Atzealdea

Euskararen erabileran elebidun hartzaileek duten garrantzia, aztergai

Foto Euskararen erabileran elebidun hartzaileek duten garrantzia, aztergai

Euskararen erabileran elebidun hartzaileek duten garrantzia, aztergai

Lasarte-Oriako Euskararen 9. Maratoia aurkeztu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

“Baietz 40 egun euskaraz!’ erronkak, 300 Ahobizi eta 3.000 Belarripresten parte-hartzea du helburu egitasmoak; azken horiek ohitura linguistikoetan duten eragina ikertuko du EHUk
Lasarte-Oriako Euskararen 9. Maratoia aurkeztu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun Kultur Elkarteak eta egitasmoan parte hartuko duten hainbat herritarrek. Euskararen erabilera sendotzeko jaiotako proiektua berezitasunez eta erronkaz betea dator aurtengo honetan. Besteak beste, dinamika linguistikoetan elebidun hartzaileek –euskaraz ongi ulertu bai, baina hitz egiteko ohiturarik ez dutenek– jokatzen duten papera aztertuko dute maratoian zehar, Foru Aldundiak babestu eta EHUk garatuko duen ikerketa baten bitartez.

Izan ere, orain arteko 40 orduko maratoietatik, Baietz 40 egun euskaraz desafioari helduko dio aurtengo edizioak, Lasarte-Oriako Udalaren eta Ttakun Kultur Elkartearen ekimena gauzatuko duen bederatzigarrenak, hain zuzen ere. Irten armairutik leloarekin, urriaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean, herritarrak euskarara gerturatu eta hizkuntza erabiltzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.

Hala jakinarazi dute gaur eskainitako prentsaurrekoan Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordokik, Ttakun elkarteko ordezkari Naiara Mujikak, eta maratoiko antolakuntzan ari den lantaldeko kide Joxe Mari Agirretxe eta Oihana Fu Otaegik. 

Parte hartu nahi duen herritar orok Ahobizi nahiz Belarriprest moduan izena emateko gonbitea luzatu dute prentsaurrekoan. Batetik, 300 Ahobiziren parte-hartzea lortu nahi du antolakuntzak; euskarazko jokaera aktiboa hartuz, armairutik aterako diren herritarrak dira horiek eta, astebetez, euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Bestetik, 3.000 Belarriprest erakarri nahi dituzte maratoira; euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adieraziko duten herritarrak dira, dakienari euskaraz aritzeko gonbitea luzatuz. Azken hauek sei astez Belarriprest papera jokatzeko konpromisoa hartuko dute.

Erronkan parte hartzeko baldintzak dira Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea eta 16 urtetik gorakoa izatea. Izena emateko interesa dutenek, berriz, 40egun.euskararenmaratoia.eus webgunean egin dezakete edo zuzenean Ttakun Kultur Elkartera (943 37 14 48) nahiz Udaleko Euskara Zerbitzura (943 37 61 84) jo.

Gaurko prentsaurrekoan bat etorri dira herritarren parte-hartzearen garrantzia goraipatzeko garaian. Gainera, ekimenak Lasarte-Oriaren mugetatik harago piztu duen interesa ere azpimarratu dute. Egitasmoaren molde eta ekintzak berritzaileak izateaz gain, lehen aldia izango baita horren parte-hartze zabalarekin elebidun hartzaileek –Belarriprest– hiztunen ohitura linguistikoetan jokatzen duten paperari buruzko ikerketa akademiko bat egingo dena. EHUk burutuko duen azterlan honen ondorioak etorkizuneko hizkuntza politiketara eta euskararen arloko ekintzetara eramateko baliagarriak izatea espero da.