Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Familia enpresen errotzea eta lehiakortasuna

Familia enpresen errotzea eta lehiakortasuna

Diputatu nagusiak Yurrita Group bisitatu du, Euskadiko kontserbategi zaharrena.

Yurrita enpresara bisita

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Yurrita Group-en planta bisitatu du gaur goizean Mutrikun. Berau Euskadiko kontserbategi zaharrena da, 150 urteko ibilbidea baitu. Urte horietan guztietan, familia bereko bost belaunaldik kudeatu dute. Olanorekin batera, Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatua eta Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatua izan dira bertan. Diputatu nagusiak azpimarratu du zein rol ezinbestekoa duten familia enpresek ekonomiaren lehiakortasunean eta lanpostu sorreran Gipuzkoan; ondorioz, lehen mailako helburutzat jo du horiek lurraldean errotzea.

Bisitan, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea ere izan da. Juan eta Jorge Yurrita lehengusu eta konpainiaren zuzendariek plantako instalazioak erakutsi dizkiete, eta Mutrikuko enpresak aurrean dituen erronken berri eman diete.

«Familia enpresak oinarrizkoak dira gure industrian. Guztion artean, lortu behar dugu gurean errotuta jarraitzea, eta lehiakortasunean, berrikuntzan eta merkatu berrien bilaketan aurrera eramaten dituzten ekimenetan babesa eman behar diegu», azpimarratu du diputatu nagusiak. Izan ere, Gipuzkoari egiten dioten ekarpena izugarria dela gehitu du, «jarduera, aberastasun eta lanpostu sortzaile diren aldetik, lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialari laguntza handia ematen baitiote».

Diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoan dauden 900 enpresa txiki eta ertainetatik, % 65 familia enpresak direla, batez beste 32 langile dituztela eta urtean batez beste 6 milioi euro fakturatzen dituztela. Kasu gehienetan, gainera, jabetza familiaren bigarren belaunaldiaren eskuetan dago, Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal fundazioak, Euskadiko Familia Enpresaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin egindako azterketa batek dioenez.

Errotzeko 20 proiekturi laguntza ematea

«Nabarmentzekoa da Yurritak eta antzeko familia enpresek egiten duten ahalegin berritzailea, eta lurraldearekin eta Gipuzkoako gizartearekin erakusten duten konpromisoa. Hori dela eta, garrantzitsua da erakundeok enpresa horiek hemen errotu daitezen laguntzea, ditugun tresna eta estrategien bidez eta lehiakortasunari indar emanez zentzu guztietan», laburtu du Olanok. Orobat gogorarazi du Sustapen Ekonomikoko Foru Departamentuak programa berezi bat duela enpresa proiektuen errotzea sustatzeko. Iaz, 20 jarduera sustatu ziren horren bidez, 392.000 euroko inbertsio batekin.

Yurrita Group familia enpresa lehiakortasunaren eredu bikaina da. 20 milioi euroko fakturazioarekin, eta 100 langiletik gora ditu Mutrikuko herri itsastarrean, hiru plantatan banatuta: bokarta, hegaluzea eta kroketak. 1867an sortu zenetik, Euskadiko kontserbategi zaharrena da, eta Estatuan dauden elikadura enpresen artean ere eskarmentu luzeena dutenetako bat da.

Bere produktuak 60 herrialdetan daude, 1963an hasi zituen merkatu zabalkunde bati esker. Azken urteetan aurrera eraman duten nazioartekotzeko estrategia bati esker, beren Lorea produktua liderra da bokarten salmenta merkatuan, non eta Japonia bezalako merkatu zail batean.

  

1302