Atzealdea

Foru Aldundiak 300.000 euro xedatu ditu alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

Foto Foru Aldundiak 300.000 euro xedatu ditu alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

Foru Aldundiak 300.000 euro xedatu ditu alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

Itxasok adierazi du Gipuzkoak errefuxiatuak babesten dituela banaka nahiz maila kolektiboan, elkarteen bitartez edo ekimen ezberdinak bultzatuz

Foru Aldundiak 300.000 euro xedatu ditu alde guztietako errefuxiatuei zuzendutako larrialdi humanitarioko ekintza proiektuetarako

Lankidetzarako Zuzendaritzak 300.000 euro xedatu ditu aurten larrialdiko laguntzetarako. Aurten foru laguntza jaso duten sei proiektuetatik, bostek lotura zuzena dute errefuxiatuek munduko leku ezberdinetan (Tanzania, Aljeria, Irak, Mozambike eta Grezia) bizi duten dramarekin.

Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Erakundeak (ACNUR) dituen kopuru ofizialen arabera, munduan 65 milioitik gora errefuxiatu eta desplazatu daude. Asian, Afrikan, Europan, Latinoamerikan eta Ipar Amerikan gertatzen den fenomeno bat da. Batzuk gerratik ihesean doaz eta beste batzuk aukera berri baten bila. “XXI. mendeko drama nagusietako bat da, eta, ikuspegi moraletik eta humanitariotik begiratuta, hausnarketa sakon bat egitera behartzen gaitu mundu hau aldatzeko eta bermatzeko oinarrizko giza eskubideak eta duintasuna pertsona guztiengana iristen direla”, adierazi du Denis Itxasok.

 “Europako erakundeen kasuan, gaitasun eza handia eta gizatasun urria erakutsi dute erantzun bat emateko errefuxiatuen arazoari, oraindik ere gori-gorian jarraitzen duen dramari. Gizarteak, berriz, bere aktibismoarekin erakutsi du Europako erakundeen aurretik doala eta, Gipuzkoaren kasu zehatzean, harrotasunez esan dezakegu Gipuzkoa beti errefuxiatuen alde mobilizatu dela, bakarka nahiz maila kolektiboan, GKEn eta elkarte ezberdinen bitartez, edo berez antolatu diren ekimen ezberdinen bitartez”.

Itxasok azaldu duenez, “Foru Aldundiaren kasuan, larrialdiko laguntzak eman dizkiegu bere lurraldetik atera beharra izan dutenek pairatzen dituzten ondorio latzak arintzea helburu duten proiektuei”. Larrialdiko laguntzen xedea da ekintza humanitarioko proiektuak burutzea eta natura hondamendien edo gatazka armatuen ondoriozko larrialdiko premiei erantzutea. Kasu honetan, bi motatako proiektuak onartu dira:

 

  • Larrialdiko laguntza proiektuak, hondamendiek kaltetutakoen berehalako premiei erantzuteko, beren biziraupena bermatzeko eta sufrimendua arintzeko oinarrizko ondasunez eta zerbitzuz hornitzea helburu dutenak (berotzeko materiala, aterpea, edateko ura, elikagaiak, osasun laguntza eta haur hezkuntza).

 

  • Ekintza humanitarioko proiektuak, zentzu zabalagoan hartuta, hondamendien beste fase batzuei erantzutea xede dutenak, eta krisia piztu aurreko egoerara itzultzea helburu dutenak.

 

Ondoren zehazten diren gobernuz kanpoko erakundeen 6 proiektuk diru laguntza jaso dute: Alboan Fundazioak Tanzanian, Mundubat Fundazioak Aljerian, Emigrad@s Sin Fronteras elkarteak Iraken; Proyde-Proega Fundazioak Mozambiken, Egoaizia Elkarteak Perun eta Intxaurrondotik Wukrora Elkarteak Grezian.

 

 

ALBOAN FUNDAZIOA

Proiektua: Mtendeliko (Tanzania) errefuxiatuen esparruan dauden Burundiko errefuxiatuentzako laguntza. Iraupena: 12 hilabete

Burundik 20 urte luze daramatza ezegonkortasun politikoko giroan, eta biztanleria beste herrialde batzuetara masiboki desplazatzea eragin duten hainbat gertakari bizi izan ditu. Azkena, 2015eko uztailean gertatu zen, Pierre Nkurunziza hirugarren aldiz herrialdeko presidente hautatu zutenean oposizioko taldeen protesten artean. ACNURen arabera, krisialdi hori hasi zenetik 250.000tik gora dira herrialde mugakideetan babesa bilatu duten pertsonak, bereziki Tanzanian.

Tanzaniako gobernua, ACNURekin koordinatuta, errefuxiatuak artatzeko eta babesteko esparruak irekitzen joan da, aurrekoak betetzen ziren neurrian. Azkeneko esparrua Mtendelikoa da, Kiboto lurraldean, Burundirekin mugakide den eskualdean. Gaur egun 25.000 lagun daude Mtendelin, hau da, esparruaren edukieraren erdia; alabaina, aurreikuspenen arabera, astero 2.500 lagun gehiago iristen dira bertara. Gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztu duen proiektuarekin Mtendeli esparruan dauden bi premia motari erantzun nahi zaie.

Hezkuntzarako laguntza. Eskola materiala banatuko zaie (koadernoak, erregelak, boligrafoak…) 5.500 neska-mutileri, eta trebakuntza eskainiko zaie 125 irakasleri.

Laguntza psikosoziala. Bi saio antolatuko dira 15 urtetik 25era bitarteko gazteentzat (300 parte hartzaile saio bakoitzeko), droga eta alkohol kontsumoarekin lotutako arriskuei, genero indarkeriari eta haurduntza goiztiarrari buruz hitz egiteko. Era berean, 5 eguneko 2 prestakuntza saio egingo dira ondorengo gaien inguruan: gatazkak bake bidetik konpontzea, giza eskubideak eta bakea eraikitzea. Guztira 150 gaztek parte hartzea aurreikusi da. Egoera ahulenean daudenei bisitak egingo zaizkie etxean (575 bisita inguru), eta, egoera larriak antzemanez gero, (nahasmendu psikikoak) espezialistengana bideratuko dira.  

 

 

MUNDUBAT FUNDAZIOA

Proiektua: Tindufeko (Aljeria) kanpamenduan errefuxiatuta dauden ikasle sahararrei elikagaiak ematea. Iraupena, 2,5 hilabete.

Tindufeko kanpamenduetan errefuxiatuta dauden sahararrek dituzten azaro ugarietako bat elikadurarena da, eta nazioarteko laguntzaren bitartez konpondu nahi da. 2016ko azken txostenaren arabera (ACNURek urtero prestatzen du), nutrizioari buruzko galdeketa bat egin ondoren, besteak beste, honako datu hauek nabarmendu daitezke:

 

-           6 hilabetetik 5 urtera bitarteko adingabeen % 25ak desnutrizio kronikoa dauka.

-           Adin tarte horretako adingabeen % 38ak anemia dauka.

-           6 hilabetetik 2 urtera bitarteko adingabeen % 59ak ez du jaten burdin asko duen elikagairik.

 

Aurrekari horiekin, entitate eskatzaileak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketa lortu zuen Ikasleentzako Gosari Programaren funtzionamendua ziurtatzeko 2016-2017 ikasturtean. Horrekin osatzen da Elikagaien Mundu Programak kanpamenduetako haurtzaindegiei egiten dien esne-hornidura

Ikasleentzako Gosari Programa osoarekin guztira 7.044 neska-mutil hartzen dituzten 24 haurtzaindegi hornituko dira, 240 Kcal/eguneko kaloria ekarpena egitea ahalbidetuko duten elikagaiak emanez. GFAri eskatutako diru laguntza (ikusi proposamena) nagusiki erabiliko da 24 haurtzaindegiren beharrak 7 astez asetzeko (astean 6 egunez) beharrezkoak diren elikagaiak erosteko.

 

 

EMIGRAD@S SIN FRONTERAS

Proiektua: Irakeko errefuxiatu esparruetan dauden errefuxiatu siriar kurduei elikadura laguntza, oinarrizko osasun laguntza eta laguntza psikosoziala ematea. Iraupena: 10 hilabete.

Proiektua Iraken gauzatuko da,  Nineveh  eskualdeko Qasrok eta Kalak Chyah komunitateetan.

ACNURen arabera, Siriako gatazka seigarren urtean sartzera doanean, 4,7 milioi pertsona errefuxiatu bihurtu dira, beren etxeak utzi behar izan dituzte eta babes seguru bat bilatu dute inguruko herrialdeetan, hala nola, Libanon, Jordanian, Iraken, Turkian eta Egipton. Alabaina, bizi baldintza oso gogorrak jasan behar izaten dituzte, egoera okertzen ari da, eta ez da igartzen gatazkaren konponbiderik epe laburrean.

Proiektu honen onuradun dira Siriako kurduak, Irakeko iparraldeko kurduen lurraldera iritsi eta goian aipatutako komunitateetako inguruetan gelditu direnak. 150 familia dira (950 lagun), baina errefuxiatuen esparruetatik kanpo daudenez, zailtasun gehiago izaten dute laguntza humanitarioa jasotzeko.

Hori dela eta, proiektuaren bidez elikadura laguntza, oinarrizko osasun laguntza eta laguntza psikosoziala eman nahi zaie. Zentzu horretan, jarduera hauek egitea aurreikusi da:

 

  1. Elikagaiak eta erregaia erosi eta banatzea.
  2. Lehen mailako osasun arreta eta botikak eskaintzea. Proiektuko mediku taldeak, gainera, 30 pertsonako boluntario talde bat trebatuko du osasun alorreko jardunbide onak sustatzeko.
  3. Laguntza psikosoziala eta aisialdiaren kudeaketa. Hiru laguneko talde batek (bi psikologo eta gizarte langile bat) laguntza psikosoziala eskainiko du, aisialdiko jarduerak antolatuko ditu adin taldeen arabera, eta komunitateko terapeuta lanak egingo dituzten 30 pertsonako boluntario talde bat trebatuko du.

 

 

PROYDE-PROEGA FUNDAZIOA

Proiektua: Elikadura laguntza Mozambikeko biztanleei. Iraupena: 10 hilabete

Proiektua Estanquinha komunitatean kokatzen da, Buzi barrutian, Sofala probintziaren hegoaldean.

El Niño fenomeno naturala gogor erasotzen ari da Afrika hegoaldeko zenbait herrialde, kontinente afrikarraren erdia elikadura ziurgabetasuneko egoeran utziz. Mozambike ez da salbuespen bat izan; ohiz kanpoko baldintza klimatikoak direla eta, zeinetan konbinatzen diren, batetik, lehorte luzea –Mozambikeren kasuan bi urte baino gehiago irauten ari dena- eta, bestetik, eurijasa puntualak, kalte larriak eragiten ari da laboreetan eta izugarri zailtzen ari da elikagaien erosketa eta ekoizpena.

Baldintza horietan, herrialdearen iparraldeko eta erdialdeko herri asko elikadura ziurgabetasuneko egoera kezkagarri batean murgildu da. Agintariek diotenez, Buzi barrutian 59.163 biztanle daude desnutrizio arriskuko egoeran, eta horietatik Mozambikeko gobernuak 12.846 lagun bakarrik arta ditzake, herriguneetan kontzentratuta daudenak, eta gainerakoak inolako laguntzarik gabe gelditzen dira. Bestalde, nekazaritzako egutegiaren arabera, hurrengo uzta datorren abuztuan bilduko da; beraz, ordura arte, milaka lagun babesgabezia egoeran geldituko dira, dituzten elikadura premiak ase ahal izateko inolako segurtasunik gabe.

Elikagaiak Beiran erosiko dira astero, eta tokiko gobernuz kanpoko erakundean integratuta dagoen Aktibista Taldea osatzen duten 25 lagunek banatuko dituzte biztanleen artean.

 

EGOAIZIA ELKARTEA

Proiektua: Peruko Piura eskualdeko euriteek kaltetutakoei elikadura laguntza, oinarrizko osasun laguntza eta babesa ematea.

Proiektua Peruko Piura eskualdeko Chira, Piura Goia eta Piura Behea haranetan gauzatuko da.

2017ko urtarrilaren amaieraz geroztik, Perun, eta bereziki Piura eskualdean, eurite ugari izaten ari dira, tximista, trumoi eta haize gogorrekin, “kostaldeko Niño” bezala bataiatutako fenomenoak eraginda. Horren ondorioz, eskualdean kalte handiak izan dira, egitura mailan (errepideak eta bestelako komunikabideak, etxebizitzak, eskolak, osasun zentroak…) nahiz nekazaritza mailan, euriteek labore eta abeltzaintzako lursail handiak suntsitu baitituzte.

Egoera horri aurre egiteko, proiektu honek ondorengoa proposatzen du:

  • Kaltetutako 150 familien artean (barruti bakoitzean 50) oinarrizko etxebizitza kit bat banatzea, epe laburrean euriteei aurre egin ahal izateko.
  • Kalteak prebenitu eta arintzeko ekipamenduaz eta ekipoz hornitzea defentsa zibileko 6 batzode komunal (barruti bakoitzean 2). Horrez gain, aholkularitza eta laguntza emango zaie informazioa antolatzeko eta laguntza humanitarioaren banaketa hobetzeko.
  • Euli eta zangoluzeen presentziak eragiten dituen gaixotasunak prebenitu ahal izateko fumigazio ekipo batez eta oinarrizko medikuntzako kit batez hornitzea 3 osasun zentro (barruti bakoitzean 1).
  • Gizarte azpiegiturak babesteko eta ibaiek gainezka egitea prebenitzeko 2.000 zakuz hornitzea barruti mailako 3 plataforma (barruti bakoitzean 1).

 

INTXAURRONDOTIK WUKRORA ELKARTEA

 

Proiektua: Elikadura laguntza ematea Grezian dauden errefuxiatu siriarrei.

2016ko urtarrilean, Intxaurrondotik Wukrora Elkartearean fundatzaileak, Siriako krisiarekin eta horrek Grezian zituen ondorioekin kezkatuta, Chios uhartera joan ziren eta egiaztatu zuten lagundu zezaketela uhartean errefuxiatutako siriarrei janari osasuntsua eta orekatua emanez.

Funts propioekin, enpresen dohaintzekin eta laguntza publikoekin, sukalde bat antolatu zen, eta bertan lanean aritu dira egunero 15-20 boluntario. Hamar egunetik behin, boluntarioen erdiak aldatzen ziren eta talde berri bat iristen zen, horrela, batez besteko egonaldia hiru astekoa zen. Azken urte honetan 250 boluntario aritu dira lanean, Chioseko 1.400-1.700 errefuxiaturi eguneko otordua bermatuz.

Martxoaren 5ean, GKEk Chios utzi zuen, egindako lan hori Greziako beste errefuxiatu gune batzuetan errepikatzeko asmoz. Orain, Zaporeak proiektuko koordinatzailea Grezian dago hainbat errefuxiatu gune ikusten, proiektu berria bideragarria ote den aztertzeko. Horregatik, eskaera orrian aukera ezberdinak jaso dira, baina oraindik ez daukate identifikatuta zein lekutan hasiko diren lanean.