Atzealdea

Turislan, Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azoka

Foto Turislan, Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azoka

Turislan, Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azoka

kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustua

Turislan, Gipuzkoako Turismoko Enplegu Azoka

Itxaso: «Turislan, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustua ere bada, eta San Sebastian Region norakoaren kalitatea hobetu nahi du».

Hurrengo bi urteetan 14 ostatu berri irekiko dituzte, eta horrek zuzeneko 250 lanpostu sortuko ditu. «Edozein kualifikazio duen jendeak har dezake parte».

Turislan Gipuzkoako lehenengo Turismoko Enplegu Azoka aurkeztu dute Denis Itxaso kultura eta turismo diputatuak, Isabel Manuela Eusko Jaurlaritzako turismo sailburuordeak eta Fernando Nebreda Garapenen –Garapen Agentzien Euskal Elkartearen– lehendakariak. Turislan martxoaren 27an eta 28an egingo da Ficobarekin lankidetzan, eta kalitatezko enplegu profesionala sortzea izango du helburu, norakoaren kalitatea hobetzeko eta sektorea profesionalizatzeko.

Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izango da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izango da.

Turislanen parte hartuko duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izango dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai posibleak ezagutu nahi dituzte. Azokan parte hartuko dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek.

Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan egin den gastu turistikoa Barne Produktu Gordin (BPG) osoaren % 7,4 da. 2016an, milioi bat turista baino gehiago eta bi milioi ostatu gau baino gehiago izan ziren. 2015ean, gastu turistikoa 1.706 milioi eurokoa izan zen (2014an baino 71 milioi euro gehiago). 20.000 pertsona baino gehiagok egiten dute lan ostatuetan, eta jarduera turistikoari lotutako 25.000 establezimendu baino gehiago daude guztira. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, Donostia lehen postuan dago estatu mailako norako turistiko urbanoen artean, RevPAR neurgailua (fakturazioa logelako) aintzat hartuta. 

Une honetan 12 hotel daude martxan Donostian, eta bi hiriburutik kanpo: bost lau izarreko, hiru goi mailako lau izarreko, bi hiru izarreko eta bi bi izarreko. Guztira, 703 logela gehiago egongo dira 2017 eta 2019 artean. Gainera, azken lau hilabeteetan lau ostatu gehiago ireki dira. Horren guztiaren ondorioz, zuzeneko 250 lanpostu sortuko dira, bai eta zeharkako beste asko ere (hala nola garbiketan edo segurtasuna).

«Zifra horiek hazkunde eta etorkizun handiko norako bihurtzen dute Gipuzkoa. Horiei esker, lan bila ari diren pertsonentzako aukera handi bat ere bada. Datu garrantzitsuak dira, erakusten baitute sektorea motor garrantzitsuenetako bat ari dela bilakatzen lurraldearen garapen ekonomikoari eta aberastasuna eta enplegua sortzeari dagokionez. Horregatik, irmoki uste dugu ahalegin berezia egin behar dugula gure lurraldeko sektore turistiko desberdinen kalitate-indizeak hobetzeko». Itxasoren ustez, Turislan, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, «kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustu bat ere bada, eta bultzada berezia eman nahi diogu norakoaren kalitatea hobetzeari».

Enplegua aktiboki bilatzeko gaitasuna hobetzeko, azokak osagarri izango ditu, batetik, mintzaldi programa bat –topaleku eta hausnarketarako zein sinergiak sortzeko foro gisa–, eta, bestetik, tailerrak eta erakustaldi praktikoak, esperientziak partekatzea, hobetzeko dauden puntuak aurkitzea eta San Sebastian Region norakoaren kalitate indizeak handitzea xedetzat hartuta.

Eskualdeetako Garapen Agentziek lan eskaintzen bitartekari lanak egingo dituzte, lagundu egingo dute lan eskaintzak atzematen, pertsonak hautatzen eta hala eskatzen duten enpresentzat azoka egunerako elkarrizketa pertsonalak hitzartzen.

Nola parte hartu

Erakusketariek Turislanen micrositean eman dezakete izena, otsailaren 28ra arte. Lan bila ari diren pertsonek, berriz, eskaintzetarako sarbidea izango dute eta hautagai bila dabiltzan enpresetara curriculumak bidal ditzakete martxoaren 1etik 10era. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko.

Informazio liburuxkak bidaliko dira eskualdeetako enplegu agentzietara, udaletako zerbitzu sozialetara eta kultura etxeetara, lan bila ari diren pertsonak azokan izena ematera bultzatzeko. Gainera, publizitate handia egingo da sare sozialetan, eta informazioa eskura egongo da turislan.ficoba.org webgunean.