Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Aldundiak 750.000 euro gehiagorekin indartu ditu nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak

Gipuzkoako Aldundiak 750.000 euro gehiagorekin indartu ditu nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak

Honela, 2.250.000 euroko zuzkidura osoa izango du deialdiak; ustiategiei aholkularitza finantzaketa babestera beste 420.000 euro bideratu dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu du 750.000 euro gehiago bideratzea nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko diru-laguntza deialdira, ekimenak izan duen harrera hona dela eta. Horrela, guztira 2.250.000 euroko zuzkidura izango du deialdiak, hiru ekitalditan banatuta. “Aurreikuspenak gainditu dira eta esparru honetan zegoen baliabide gehiagoren beharrari erantzuten dio erabakiak”, adierazi du Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk. “Eskari kopuruak agerian uzten du gure nekazariek azpiegiturak hobetzeko duten borondate eta nahia”, txalotu du foru arduradunak.

Gobernu Kontseiluak atzo eginiko bileran eman zion argi berdea aipatutako partida handitzeari. Laguntza hauen helburua, beste hainbat konturen artean, ekoizpena merkatuaren beharretara egokitu, ustiategien kudeaketa eta errentagarritasuna hobetu eta ekoizteko gaitasuna handitzea da, ingurumen jasangarritasuna hobetzearekin batera. “Berrikuntza jarri ohi dugu gure industriaren lehiakortasuna hobetzeko bermerik onena bezala, eta berrikuntza da baita ere gure nekazaritza sektoreak aurrerabidean jarraitzeko behar duena”, esan du Aizpuruk, alor honetan inbertsioak sustatzearen zergatiak laburbilduz. Ekimena Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planaren testuinguruan kokatzen da.

Saio berean, esparru bereko beste deialdi bat ere onartu du Gobernu Kontseiluak, hala nola, nekazaritza ustiategiei aholku zerbitzuak ematen dizkieten elkarteentzako 2016ko diru laguntzena. 420.000 gastua onartu da, eta helburua, foru diputatuak azaldu duenez, “nekazarien jakintza eta ezagutza hobetzea” ditu jomuga deialdiak, “jardueraren inguruan hartzen diren erabaki eta estrategien egokitasuna sustatzeko”. Aholkularitza mota askotakoa izan daiteke: teknikoa, finantzarioa, legediari buruzkoa, juridikoa…

Aizpuruk gogoratu duenez, zuzentzen duen departamentuak legealdiaren lehen egunetik egiten ari da apustu garbia landa inguruneari eta bertan egiten diren jarduera ekonomiko ezberdinen alde. “Paisaia kudeatzen dute, bioaniztasuna zaindu eta gure idiosinkrasiaren parte dira”, gogoratu du, nekazaritzak esparru honetan duen garrantzian jarriz azpimarra. “Lehen sektorea defendatu, babestu eta sustatzeko konpromisoa hartu genuen iritsi ginenean, eta horretan ari gara”, berretsi du diputatuak.

  

2024