Atzealdea

Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Munduko Eguna 2017 aurkeztu dute

Foto Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Munduko Eguna 2017 aurkeztu dute

Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Munduko Eguna 2017 aurkeztu dute

"Ni neu nauzu" lemapean, aurtengo programak pertsona hartzen du aintzat, eta ez gaixoa, eta mahai informatiboak eta hitzaldiak biltzen ditu Gipuzkoako hainbat herritan. Urriaren 20an amaituko da, “Donostia Gutuna” kongresuarekin

Foru Aldundiak eta Afagik Alzheimerraren Munduko Eguna 2017 aurkeztu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Afagik (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) gaur goizean aurkeztu dute Afagik Alzheimerraren Munduko Eguna dela-eta antolatutako kanpaina; irailaren 21ean ospatuko da, “Ni neu nauzu” lemapean. Horretarako, bihar, irailak 14, hasiko den programa bat prestatu dute, lurraldeko hainbat herritan egongo diren mahai informatiboekin hasiko dena eta urriaren 20an amaituko dena, Kursaal Jauregian “Donostia Gutuna” kongresuarekin. Aste honetako mahai informatiboen ostean, irailaren 16an, larunbata, V. Giza Kate Solidarioa egingo da, eguerdiko 12:00etan, Alderdi Ederren. Horrez gain, hilabete osoan, eta urriaren erdialdera arte, jardunaldiak eta hitzaldiak egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan. “Alzheimerrak oroitzapenak ezaba ditzake, baina ez du ezabatzen izan den, baden eta izango den pertsona", azpimarratu du Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak, Afagiko presidente Koldo Aulestia eta Aubixa Fundazioko zuzendari exekutibo Maximo Goikoetxearekin batera egin duen prentsaurrekoan. Diputatuak goraipatu egin du Aldundiaren eta Afagi bezalako elkarteen arteko “elkarlana”, alzheimerdunen eta beren senitartekoen eta lagunen "bizi kalitatea" hobetzeko.

Aulestiak aurtengo leman jarri du azpimarra: “Ni neu nauzu”. Zehaztu du alzheimerdun edo beste dementziadun “pertsonarengan” oinarritzen dela, ez gaixoarengan, ez pazienterengan, baizik eta hura izan den, baden eta “azken egunera arte” izango den pertsonarengan. “Pertsona horrek diagnostikoa jaso du, progresiboki bere oroitzapenak eta oroimena desagertzen ikusiko ditu, eta zaintza espezifiko eta bereziak jaso beharko ditu, lehenik familiarengandik, eta, ondoren, sistema soziosanitarioetatik”.

Aulestiaren esanetan, “helburu bikoitza” dute 1994an Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sortutako eta Alzheimer’s Disease Internationalek babestutako egun horretako ekitaldi guztiek: Alde batetik, Gipuzkoako gizartea "sentsibilizatu nahi da XXI. mendeko epidemia honen inguruan” eta dituen ondorio soziosanitarioen inguruan. Eta, bestetik, hezkuntza sanitariorako kanpaina bat garatu nahi da, patologia horren “prebentzioa” sustatzeko, Estatuan 4,5 milioi pertsonari eragiten baitie, gaixotasuna dutenak eta haien senitarteko zaintzaileak barne.

Afagik defendatzen duen ideiaren arabera, alzheimerra, gaixotasun bat baino gehiago, “tamaina itzeleko” arazo bat da, eta, arlo soziosanitariotik harago, gizartearen “esparru guztiak inbaditzen ditu”. Zeharkako izaera duenez, “behar-beharrezkoa” da gaixotasunaren trataera eraikitzea eta artikulatzea ikuspegi integral batetik, zeina intentsitate maila berean iritsiko zaion, bai pazienteari, bai senitarteko zaintzaileari.

Diagnostiko goiztiarra

Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak, adierazi du “diagnostiko zehatz eta goiztiarra” betidanik izan dela elkarteen mugimenduaren “nahi” garrantzitsuenetako bat. “Eta oraindik urratzeko bide luzea dugun arren –gaineratu du–, egia da asko aurreratu dela”. Gero eta diagnostiko gehiago egiten dira gaixotasunaren hasierako faseetan; horrek aukera ematen du tratamendu farmakologikoekin eta ez farmakologikoekin “garaiz hasteko”, eta horrek aukera gehiago ematen die pazienteei “bizi kalitate” epeak luzatzeko, gaixotasunak fase larriagoetarantz eboluzionatzea atzeratzen baitu.

Diagnostiko goiztiarrari dagokionez, Aulestiak azpimarratu du diagnostikatutako pertsonen % 9 eta % 10 artean 65 urtetik beherakoak direla (“gaixo gazteak”), eta horietako gehienei diagnostikoa lan jardueran iristen zaie, bete-betean. “Bi kasuetan –gogorarazi du Afagiko presidenteak–, amaiera berbera izango da: etengabeko narriadura, guztizko mendekotasunera iritsi arte. Baina, une hori iritsi arte, alzheimer diagnostikoa jaso duten pertsonek asko dute esateko, asko dute gizartera ekartzeko, gizarte horren parte baitira oraindik, parte aktibo”.

Ikerkuntza eta prebentzioa

Bere aldetik, Peñak azpimarratu du “sakondu egin behar dela mendekotasunari erantzun hobea emateko ikerkuntzan”, eta baieztatu du hori izango dela “agintaldiaren ardatzetako bat”. Amaitzeko, foru diputatuak azpimarratu du “prebentzioak” garrantzi handia duela, eta bide bakarra dela gaixotasunari “aurre hartzea”, jakin baitakigu alzheimerraren lehen sintomak gaixotasuna agertu baino “askoz lehenago” ikus daitezkeela. “Horregatik, guztiok egon behar dugu adi, edozein sintoma agertzen bada ere”, azaldu du.

diagnostikatutako pertsonen % 9 eta % 10 artean 65 urtetik beherakoak dira