Atzealdea

Itsas zaborra biltzeko ekimena

Foto Itsas zaborra biltzeko ekimena

Itsas zaborra biltzeko ekimena

Europako LIFE LIMA proiektuak aurreikusten du 100 tona itsasoko zabor biltzea hurrengo hiru urteetan Bizkaiko golkoko, Gipuzkoako eta Lapurdiko uretan.

Itsas zaborra biltzeko ekimena
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatzen du proiektua, AZTI da koordinatzaile teknikoa, eta erakunde hauek parte hartuko dute: Lyonnaise des Eaux, Ville de Biarritz, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Surfrider Foundation Europe.
  • Bi arrantza-ontzik eta hiru garbiketa-ontzik lan egingo dute, itsasoko zaborra jasotzeko.
  • Ur gaineko zaborra biltzeko eta kudeatzeko zerbitzu adimendun bat ezarri nahi du proiektuak.
  • Europako Itsas Energiaren direktibak betetzeko soluzioak bilatzeaz gain, lanpostu batzuk sortzeko iturri izango da proiektua.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatzen du LIFE LEMA proiektua, AZTI izango da koordinatzaile teknikoa, eta erakunde hauek parte hartuko dute: Lyonnaise des Eaux, Ville de Biarritz, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Surfrider Foundation Europe. Ur gaineko zaborra jasotzeko eta kudeatzeko zerbitzu adimendun bat ezartzea du helburu, tokiko agintariei laguntzeko ikuspegi jasangarri bat izan dezaten kostaldea garbi mantentzeko eta ingurumenean eta gizartean sortutako inpaktu negatiboak murrizteko.

Itsasoko zaborra biltzeko, bi arrantza-ontzi eta hiru garbiketa-ontzi erabiliko dira, eta hiru lanpostu sortuko ditu, gutxienez, jarduera horrek. Egin beharreko jardueren aurrean, aurreikusten da, besteak beste, ur gaineko hesi bat jartzea Deba ibaiaren ahoan, itsasoko zaborra metatzeko, eta bi bideo-kamera instalatzea Aturriren eta Oriaren ahoan, porturatzen diren zaborrak monitorizatzeko. Lanak 2019ko irailaren 1ean amaituko dira.

Tokiko agintarientzako soluzioak sustatuko ditu proiektuak, Europako Itsas Estrategiaren 2008/56/EE Esparru Direktiba bete dezaten. 2020a amaitu baino lehen itsasoko ur guztiak ingurumen-egoera onean egoteko helburua du direktiba horrek. Hain zuzen ere, zaborrak dira itsasoko urak egoera onean dauden detektatzeko erabiltzen den irizpideetako bat. Proiektuan aurreikusitako lantaldeek egingo dituzte gomendioak, eta itsasoko zaborrei buruzko Europako sare bat ezarriko da, zeinak sustatuko baitu Europako adituekin eta antzeko ekimenekin elkarrizketak izatea.

Tokiko ondorioak dituen arazo global bat

Nazioarteko erakundeek kontrol gehiago ezarri eta araudiak egon arren, oraindik ere itsasora iristen dira hondakinak. Hain zuzen, kalkuluen arabera, 400 kg-tik 4.000 kg-ra bitarte zabor iristen da kilometro lineal bakoitzeko Europako kostaldeetara urtero.

Itsasoko edo itsasertzeko ingurumenean zuzenean edo zeharka baztertu, bota edo utzi den era guztietako material solidoak, iraunkorrak, fabrikatuak edo prozesatuak izaten dira hondakin horiek. Itsasoko zaborraren arazoak iceberg baten itxura du: itsasora iristen den zaborraren % 15 baino ez da iristen hondartzetara. Beste % 15 ur gainean geratzen da, eta gainerako % 70a, itsas hondoan.

Bizkaiko golkoko itsasoko zaborren dentsitatea handia da, batez ere Europako beste eskualde batzuekin konparatzen bada. Adibidez, 2011n 19.500 ur gaineko zabor-objektu baino gehiago erregistratu ziren. Horietatik % 3 arrantza-sektoreari lotuta zegoen.

EAEko kostaldean hainbeste zabor metatzearen arrazoietako hau izan daiteke: iparreko haizeek ur gaineko objektuak (zaborrak barne) kostaldera barreiatzea. Baina egia da itsasoko zabor horien parte handi bat gizakion lehorreko eta itsasoko jarduerek sortzen dituztela: ibaietatik, estolderia-sistemetatik, ur-arazketetatik, arrantza-jardueretatik, itsas zirkulaziotik, legez kanpoko isurketetatik edo haizeak eramanda iristen dira Bizkaiko golkora. Plastikozko materialak, zurezkoak, metalak, beira, goma, oihalak, papera eta abar topatzen dira.

Itsasoko zaborrak eragin handia du ingurumenean, tokiko ekonomian, segurtasun eta osasun publikoan, eta itsas inguruneari eragiten dioten presioetako bat da.