Atzealdea

Gipuzkoak giharra erakutsi du IndustrySec´18 Kongresuan, bere zibersegurtasun enpresekin

Foto Gipuzkoak giharra erakutsi du IndustrySec´18 Kongresuan, bere zibersegurtasun enpresekin

Gipuzkoak giharra erakutsi du IndustrySec´18 Kongresuan, bere zibersegurtasun enpresekin

Lurraldeko konpainiak izan dira protagonista topaketaren bigarren eta azken egunean; antolatzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin dute

Gipuzkoak giharra erakutsi du IndustrySec´18 Kongresuan, bere zibersegurtasun enpresekin

 

Gipuzkoako zibersegurtasun enpresak izan dira protagonista IndustrySec´18 kongresuaren bigarren egunean, Foru Aldundiak antolatu eta gaur bere bigarren eta azken eguna egin duen topaketa. Lurraldeko konpainiek, industria alorreko bezeroekin batera, Gipuzkoako bigarren sektoreko enpresetan izandako gertakari edota martxan jarri dituzten neurri errealak azaldu dituzte. 
Jardunaldia zibersegurtasun industrialean izandako esperientzia errealekin hasi da, protagonistek beraiek kontatuta. Honela, ITS zibersegurtasun enpresak Serkolat enpresaren ekoizpen plantetan transformazio digitala gauzatzeko lantzen ari den estrategia azaldu du. Enigmediak, bere aldetik, Danobat enpresan egiten ari den lana plazaratu du: sare industrialetako makina-erreminta instalazioetan segurtasun aktiboko sistema autonomoa. Ondoren, HDIV Security konpainiak ULMA enpresan garatzen ari den industria softwareko babes neurriak azaldu ditu, Security by Design delakotik abiatuta. Azkenik, CounterCraftek ArcelorMittalen egiten ari den lana gizarteratu du.
Jardunaldia TÜV Rheinland Groupeko Nigel Stanley eta Estatuko Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko Jose Valientek eskaini dituzten hitzaldiek osatu dute. Zibererasoen aurkako babes neurriak eta bigarren sektorearen arteko loturak azaldu dituzte. Ondoren, LKSko Joane Montero eta UPV/EHUko Merkataritza Zuzenbideko katedradun den Alberto Emparanzarek elkarrizketa interesgarria eskaini dute, gaiaren ikuspegi juridikoa eta industria jardueraren alderdi eta arrisku ezberdinei errepasoa eginez.   

Balorazio positiboa
Garikoitz Agotek adierazi duenez, gaur partekatu diren kasuek “agerian uzten dute zibersegurtasun ez dela zientzia-fikzioa. Mehatxuak errealak dira, eta hemen eta orain, gure enpresetan gertatzen ari dira”. Gehitu duenez, atzo eta gaur artean Kursaalean egin den kongresua bezalako topaketen helburua “gure ekonomiaren zutabe nagusietakoa” den industrian kontzientzia hedatzea da, benetako arriskua dagoela eta beharrezkoa dela babes neurriak hartzea. “Fenomeno berri baten aurrean gaude, mundu mailako eragina duena eta esparru guztiei eragiten diona. Gipuzkoan aurrerapausoa eman nahi dugu eta zibersegurtasun arloan aurreratuen dauden lurraldeen artean kokatu”, esan du. 
Gipuzkoako IndustrySec´18 kongresuak balio izan du ZIUR zibersegurtasun industrialeko zentroa gizarteratzeko. Azpiegiturak udazkenean irekiko ditu bere ateak, eta instalazioak egokitzeko lanak bere bigarren fasean sartu dira. Fundazio publikoa, berriz, udara aurretik egongo da osatuta, eta Donostiako Udalak hartuko du parte bertan. Aurretik, datozen egunetan, langileen lehen izendapenen berri emango da, eta hauen artean dago azpiegituraren zuzendaria izango denarena.