Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Klima 2050, Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategia

Gipuzkoa Klima 2050, Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategia

Asensio: “Klima aldaketak gure eguneroko bizimoduan eta lurraldean eragingo du, eta Gipuzkoa erronka horri aurre egiteko prestatu behar da”.

2017/11/23

José Ignacio Asensio: Klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugu. Hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa”.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategia garatu eta abian jartzeko bere departamentuak prestatu duen Gipuzkoa Klima 2050 estrategia aurkeztu du. Aurreproiektua Diputatuen Kontseiluan aurkeztu da, eta bertan onartu beharko da datorren urtetik aurrera abian jartzeko. Gipuzkoa Klima 2050 Ingurumeneko Departamentuak lurraldean aurreneko aldiz abian jarri den Klima Aldaketaren Programaren oinarrizko atala da, eta 600.000 euro xedatu dira horretarako. “Klima aldaketak gure eguneroko bizimoduan eta lurraldean eragingo du, eta Gipuzkoa erronka horri aurre egiteko prestatu behar da” nabarmendu du foru diputatuak aurkezpenean. “Klimarekin errespetuz jokatzen duen garapen eredu jasangarria behar dugu. Hondamena gainean dagoenean lanean hastea ez da nahikoa” adierazi du Asensiok erakundeen zereginari dagokionez.

Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak Parisko Klimaren Goi Bilerako akordioak (2015) ditu oinarri. Akordio horien helburua da mende honetan tenperatura igoera 2 gradu baino gutxiagokoa izatea, eta tarte hori murrizteko eta industriaurreko mailei dagokienez 1,5 gradutik behera uzteko lan gehiago egitea. Ildo horretatik, Europar Batasunak 2030 Esparrua onartu du, zeinaren helburu nagusiak hauek baitira: berotegi efektuko gasen isurketa % 40 murriztea 1990. urteko datuen aldean; %27ko portzentajea lortzea energia berriztagarrien erabileran; eta energia efizientziaren datuak %27 hobetzea. Klima 2050 euskal estrategia aurrerago joan da, eta berotegi efektuko gasen isurketa % 80an jarri du 2050. urterako.

Testuinguru horretan Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoa Klima 2050 estrategia prestatu du, energia berriztagarrien erabilera, ekoindustriak, mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeko, karbono gutxiko gizarte eredu baterantz joateko oinarrizko zutabe gisa. Estrategia horren xedea da lurralde eragileak eta herritarrak sentsibilizatzea, eta inplikatzea, isurketak murrizteko eta berotze globala geldiarazteko ezarritako helburuak lortzeko plan eta jardueretan.

Tenperaturak, itsasoaren maila eta uholdeak

Gipuzkoan klima aldaketaren ondorio esanguratsuenak hauek izango dira: batez besteko tenperaturak eta muturreko tenperaturak igotzea (1,5/5 gradu), itsasoaren maila igotzea (29/49 cm), prezipitazioen jaitsiera (% 10/30), eta muturreko prezipitazioak handitzea, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Adibidez, aurreikuspen horiek betez gero, gure hondartzen herena arriskuan egongo litzateke, eta prezipitazioen eredu berriak nabarmen areagotuko luke uholde arriskua. Ondorio horiek arintzeko, erresilentziara zuzendutako lurralde eredu bat izan behar dugu (uholde arriskuak murriztu, tenperaturen igoera leunduko duten azpiegitura berdeak izan). Era berean, kostalderako plan berezi bat izan behar dugu, hondartzak egoera berrira egokitzeko, inguru urbanizatuetan inpaktua murrizteko, eta turismoan izan dezakeen eragina gutxitzeko; horretarako, gure itsasertza kartografiatuko dugu, klima aldaketak gure kostaldean eragin ditzakeen arriskuen mapa bat izateko. Ildo horretatik, gomendatzen da ekosistema autoktonoak indartzea, bereziki ibaiak eta basoak, karbono hustulekuak direnez gero, klima aldaketaren ondorioetatik babesteko Gipuzkoak duen gaitasuna areagotzen baitute. Lehenengo sektoreari dagokionez, nekazaritza ekologikoa eta “0 km" produktuen kontsumoa sustatzea gomendatzen da, isurketak murrizteko neurri bezala.

Beste inpaktu nabarmen bat hondakinena da, batez ere, hondakin organikoak zabortegietan botatzeak eraginda; berotegi efektuko gas isurketen % 80 arrazoi horregatik sortzen dira. Atal horretan, Gipuzkoa Klima 2050 ekimenak isurketa gutxi eragiten duen hondakinen kudeaketa proposatzen du, hainbat neurri hartuta: 0 zabor isurketa sistema finkatzea; prebentzioa sustatzea; berrerabiltzeko zentroen sarea osatzea; elikagaien xahuketaren aurkako politika ezartzea; materia organikoaren bilketa eta gaikako bilketa sistema adimendunak sustatzea; eta mekanismo bereziak ezartzea, esate baterako, udaletan, sortutako hondakinen araberako tasa.

Gipuzkoan, berotegi efektuko gasen isurketen % 40 garraioak eragiten ditu, beraz, horrek izan behar du gure jarduketa ardatz nagusietako bat. Proposatutako neurrien artean, besteak beste, aurreikusten da mugikortasun jasangarriko planak garatzea, mugikortasun elektrikoa sustatzea, eta bidegorrien foru plana bukatzea. Halaber, estrategia nagusia garraio publikoa sustatzea da, intermodalitatea eta tarifa batasuna bermatua, horrela, erabiltzeko erraztasunak emateko eta erabilera areagotzeko.

Beste jarduera esparru garrantzitsu bat energia kontsumoarena da, isurketen % 30 baino gehiago eragiten baitu. Arlo horretan, Gipuzkoa Klima 2050 ekimenak autohornikuntzako planak sustatzea proposatzen du, tokiko komunitateetan energia berriztagarriak erabiliz. Esparru publikoan, energia berriztagarrien sistemak ezartzearen aldeko apustua egiten du, udal eta foru eraikin publikoak hornitzeko. Era berean, herritarrei beren kontsumoak hobeto ezagutzeko bitartekoak ematea aurreikusten du, horrela, energia aurrezteko.

Gipuzkoa Klima 2050 onartzeko prozedura honako hau da: azaroa eta abendua bitartean foru agindu bat onartuko da prozedura hasteko, kontrastea egingo da, eta Foru Aldundiko zuzendarien eta zerbitzu buruen ekarpenak jasoko dira; Batzar Nagusietan aurkeztuko da, eta, ondoren, agindu baten bidez behin betiko proiektua onartuko da. Otsaila eta maiatza bitartean parte hartze publikoko prozesu bat egingo da, lurralde eragileek, beste administrazio batzuetakoek zein enpresetakoek eta elkarteetakoek, beren ekarpenak eta ikuspuntuak emanez dokumentua aberastu dezaten; ondoren, Diputatuen Kontseiluaren dekretu bidez onartuko da behin betiko proiektua.

  

1220