Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Itsas ondarea babesteko hitzarmena

Itsas ondarea babesteko hitzarmena

Gipuzkoa, Bizkaia eta Jaurlaritza elkarlanean arituko diralan itsas ondarea babesteko.

2016/03/21

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbaok eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien arteko lankidetza-protokoloa sinatu dute, gaur goizean, euskal itsas ondarea babestea helburu duen estrategia komuna prestatzeko.

Hiru erakundeen iritziz, euskal kultura-ondarea gure kulturaren eta gure bizitzeko moduaren isla da, baita euskaldunok kultura unibertsalari egindako ekarpen historikoaren lekukorik garrantzizkoena ere. Zehazki, itsas eta arrantza-tradizioak itsas ondare aberatsa sortu du, eta itsas ondare hori oso izaera desberdineko hiru elementuk eta itsas jarduerarekin lotzen den ondare immaterialez osatuta dago. Horren adibide bat izango lirateke zurezko kroskoa duten eta oraindik ur gainean dauden itsasontziak, arrantza-tresna tradizionalak eta merkataritzaren eta nabigazioaren sektorearekin lotzen diren beste elementu batzuk. 

Erakundeak jakitun dira, ondare hori kontserbatuko bada eta balioz hornituko bada, elkarlanean eta koordinatuta jardun behar dutela. Gainera, ondare hori garapen-sektore estrategikoa da. Ondarearen integritatea zaindu nahi da, eta ondarea babesteko eta hedatzeko neurriak aplikatu behar dira, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiek ondare hori ezagut eta goza dezaten. Zurezko kroskoa duten itsasontzien kasuan, gainera, premiazkoa da denboraren poderioz itsasontzi horiek izaten duten degradazio-prozesua saihestuko duten neurriak hartzea.

Horregatik guztiagatik, Euskal Itsas Ondarearen Plan Zuzentzailea prestatzeko lankidetza-protokoloa idatzi dute.

“Gipuzkoa partaide izan duten gertakari historiko garrantzizkoenak itsasoarekin lotuta daude. Garrantzi handiko da ondare hori mantentzea eta gazteek Gipuzkoaren nortasunaren funtsezko alderdi hori ezagutzea, segur aski nazioartean proiekzio handiena eta gure historian pisu handiena duen alderdia baita” adierazi du Denis Itxasok.

“Itsas ondarea mantendu eta babestuko duen plan integral baten beharra hauteman dugu –zalantzarik gabe hiru erakundeen adostasuna behar zuen gai konplexua–. Itsas ondarearen kontserbazioan estrategia bateratuaren gabezia eta arlo horretako babes-hutsunea aintzat hartuta prestatu dugu gaur izenpetzen dugun lankidetza-protokolo hau. Prozesu luzea eta zaila izango da, eta, horrenbestez, garrantzi handikoa izango da erakundeen arteko elkarlana, baita indarra eta baliabideak batzea ere” adierazi du Lorea Bilbaok.

Joxean Muñozen iritziz, azken urteotan agerikoa izan da itsas ondarea kudeatzeko plan baten beharra, eta bereziki zurezko itsas ondarea kudeatzekoa. “Hori dela eta, garrantzi handikoa iruditzen zait gai horri lehenbailehen heltzea. Nolanahi ere, ikuspegi hori bideraezina da erakundeen arteko beste lankidetza motaren bat ez badago, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek elkarlan estuan jarduten ez badute. Horrenbestez, gaur sinatzen den akordioa garrantzi handikoa da, eta lankidetza horren emaitzak berehala ikusiko ditugulakoan nago”. 

Plan hori mailaz maila diseinatuko da, eta hala ekingo zaio itsas ondarearekin hasita. Arreta berezia jarri beharko zaio zurezko kroskoa duten ontzien kudeaketari, hau da, horien degradazio-prozesua saihesteari eta berezko balioen transmisioa bermatzeari, betiere iraunkortasun ekonomikoaren ikuspegitik bideragarria bada.

Gaiaren konplexutasuna kontuan izanik, hiru erakundeek konpromisoa hartu dute egin beharreko jardunak berariazko lankidetza-hitzarmen bidez finkatzeko. Hitzarmen horietan zehaztuko dira, besteak beste, egin beharreko ekintzak, beharrezko bitarteko pertsonalak eta materialak, eta aldeetako bakoitzak bere gain hartuko dituen konpromiso ekonomikoak eta bestelakoak. Protokolo horrek, beraz, ez du finantza-inplikaziorik.

Eusko Jaurlaritzak “euskal itsas ondarea” osatzen duten elementu guztien inbentarioa egin du. Inbentario horretan, elementu horien gaur egungo egoera definitzeaz gain, horietako bakoitzaren kokalekua, identifikazioa eta kultura-interesaren maila zehaztu da. Inbentarioa etengabe aberastuko da, eta erreferentzia izango da ondarearen babesari ekiteko eta Plan Zuzentzailea idazteko eta garatzeko.

Eusko Jaurlaritza arduratuko da, halaber, Plan Zuzentzailea onartzeaz –Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien adostasunarekin– eta garrantzi berezia duten elementuak babesteaz, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak aurreikusten dituen mekanismoen bitartez. Era berean, zurezko kroskoa duten itsasontziak leheneratzeko kontserbazio-neurri prebentiboak proposatuko ditu, itsasontzi horien degradazio-prozesua saihestearren.

Foru Aldundiek, bestalde, beharrezko lankidetza, aholkularitza eta laguntza emango diote Eusko Jaurlaritzari; horrez gain, ezagutza, dokumentazioa eta eskura dituzten baliabide teknikoak jarriko dituzte, eta itsas ondarean barnean hartzen diren ondasunak kontserbatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte.

Bestalde, adituen batzorde bat osatuko da, administrazioen kontsulta-organoa izango dena euskal itsas ondarearen kudeaketaren eta kontserbazioaren gaietarako. Batzorde hori arduratuko da Plan Zuzentzailea idazteaz. 

  

1143