Atzealdea

Euskararen Foroaren bilkura berria

Foto Euskararen Foroaren bilkura berria

Euskararen Foroaren bilkura berria

Euskararen eta hizkuntza normalizazioaren esparruko eragileak elkartzen dituen topagunearen bilkura

Euskararen foroa

Euskararen eta hizkuntza normalizazioaren esparruan lanean diharduten eragileak Euskararen Foroaren urteko lehen bileran elkartu dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. Duela hilabete batzuk Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak abian jarritako parte-hartze prozesuaren orain arteko ibilbidea eta emaitzak aztertu eta datorren hilabeteetarako lan ildo nagusiak zehaztu dituzte bilera honetan.

Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Mikel Irizarrek, bilera honetan parte hartu du. Zer egin behar dugu ezberdin eraginkorrago izateko? partaidetza prozesuan orain arte egindako bidea partekatu dute Aldundiko eta euskalgintzako ordezkariek. 

Parte-hartze prozesu horren orain arteko bidean, batetik, euskalgintzaren alorreko elkarte eta enpresen jarduna esparru berrietara zabaltzeko egokiera identifikatu da. Testuinguru horretan jarri da martxan Putzuberri egitasmoa, Foru Aldundiak berak zenbait alorretan dituen lan jardunen eta deialdien berri eman eta euskalgintzarekin kontraste lan bat egitea ahalbidetu duena. 

Aldundiaren gobernantza eredu berriari jarraituz, parte hartze prozesuaren ondorioak gure politiketan txertatzeko asmoa dugu

Bestetik, euskararen normalizazioan eraginkorrago izateko “palanka” batzuk identifikatzeko lehen urratsak eman dira parte-hartze prozesuan. Mikel Irizarrek jakinarazi duenez, aldaketarako palanka gisa identifikatu den alor nagusietako bat “irekitasuna” da. “Euskararen aldeko dinamikak sortu izan direnean, erakundeon nahiz euskalgintzaren esparruetatik, herritarrak ekimen horietara erakartzen saitzen gara normalean. Horrek emaitza positiboak ekarri ditu, baina aldi berean herritar askok urrutitik ikusi ohi ditu dinamika horiek. Irekitasuna litzateke euskara eramatea jendea dagoen tokira. Eta horrek desafio berriak planteatzen dizkigu”, gaineratu du.

“Aldundiaren gobernantza eredu berriari jarraituz, parte hartze prozesuaren ondorioak gure politiketan txertatzeko asmoa dugu Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzan”, aurreratu du Irizarrek. Datozen hilabeteetan parte-hartze prozesuak indarrean jarraituko du, gisa horretan euskararen normalizazio prozesua indartuko duten “palanka” horien inguruko gogoetan sakondu eta horien inguruko ekinbideak definitu ahal izateko.