Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskalgintzarekin jorratutako parte-hartze prozesuko emaitzak datorren urteko aurrekontuetan txertatuko ditu Foru Aldundiak

Euskalgintzarekin jorratutako parte-hartze prozesuko emaitzak datorren urteko aurrekontuetan txertatuko ditu Foru Aldundiak

Partaidetza prozesuaren ondorioz identifikatutako “berrikuntza-palankak” aurkeztu dizkie Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak Euskararen Foroko eragileei

Euskararen Foroa

Euskararen eta hizkuntza normalizazioaren esparruan lanean diharduten eragileak Euskararen Foroaren urteko bigarren bileran elkartu dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. Joan den urtean Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak abian jarritako parte-hartze prozesuaren emaitzak izan dituzte aztergai topaketa honetan. Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Mikel Irizarrek, Zer egin behar dugu ezberdin eraginkorrago izateko? partaidetza prozesuan landutako ondorioak eta identifikatutako “berrikuntza palankak” aurkeztu ditu euskalgintzako ordezkarien aurrean, eta konklusio nagusi horiek datorren urteko foru aurrekontuan isla izango dutela aurreratu du.

“Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dago eta, ekimen honekin, gizarte eragileekin lankidetzan hartu ditzakegun norabideak aztertu nahi izan ditugu”, gogorarazi du Mikel Irizarrek. Hilabetetako lanaren ondoren, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak xehetu duenez, batetik, partaidetza prozesuan “euskalgintzaren alorreko elkarte eta enpresen jarduna esparru berrietara zabaltzeko egokiera” identifikatu da. Testuinguru horretan jarri da martxan Putzuberri egitasmoa, Foru Aldundiak berak zenbait alorretan dituen lan jardunen eta deialdien berri eman eta euskalgintzarekin kontraste lan bat egitea ahalbidetu duena.

Bestetik, euskararen normalizazioan eraginkorrago izateko “berrikuntza-palanka” batzuk identifikatu dira. Mikel Irizarrek jakinarazi duenez, aldaketarako helduleku gisa identifikatu diren alor nagusiak honako hauek dira: “hiztunen tokiko aktibazioa; euskararen arnasgune naturalak indartzea eta funtzionalak sortzea; euskarazko proiektu eta zerbitzuak bistaratzea; gazteen aisialdi eta kirolerako proiektu integralak bultzatzea eta arlo sozio-ekonomikoa eta hedabideak”. Parte-hartze prozesuaren hasieran aditzera eman bezala, palanka horiek Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzaren aurrekontuetan integratzeko konpromisoa hartu du Irizarrek.

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak euskalgintzarekin garatutako lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta “Aldundiaren gobernantza eredu berrian” erabat txertatzen den esperientzia izan dela aipatu du. Izan ere, Herritarren Partaidetzarako zuzendaritzarekin elkarlanean garatu da honako partaidetza prozesua.

 

  

2123