Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak aurrekontuetan genero ikuspegia integratzeko eredu berria aurkeztu dio Europari

Gipuzkoak aurrekontuetan genero ikuspegia integratzeko eredu berria aurkeztu dio Europari

Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdintasunerako Europar Institutuak antolatutako adituen bilera batean parte hartu du Bonnen, Alemanian

Aurrekontu publikoak diseinatzerakoan genero ikuspegia integratzeari buruzko adituen bilera batean parte hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza batek, Miren Elgarresta Berdintasuneko zuzendaria eta Bittori Zabala Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria buru zituela, Emakundeko ordezkariekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek Gipuzkoaren eredua aurkeztu diete zenbait erakunderi eta adituri, Berdintasunerako Europar Institutuak Bonnen (Alemania) antolatu duen topaketan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu publikoetan genero ikuspegia integratzeko estrategia bat aplikatzen du berdintasun politiken osagarri. Horrela, genero ikuspegia txertatzeari esker, benetako aukera berdintasuna eragozten duten oztopoak detektatzen dira, baliabide publikoen esleipena eraginkorrago egiten da, eta gizarte kohesioa eragiten da, Etorkizuna Eraikizen helburuekin bat eginez.

Dozena bat herrialdetako (besteak beste, Alemania, Suitza, Belgika, Frantzia eta Italia) berdintasun eta finantza arloetako 40 aditu inguru elkartu ditu topaketak, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsetan genero ikuspegia txertatzeari dagokionez eskualde eta nazioarte mailan izan diren esperientzia zehatzak ezagutzeko.

Finlandian egin zen gisa honetako lehen topaketa, eta honako hau da EIGE Berdintasunerako Europar Institutua garatzen ari den proiektuetako baten barruan egiten den bigarrena, zeinak helburutzat duen Europako Parlamentuarentzat gomendioak prestatzea, praktika onen azterketa oinarri hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emakundek testuinguru horretan aurkeztu zuten aurrekontu publikoetan nahiz europar funtsen esparruan genero ikuspegia txertatzen izan duten esperientzia.

Izan ere, europar funtsek berdintasunean eragiteko gaitasun handia dute estatu kideetan, funts horiek % 50ean finantzatzen baitituzte proiektuak, estatuekin erdi bana. Horregatik, gaiari genero ikuspegitik heltzekotan, administrazioek aurrekontu publikoetan eragin behar dute, eta, dagoeneko aurrekontuak genero ikuspegia kontuan hartuz diseinatzen ari direnen iritzia giltzarria da genero ikuspegia maila orokorrago batean txertatzeko tresnak garatze aldera.

  

1475