Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Fiturren egongo da, Chillida-Lekuren irekiera eta Pasaiako Itsas Jaialdia berrikuntza nagusi dituela

Gipuzkoa Fiturren egongo da, Chillida-Lekuren irekiera eta Pasaiako Itsas Jaialdia berrikuntza nagusi dituela

Eskaintza honek artean eta kulturan interesa duen turista erakarriko du

Itxaso: "Gure eskaintzarekin, artean eta kulturan interesa duen turista erakarriko dugu"

Gipuzkoa Fiturren egongo da bihar, Madrilen egiten den Turismoko Nazioarteko Azokan, Euskadiren aterkipean eta bi berrikuntza nagusi dituela: Chillida-Leku Museoaren berrirekiera eta Pasaiako Nazioarteko Itsas Jaialdia, zeina maiatzaren erdialdean egingo baiten. Horrela, interes artistiko eta kulturala duen turismoa erakarri ahal izango dugu. Gipuzkoako Foru Aldunditik, azokan izango dira Denis Itxaso, Kultura eta Turismo diputatua, eta Maite Cruzado, Turismo zuzendaria.

"Uste dugu Itsas Jaialdiak indar turistiko izugarria izango duela, batez ere publiko frantsesari begira, baina Espainia eta Gipuzkoa osoko jendea ere erakarriko du" esan du Itsasok.

Pasaiako Itsas Jaialdiaren lehenengo edizioa maiatzaren 17tik 21era egingo da. Denboran jarraipena izateko asmoz sortu da, eta bi urtean behin egitea aurreikusten da. Jaialdia geografikoki bereizita baina dinamizazioari dagokionez oso lotuta egongo diren bi esparrutan antolatuko da. Alde batetik, uretako eremua egongo da, eta bertan bilduko dira Europako leku ezberdinetako ontzi tradizionalak, bakoitza bere eskifaiarekin; eta bestetik, lehorreko eremua egongo da, Pasaiako barrutietan "village" izeneko eremu espezifikoak kokatuko baitira. Horietan, bisitariek jarduera eta ekitaldi kultural, musikal nahiz gastronomiko ugari aurkituko dituzte.

Pasarela bilakatuko da Pasaiako badia, ontzi nagusi bat buru duela, Hermione, zeina La Fayettek ameriketara joateko erabili zuen ontziaren erreplika baita. Hermione ontziarekin batera, itsasontzi tradizional asko ere egongo dira, eta haien inguruan kultur eta gastronomia jarduera ugari antolatuko dira.  Hermione ontziaren bigarren itsasketa izango da, eta Pasaian amaituko da. 

Madrilen egingo den aurkezpenean, jaialdiari buruzko xehetasun ugari emango dira: jaialdiaren filosofia, eszenatokiak, gonbidatuak, parte hartzen duten itsasontziak, jarduerak, eta abar. Gainera, itsas ondarearen sustapenean eta berreskurapenean, indar turistikoan eta garapenerako estrategian duen garrantzia azpimarratuko da.

Bestalde, Chillida-Leku museoa 2018an irekiko dela aurreikusten da, eta, horrela, Gipuzkoak Chillida artista apartaren obrak eskaintzen dituen baliabide kultural eta turistikoak txertatuko ditu bere eskaintzan. Horrek guztiak profil eta interes artistiko eta kulturaleko bisitariak erakarri ahal izango ditu. 

Aldundiak Museoko kudeatzaile berriekin lan egin nahi du, museoan antolatzen diren jarduerak Gipuzkoako baliabideen gidan eta programazioan txertatzeko.  "Aire zabaleko arte museo honek berriro sartuko gaitu arte garaikidearen zaletuentzat interes berezia duen zirkuitu esklusibo eta apartean" adierazi du Itxasok. 

Fitur azokan, baita ere, Europako Batzordeak jomuga europar bikainenei ematen dien Eden Saria jasoko du Inaziotar Lurraldeak. Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean, sari hori jaso dute, aurkeztu duten proiektuan nabarmenak baitira jasangarritasuna, babes sozial, tekniko eta politiko zabala, eta lurrarekiko eta bertan kokatzen den ondarearekiko loturan oinarritutako proposamenaren jarraitutasuna. Bestalde, Urola Kostak SICTED saria jasoko du, udalaz gaindiko administrazio eta kudeatzaile onena izateagatik.

Gainera, Gipuzkoak apirilaren 4tik 8ra Zarautzen egingo den Nazioarteko Surf Txapelketa aurkeztuko du.

2017ko datu turistikoei dagokienez, abenduko datuak falta baditugu ere, badirudi 2017 urte bikaina izan dela berriro ere Gipuzkoarentzat.

"Datuek agerian jartzen dute Gipuzkoako sektore turistikoaren heldutasuna, dinamismoa eta indarra, BPGren % 4,7 turismotik baitator.  Baina kasu honetan, haztea bezain garrantzitsua da hazkunde hori homogeneoa izatea, eta hori da egiten ari garena. Gipuzkoan geroz eta meheagoa da kostaren eta barrualdearen arteko arraila; goi denboralditik kanpoko turismoa ere areagotzen ari da; batez besteko egonaldiak gero eta luzeagoak dira; eta eskualde guztietara eta urteko hilabete guztietan iristen dira kultura, gastronomia eta artea gustuko duten turista atzerritarrak. Hazkunde orekatu eta iraunkor baten aurrean gaude, eta hori da lehentasuna Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat" amaitu du esanez Itsasok.

 

 

 

 

  

1297