Atzealdea

Akordio berri bat GBC-ak LEB Oro Ligan parte hartu dezan

Foto Akordio berri bat GBC-ak LEB Oro Ligan parte hartu dezan

Akordio berri bat GBC-ak LEB Oro Ligan parte hartu dezan

Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, “GCB taldeak berrabiarazi beharra du, bere sustraiak topatu eta Gipuzkoako saskibaloia egituratu”.

Akordio berri bat GBC-ak LEB Oro Ligan parte hartu dezan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamenduak eta Gipuzkoa Basket klubak lankidetza akordio berri bat hitzartzea lortu dute. Hitzarmen horri esker, klubak LEB Oro ligan parte hartuko du. Gipuzkoa Basket taldea ACB ligako azken postuan gelditu eta kategoriaz jaitsi ostean, eta kontuan harturik azken lau denboraldietan hiru aldiz jaitsi dela, bi aldeek ulertu dute ezin direla kategoria horretan era artifizialean mantendu; izan ere, klubak ezingo luke gastu hori beregain hartu, ezta Foru Aldundiaren diru laguntza eta RetaBet-en babes berria izanda ere. GBC taldeak zorrak pilatzen jarraitu du, nahiz eta, batetik, Espainiako saskibaloi profesionaleko lehenengo kategorian jokatzen aritu den, eta, bestetik, taldeari emandako diru laguntza publiko zein pribatu kopurua nabarmenki igo den. Hortaz, aurten ezin zenez ziurtatu taldeak berme minimo batzuekin jokatu zezakeenik, erabaki du aurtengo denboraldian ACB ligan ez jokatzea. Gauzak honela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GCB taldeak lankidetza hitzarmen berri bat adostu dute, aste honetan bertan Denis Itxaso Kultur eta Kirol diputatuak eta Nekane Arzallus klubeko presidenteak sinatu dutena.

Hitzarmen berriak Kirolgi Fundazioaren diru laguntza bat arautuko du GCB taldearen alde. Laguntza hori 250.000 €-koa izango da hurrengo lau denboraldietan, eta 250.000 €-ko ekarpen gehigarri bat emango dio, LEB Oro ligan izen emateak dakartzan kostuei aurre egin ahal izateko. Era horretan, Foru Aldundiko Kirol Departamenduak aurreko hitzarmena deuseztatzen du, urteko 700.000 €-ko ekarpena arautzen zuena, klubak Endesa ACB ligan iraun zezan.

Hitzarmen hori gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Bertan, Denis Itxasok ziurtatu duenez, “azken denboraldietako kirolari dagozkion emaitzak kontuan hartu, eta ikusi ostean ACB proiektua ez dela bideragarria, ez kirol mailan ez ekonomikoki, hitzarmen berri honek baimenduko du Gipuzkoak talde bat izatea LEB Oro ligan, eta goi-mailako saskibaloiaz gozatzen jarraitu ahal izatea”. Diputatuak azpimarratu duenez, "ACB mailan jarraitzeko eskakizunek beregain hartu ezinezko esfortzu ekonomiko bat eskatzen zuten, bai kirol politiken orekari dagokionez, eta baita diru publikoaren erabilera egokiari dagokionez ere, eta, hortaz, egoera berriro planteatu behar izan dute. Egoera berri hori hobeto egokitzen zaio kirol errendimenduari eta haren egoera ekonomiko zailari, eta horrek kluba indarberritu eta kirol mailan haztea baimenduko du”.

Itxasok gogorarazi du GBC taldeak erakutsi digula gauzak ongi egiteko eta Gipuzkoan itxaropena pizteko gai dela; are gehiago, LEB Oro ligan jokatu duen bakoitzean, ACB ligara igotzea lortu duela. Gainera, hori lortu zuten lehenengo aldian, gaur egungo Porfirio Fisac entrenatzailearekin igo zen, liga hartako aurrekontu txikienetariko batekin. Itxasok erantsi duenez, “azken urteotan, egoera ekonomikoak ez dio utzi klubari ACB ligan nabarmentzen, eta uste dute bultzada berri honek, berriro ere behetik hasteak, energiak berriztatuko dizkiola Gipuzkoa Basket taldeari, zer egiteko gai diren erakutsi ahal izateko”.

Foru Aldundiaren eta GBC taldearen arteko hitzarmenak, taldeari LEB Oro ligan izena eman eta jokatzeko aukera emateaz gain, konpromisoa eskatzen dio Gipuzkoa Basket taldeari Gipuzkoako saskibaloiaren liderra izan eta kirol hori egituratzeko, oinarrizko kategorietatik eliteetaraino.