Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ALERT proiektua sinatu du Gipuzkoak, mugaz gaindiko arloan larrialdien kudeaketa indartzeko

ALERT proiektua sinatu du Gipuzkoak, mugaz gaindiko arloan larrialdien kudeaketa indartzeko

POCTEFA europar programarako hautagaitza aurkeztu du, Nafarroa, Aragoi eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluarekin batera

2017/05/23

Gipuzkoa, Nafarroa, Aragoi eta Pirinio Atlantikoetako (CD64) erakundeetako ordezkariek elkarlan hitzarmena sinatu dute gaur Zaragozan ALERT proiektua martxan jartzeko,  Europar Batasunaren POCTEFA programaren barruan. Larrialdien alorrean eskumena duten zerbitzuen arteko lankidetzarako ekimena da ALERT, xede duena eratorritako egoerei aurre egitea, haiei irtenbidea emateko erantzun azkar eta eraginkorra funtsezkoa den kasuetan. Ekitaldian izan dira, Aldundia ordezkatuz, Imanol Lasa diputatua, eta Arkaitz Orbegozo suhiltzaileen foru zerbitzuaren burua.

Lau erakundeek 3.399.274 euroko inbertsioa egingo dute guztira proiektua gauzatzeko. Horietatik %13, 453.910 euro, Gipuzkoak jarriko ditu –kopuru horren %65 Europak finantzatzea aurreikusten da, 295.042 euro-. 2018-2020 epean burutuko da proiektua, eta alor hauek jorratuko ditu, besteak beste: Koordinazio Zentroen elkarlana eta erantzun azkarra (Aldundiaren kasuan BAI ESAN); Leku sentsibleetan, mugaren bi aldeetako pertsonak egon daitezkeen kokaguneetan,  gerta daitezkeen hondamendiei aurre egiteko protokoloak eta lan egiteko prozedurak gauzatzea (Gipuzkoaren kasuan Jaizkibel mendian batez ere); Ingurune urbanoetan gerta daitezkeen larrialdi handiei era bateratu eta koordinatuan erantzutea -suteak, industria eta garraioekin zerikusia duten gertakariak, arrisku kimiko eta teknologikoak-; Eta hondamendi naturaletan sor daitezkeen larrialdiak eta esku-hartzeen ondorioak ezagutu, neurtu, eta erantzun egokia ematea.

Gipuzkoaren kasuan, proiektuak ahalbidetuko du esku-hartze komunak hobetzea Irungo eta Hendaiako suhiltzaileen parkeen artean, Eurohiriaren hiri esparruan. Proiektuak barne hartzen dituen beste eremuetan ez bezala, biztanlego dentsitate handia, industria gune ugari, eta komunikazio azpiegitura garrantzitsuak daude bertan, errepideak zein trenbideak. Era berean, Jaizkibelen gertatzen diren ezbeharrak modu eraginkorragoan kudeatzea ahalbidetuko ditu. Ezin da ahaztu mugaren bi aldeetako bisitari eta mendizale asko erakartzen dituela inguru horrek. Telefono zerbitzuak koordinatu, eta kartografia eta segurtasun plan komunak osatuko dira, hizkuntza ezberdinak kontuan hartuz.  

POCTEFA programaren xede orokorra da mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomiko eta sozialari jarraipena ematea eta hura indartzea, lankidetzaren bidez. Hori lortzeko, elkarlan proiektuak bultzatu eta kofinantzatzen ditu, zehazki, Pirinioen bi aldeetako eta itsasertzetako eragileek eginak eta garapen adimentsua, jasangarria eta integratzailea zaintzen dutenak. Arriskuen prebentzioa eta kudeaketa da POCTEFAren bost ardatz estrategikoetako bat, 11.390.778 eurorekin hornitua. Imanol Lasa itxaropentsu agertu da Gipuzkoa barne hartzen duen ALERT proiektuaren inguruan: “Uste dugu ezaugarri guztiak dauzkala europar finantzaketa jasotzeko, eta aitzindaria dela alderdi askotan. Oso hautagaitza potentea ari gara aurkezten”.

“Larrialdiek eta hondamendiek ez dute mugarik ezagutzen”, azpimarratu du. “Badira zenbait urte mugaren bi aldeetako administrazio eta erakundeek lanean dihardugula koordinazio eta kooperazioa hobetzeko, larrialdiei ahalik eta erantzun azkar eta eraginkorrena emateko helburuarekin. Saiakera eta asmo hauek guztiak orain arte ez dira inongo hitzarmen edo idatzietan jaso, baina agerian uzten dute suhiltzaileen elkarlanerako formulak bilatzea ezinbestekoa dela, eta mugaz gaindiko koordinazioak berebiziko garrantzia duela gizartearen babeserako politikak eraginkorrak eta baliozkoak izatea nahi badugu”.

Haren esanetan, herritarren beharrei erantzun egokia emateko, etorkizuneko administrazioak “estatuen logika zurruna” gainditu, eta “lankidetza esparru naturaletan” oinarritu behar du, eskualdeak abiapuntutzat hartuz: “Horrek emango digu malgutasuna eta eraginkortasuna. Nafarroa zein Iparraldekin lotura sendoak dauzkagu, ekonomia, kultura, hizkuntza eta kultura arloan. Lotura horien isla izan behar du erakundeon arteko jardunak. Hau da bidea, bai larrialdien arloan, eta baita gizarte politiketan, garraioan, edo ekonomiaren sustapenean ere”.

Suhiltzaileen foru zerbitzuari ALERT proiektuak ekarri dizkion onurak azpimarratu ditu Arkaitz Orbegozok ere, Iparraldeko suhiltzaileekin lankidetza estutze aldera batez ere. “Orain arte, ezbehar oso larririk badago, SOS Deiak-en bitartez aktibatu izan ditugu, eta alderantziz ere, beraiek deitu izan gaituzte laguntzera joateko”. Baina harremanak onak badira ere, elkarlan hori puntuala izan da, eta ezein dokumentutan formalizatu edo egituratu gabea.

ALERT proiektuarekin, aldiz, helburu hauek lortuko dira: lan esparru bateratua sortzea, komunikazio eta koordinazio bideak ezartzea, eta elkarrekin garatzea larrialdien alderdi orori buruzko ezagutza eta eskumenak, sinergiak sortuz, hala mugaz bestaldeko zerbitzuarekin, nola gertuko beste administrazioekin. “Norberaren eskumenen barruan, konpetentzia eta ezagutzak partekatu, eta denen artean gaitasuna eta ahalmena handitu eta sustatu ahal izango ditugu”, amaitu du.

  

1302