Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak larrialdiak koordinatzeko zentro bakarra edukiko du

Gipuzkoak larrialdiak koordinatzeko zentro bakarra edukiko du

Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu dute beren zentralak Garberako suhiltzaile etxean integratzeko

2017/08/08

Gipuzkoak Larrialdiak Koordinatzeko Zentro Bateratua edukiko du, Udalaren Gaberako suhiltzaile etxean kokatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker. Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Eneko Goia alkateak azaldu dituzte gaur hitzarmenaren xehetasunak. Aurkezpenera joan dira ere bi erakunde horietako larrialdi zerbitzuetako zuzendariak, Arkaitz Orbegozo eta Imanol Andonegi, baita Martín Ibabe Herri Babeseko zinegotzia ere.

Proiektu berriak Garberan egun dagoen zentroa handituko du, etorkizun hurbilean aipatutako bi erakundeetan larrialdi eta suhiltzaile koordinazio lanak egiten dituzten langileak hartzeko. Horrez gain, zentro berriaren alboan bulego bat jarriko da zaintza buruarentzat, eta atsedenerako eta zerbitzuetarako zona osagarri bat. Amaitzeko, komunikaziorako, informatikarako, eta abarrerako beharrezko instalazioak eta ekipoak osatuko dira, 2017aren amaierarako zentro bateratua erabat martxan egon dadin.

Aldundiak 330.000 euro emango ditu proiektu teknikoa egiteko, handitze eta egokitzapen lanak gauzatzeko eta zentroaren funtzionamendu operatibo egokia izan dadin beharrezko materialentzako, eta Aldundia izango da lanen, horniduren eta beharrezko zerbitzuen eskaintza egingo dituena eta esleituko dituena. Bestalde, Udalak Garberako suhiltzaile etxeko espazio fisikoan lan egiten utziko dio erakunde foralari, zentro berriarentzako espazioa prestatzeko. Horrez gain, behin proiektua analizatu eta dagokion araubidea bete dela ziurtatu ondoren, jarduketa egiteko lizentzia emango du.

Hitzarmen hau, legealdi hasieran bi erakundeek gizarteari zerbitzu hobeagoa eskaintzeko egindako hausnarketa prozesuaren emaitza da, betiere kontuan hartuta gizartea gero eta zorrotzagoa dela larrialdien arretaren inguruan. Beraz, bitarteko ekonomikoak eta baliabideak hobeto erabili eta arrazionalizatu nahi dira; bikoiztasunak murriztu nahi dira zerbitzu eta zereginetan, lanak elkarlanean eta modu koordinatuan eginda; eta, azkenik, informazioa jaso, kudeatu eta koordinatzeko zerbitzu garrantzitsua indartu nahi da, gaur egun larrialdi agentzia bakoitzeko Koordinazio eta Komunikazio Zentroak egiten duen zerbitzua, hain zuzen.

Gaur egun, bai Aldundiak bai Udalak beren suhiltzaileen koordinazio zentro propioa dute. Bi erakundeen artean 5.000 abisu edo larrialdi dei baino gehiago jasotzen dituzte urtean. Goiak eta Lasak azaldu dutenez, bi erakundeen indarrak eta baliabideak batuta, gipuzkoar guztiei zerbitzu hobea eskaintzeko aukera izango dute. Zentroak Gipuzkoan gertatzen diren gertakari eta larrialdi guztien inguruko deiak eta aktibazioak jasoko ditu, espezifikoki osasun-larrialdiak direnak edota errepideen mantenuari lotutakoak izan ezik, eta batera kudeatuko dute zerbitzu baten edo bestearen aktibazioa edo biena, beharrezkoa balitz, larrialdi handiei aurre egiteko.

 

Orain arte, SOS Deiak bereizita aktibatzen zituen zerbitzuak, gertakariaren lokalizazioaren arabera. Zentroa martxan jartzean, larrialdi guztiak puntu horretan jaso, ezagutu, kudeatu, informatu eta koordinatuko dira, ondoren larrialdiaz arduratuko den erakundea edozein dela ere. Prozedura horrek aurreikuspen eta aurrerapen gehiagorekin lan egiteko aukera emango du, batez ere larritasun handiko gertaeren kasuan; izan ere, bi zerbitzuen arteko koordinazio operatiboa eta elkarrekiko laguntza sakonduko da, eta, modu horretan, erantzun azkarrago eta eraginkorrago bat lortuko da. Aldundiaren ikuspegitik, gainera, proiektuari esker koordinazio zentroa, gaur egun foru jauregian dagoena, suhiltzaile etxe batean kokatu ahal izango da fisikoki, eta foru zerbitzuko teknikoek ezinbestekotzat jotzen dute alderdi hori.

Zentroa Gaberako suhiltzaile etxean jartzeko hainbat arrazoi daude: Donostiako suhiltzaileen komunikazio gunea hor egotea (egokitu eta zabaldu daitekeen azpiegitura duena); suhiltzaile etxearen neurria, lurraldeko handiena eta zentro-nagusi izateko aukera duena; kokapena, hiriko zentro neuralgikotik kanpo baitago, baina lurraldeko edozein puntutatik gertu komunikazioari, garraioei eta irisgarritasunari dagokienez; eta diputatu arduradunaren egoitza den eta erabakiak hartzen diren foru jauregiko zerbitzutik gertu egotea.

Elementu nagusia

Koordinazio eta komunikazio zentroak garrantzia handiko eta oinarrizko elementuak dira, larrialdi abisuen kate-mailan lehenak baitira, eta esku-hartzearen inguruko erabakien, kudeaketaren eta informazio bilketaren oinarria eta zentro neuralgikoa direlako. Funtzio hauek egiten dituzte, besteak beste: abisuak jaso; suhiltzaile etxeetako baliabide eta bitartekoak aktibatu; larrialdia sailkatu eta informazioa aktibatutako baliabideetara pasa; gertaera mapan geolokalizatu eta kokatu; ibilbide eta sarbide egokienak zehaztu; agintariekin eta lanean dabiltzanekin une oro komunikatu; mobilizatu eta neurri eta baliabide gehigarriak eskatu; beste agentzia batzuekin eta langileekin koordinatu; eta gertuen dauden ur-hargune edo ur hornikuntza puntuak lokalizatu. Funtzio horiek ezinbestekoak dira suhiltzaileak ahalik eta azkarren irits daitezen, eta gertaera bakoitzari modu eraginkorrean aurre egiteko baldintza egokietan.

Horrez gain, lan osagarri garrantzitsuak egiten dituzte suhiltzaile etxeen eta horien baliabideen eguneroko kudeaketan: konponketen eta mantenuen inguruan abisatu, abisuak jaso, aplikazio informatikoan langileen datuak kudeatu (altak, bajak, aldaketak, eta abar), mota askotako txostenak prestatu, suhiltzaile etxeko barneko komunikazioak hartu...

  

1481