Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntza deialdia argitaratu du Foru Aldundiak

Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntza deialdia argitaratu du Foru Aldundiak

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu sustatze proiektuak, prestakuntza, tokiko planak eta euskarazko hedabideak bultzatzera

Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak argitaratu du euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia. 2,5 milioi euro pasatxo bideratuko dira hizkuntza sustatzera (2.580.570), prestakuntza eta tokiko planak sostengatzera eta euskarazko hedabideak bultzatzera. Hizkuntzaren erabilera indartzeko lanean diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur jakinarazitakoaren arabera.

Gipuzkoa “ezberdintasun ahalik eta txikienak” dituen lurraldea izateko lanean ari da Foru Aldundia, eta bide horretan, ekonomia, gizarte eta generoaren alorrean egiten ari den ahaleginaren ildotik, hizkuntzaren esparruan ere “apustu sendoa” egiten du. “Berdintasun hori modu praktikoan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzea. Hau da, euskararen arnasgune bezala ezagutzen diren horiek indartu eta zabaltzea, herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanerako eta bizitzarako, eta abar, eta abar”, azaldu du.

Ildo horretan, Gipuzkoako gizartean euskararen erabilera bultzatzea da Foru Aldundiaren helburu eta konpromisoetako bat, gisa horretan aukerak berdindu asmoz eta hiztunen arteko berdintasuna sustatuz. Testuinguru horretan egiten da urtero hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko diru laguntza deialdia. Laguntzak helburu askotarikoak dira: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntza, edota euskarazko toki hedabideen jarduerak laguntzea, esate baterako.

Hain zuzen, deialdi honetara eskabideak egiteko aukera izango dute:

1. Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak.

2. Lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea.

3. Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak.

4. Itzulpen praktikak egiteko bekak.

5. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak.

6. Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak.

7. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak.

8. Euskarazko aldizkako argitalpenak.

9. Euskarazko toki hedabideen esparruko lankidetza proiektuak.

  

1292