Atzealdea

Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia

Foto Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia

Euskarazko ikus-entzunezkoen laborategia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu esperimental honen diseinua azken fasean da, alorreko eragileekin elkarlanean, eta datorren urtean zabalduko ditu ateak Tabakaleran.

Jardunaldia

Ikus-entzunezkoen sektoreko 50 eragile eta ordezkari elkartu dira gaur Hernaniko Orona Ideo gunean, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako proiektu esperimentaletako baten oinarriak ezagutu eta horien inguruan gogoeta egiteko. Hain zuzen ere, euskarazko ikus-entzunezko edukien sorrera bultzatzeko faktoriaren inguruan mintzatu dira bertaratutako guztiak.

Aldundiak joan den urtean ekin zion aipatutako proiektu esperimental honi jorratzeari, eta lan talde bat martxan jarri zuen horretarako, sektoreko eragileen ekarpenak jaso, euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean egon daitezkeen gabeziak identifikatu eta munduan zehar abian diren tendentziak ezagutzeko. Behin lan hori eginda, proiektuaren lehen oinarriak aurkeztu zituzten atzo, parte-hartzaileei ezagutzera eman eta kontrastatzen jarraitzeko.

Orain arteko egindako lanaren ondorioak eta, beraz, euskarazko ikus-entzunezko laborategiaren zutabe nagusiak, Iban Arantzabal (Goiena) eta Amaia Pabonek (Mondragon Unibertsitatea), haiek izan baitira orain arteko ikerlan eta kontraste lana egin dutenak.

Jakinarazi dutenez, Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia datorren urtean jarriko da martxan Tabakaleran eta hainbat eginkizun hartuko ditu bere gain. Batetik, behatoki gisa funtzionatuko du, industriarako aukera berriak hautemanez, nazioarteko tendentzietan oinarrituz ekimen berriak proposatuz, eta aukera guztietatik potentzialki arrakastatsu eta berritzaileenak izan daitezkeenak identifikatuz. Bestetik, inkubagailu papera ere jokatuko du, sorkuntzarako espazio eta dinamikak sortuz eta sorkuntza eredu berriak landuz. Amaitzeko, prototipoak garatu eta produkzio fasera pasa aurreko testatzea lantzeko eremu bat ere izango du.

Laborategia Tabakalerako ekosisteman integratuko da eta, gainera, bere egitasmoaren zabalkundeari garrantzia handia emango dio. Gainera, sektorearen parte-hartze zuzena bultzatuko du eta eragile ezberdinen arteko interakzio eta elkarlana bultzatzea izango du xede, besteak beste.

Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia sendotzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera bultzatu asmoz

Berrikuntza gune berri honen diseinuaren azken fasea bideratzeko, nazioarteko eragileak eta haien ereduak ezagutzen jarraitzeko zenbait jardunaldiko zikloa  antolatu du Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna lemapean eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan. Urriaren 6an, urriaren 31n eta azaroaren 16an izango dira jardunaldiok, eta berauetan solasaldiak eta world-kafe formatuko dinamikak egingo dira. Aurretik, joan den maiatzean Betina Hagerup Danimarkako Danish Business Authority bulegoko zuzendari nagusiarekin topaketa izan genuen.

Gaurko jardunaldiaren protagonista Garazi Goia izan da. Ikus-entzunezko estrategian aditua eta telebistaren merkatu anglosaxoian esperientzia zabalekoa, Britainiar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak izeneko hitzaldia eskaini du Goiak, eta ondoren solasean aritu da Jaime Otamendi kazetariarekin.

“Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia sendotzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera bultzatu asmoz. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago”, adierazi du Mikel Irizarrek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, jardunaldiaren hasieran. Gainera, egiaztatu ahal izan denez, unibertsitate esparruko ikerketa eragileek zein komunikazio sektoreko enpresa esparrukoek “ez dute euskarri aski beren lanetan produktu eta zerbitzu berriak ikertu eta esperimentatzeko”, beste sektore batzuek halakoak badituzte ere.

“Horrek, zalantzarik gabe, zaildu egiten du euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko prozesua. Horregatik, sektoreari dagokionez, euskarri eta dinamizazio egitura bat sortzea beharrezkotzat jotzen da; horretarako, Tabakalera gunea erabiliko da, zeinak, nazioarteko izaera duen sorkuntza gune garaikide gisa, sinergiak sorraraziko dituen bertan diharduten kultura sortzaile eta eragileen artean”, aurreratu du Irizarrek.