman du orain, adieraziz bidesariak betetzen dituela direktibak 7. artikuluan ezartzen dituen baldintza guztiak. Izan ere, artikulu horretan zehazten da zer baldintza bete behar dituen nahitaez azpiegitura kostuen berreskuratze tasari dagokionez, eta, baita ere, ez duela diskriminatu behar, ez zuzenean, ez zeharka", azaldu du Aintzane Oiarbidek. “Azpiegitura kostuen berreskuratze tasak ezin ditu gainditu azpiegiturak eragindako gastuak, eta, kasu honetan, berreskuratze tasa hori % 54 eta % 73 artekoa izango da; beraz, kanon berriaren zenbatekoa Europako Batzordeak baimenduko lukeen zenbateko horren azpitik dago oso", adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak.

          Araudiak gehien azpimarratzen duen beste puntuetako bat da bidesariak ezin dituela garraiolariak jatorriaren arabera diskriminatu. "Gure kasuan, tarifa bera kobratuko zaie garraiolari guztiei, eta ez da inolako beherapenik aurreikusten Gipuzkoako garraiolarientzat, neurri hori atzera botako bailuke berehala Europako Batzordeak. Beraz, planteatu dugun moduan, ez da jatorriaren edo xedearen araberako diskriminazio arazorik sortzen”, argitu du Oiarbide diputatuak.  Jarraitu du esaten N-1 errepidean bidesaria ezartzearekin bi helburu nagusi beteko liratekeela: trafikoak orekatzea eta kanpoko garraiolariek -% 60a- azpiegitura hau mantentzeko ekarpena egitea. “Europa zeharkatzen duen ardatzean dago, eta ez da posible gipuzkoarrok bakarrik ordaintzea errepide hau mantendu eta hobetzeko lanak".

          Diputatuak jakinarazi du sistema berria erritmo onean ezartzen ari dela. Bi portiko jarrita daude jada, Irunen eta Etzegaraten, eta aseburu honetan jarriko da Andoaingoaren goiko aldea. “Aurreikusitakoaren arabera doa dena, eta larunbatetik iganderako gauean amaituko ditugu AT sistemaren hirugarren portikoa jartzeko lanak. Aplikazio informatikoa ere bere martxan doa, eta laster aurkeztuko dugu kontrol gune berria.  Bidegiren webgune berrituan azken eguneratzeak egiten ari gara, bertan bidesari sistema berriaren inguruko xehetasunak kontsultatu ahal izateko, eta herritarrei nahiz garraiolariei zuzendutako komunikazio eta informazio plana prestatzen ari gara", aurreratu du diputatuak. Bestalde, gogorarazi du probaldia azaroa hasieran egingo dela, martxa zuriarekin.

 

Mailegua berritzea

Bide Azpiegituretako Batzordean egin duen agerraldian, Bidegik banka komertzialarekin berritutako mailegu kontratuari buruzko xehetasunak eman ditu Aintzane Oiarbidek.  “Bidegiren egoera sendoa da gaur egun, eta horri esker maileguaren baldintzak negoziatzeko aukera izan dugu. Lorpen nagusietako bat izan da interes tasak jaistea, 3,49tik 1,57ra batez beste datozen urteetarako”, azaldu du Oiarbidek. “Baldintza berrien artean, bi puntu nabarmendu behar dira: Bidegik ere erabili ahal izango duela kutxako soberakina mailegua lehenago amortizatzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dizkion inbertsioak egiteko ahalmen osoa izango duela. Hori horrela, Bidegik egingo dituen inbertsio garrantzitsuetako bat da GI-632 errepidearen Antzuola-Bergara zatia. Aldundiak beregain hartzea aurreikusita bazegoen ere, irailetik Bidegik hartzen du osorik azpiegitura horren kostua”, erantsi du Bide Azpiegituretako diputatuak.

Kutxako soberakina erabiltzeko aukerari esker, Bidegik 50 milioi inguruko ezohiko inbertsioak egin ahal izango ditu legealdi honetan bertan. Inbertsio horien artean, Antzuola-Bergarako lanez gain, diru partida bat bideratuko da Astigarragan kokatuko den Garraioaren Zentro Integrala eraikitzeko, zeinak mesede handia egingo dion garraio sektoreari; eta, gainera, Foru Sozietatea lantzen ari den eta datozen hilabeteetan jakitera emango diren beste hainbat inbertsio ere egingo dira. “Garraioaren Zentro Integrala sektorearen erreklamazio historiko bat da. Azken urteetan, aldatuz joan dira baldintzak eta beharrak, eta, horregatik, sektorearen beharrekin bat etorriko den lizitazio bat egitea ahalbidetzeko asmoz, azterketa xehe bat egiten ari gara”, adierazi du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu nahi izan du banka komertzialarekin kontratua berritzeak argi eta garbi uzten duela Bidegiren sendotasun ekonomiko-finantzarioa: “Duela bi urte benetan zaila zitzaigun horrelako negoziazioak egitea, urtez urte sortua baitzen Bidegiren egoera ekonomiko-finantzarioaren inguruko mesfidantza. Egiteko zail eta nekeza izan bada ere, kontratu berritze honen baldintzak lortu izanak erakusten du ezin dela zalantzan jarri Bidegiren sendotasuna. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere Sozietate Publikoari esker, inbertsio handiak egin ahal izango ditu autobideetan, eta aurrekontua libratu ahal izango du baliabideak gizarte zerbitzuetara eta sustapen ekonomikora bideratzeko, eta, horrela, Gipuzkoako aurrekontuen iraunkortasunari mesede egiteko”, azpimarratu du Aintzane Oiarbidek.
  

1675