Atzealdea

Gipuzkoak biozientzietan duen estrategia partekatu du

Foto Gipuzkoak biozientzietan duen estrategia partekatu du

Gipuzkoak biozientzietan duen estrategia partekatu du

Ainhoa Aizpuruk, bilerak egin ditu Quebec, Israel eta Massachusettseko ordezkariekin, San Diegoko BIO 2017 azokan

Quebeceko ordezkariekin bilera

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak eta Berrikuntzako foru zuzendariak, Garikoitz Agotek, bilerak egin dituzte aste honetan, BIO 2017 Nazioarteko Kongresuan, biozientzietan punta-puntan kokatutako hainbat herrialderekin. San Diegon (AEB) egiten den ekitaldia sektoreko garrantzitsuena da eta bertan Gipuzkoak lurralde gisa abian duen biozientzietako estrategia partekatu eta kontrastea egiteko aukera izan dute Aldundiko ordezkariek.

Besteak beste, Aizpuru elkartu da Israeleko delegazio batekin zein AEBetako Massachussets estatuko ordezkaritza batekin. Baita ere Quebec Internationaleko presidente Carl Viel eta biozientzien alorreko Jean-Michel Garrorekin bilera egin du. Herrialde honetako ekonomiaren garapenerako agentzia publikoa da Quebec International eta Quebeceko biozientzien industriarako estrategia ezagutu eta Gipuzkoarekin alderatzeko aukera izan dute gipuzkoar ordezkariek.

“Bilerak oso positiboak izan dira, biozientzien alorra indartzeko eta enpresa proiektu berriak azkartzeko herrialde aurreratuenek martxan dituzten programak ezagutzeko parada izan baitugu”, baloratu du Aizpuruk. Gainera, ekintzailetasuna bultzatzeko fiskalitate ereduak eta talentua erakartzeko programa berezien berri izateko aukera izan du.

Aizpuruk balantze positiboa egin du Foru Aldundiak nazioarteko kongresu honetan izan duen parte-hartzeaz. Nazioarteko elkarteekin elkarlana eta inbertsioak erakartzeko aukerak aztertu ditu Aldundiak, sektoreko hainbat eragilerekin batera.

Aldundiko ordezkaritzak, baita ere, San Diegon izan diren gipuzkoar enpresei bere babesa erakutsi die, Biobide-Biophenix, VIVEbiotech y Gogoari, hain zuzen ere. Azken enpresa hau Europako Komisioak aukeratu du, Estatuko Start Up guztien artean bakarra, Connect lehiaketan parte hartzeko.