Atzealdea

Gipuzkoako Aldundiak bere programa indartu du, emakumeari ikusgarritasun gehiago emateko memoria historikoaren arloan

Foto Gipuzkoako Aldundiak bere programa indartu du, emakumeari ikusgarritasun gehiago emateko memoria historikoaren arloan

Gipuzkoako Aldundiak bere programa indartu du, emakumeari ikusgarritasun gehiago emateko memoria historikoaren arloan

Foru erakundeak duela 80 urte Estatu kolpearen eta ondorengo gerraren ondorioak pairatu zituzten emakumeak omenduko ditu hil honetako 29an

Gipuzkoako Aldundiak bere programa indartu du, emakumeari ikusgarritasun gehiago emateko memoria historikoaren arloan

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere programa indartu du memoria historikoaren esparruan, emakumeei merezi duten ikusgarritasuna ematea xede. “Orain arte bigarren planoan geratu izan gara beti eta, hori dela eta, memoriaren arloko elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean, ekintza positiboak proposatzen ditugu emakumeek garai hartan bete zuten papera ikusarazteko”, azaldu du Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariak, Maribel Vaquerok. Zehaztu duenez, ekitaldi publikoak, kultura produktuen ekoizpena eta diru laguntza deialdietan emakumearen ikuspegia txertatzea aurreikusten dira.

Foru zuzendariak gaur goizean Donostian egin duten prentsa agerraldian egin ditu adierazpen hauek. Berarekin izan dira Iban Gonzalez, ‘Ama nora goaz?’ dokumentaleko zuzendaria, eta Lore Albizu, film honetako protagonistetako bat. Dokumentalak 1937ko neguan frankistek Gipuzkoako hainbat herrietatik bortxaz bota zituzten emakumeen historia jasotzen du, eta Aldundiak proiektuaren finantzaketan hartu du parte. Aurki aurkeztuko dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Gaurko agerraldian, Gonzalezek dokumentalari buruzko hainbat xehetasun eskaini ditu eta Albizuk, bere aldetik, lehen pertsonan bizi izan zituenak partekatu ditu. Gainera, Vaquerok aurreratu duenez, foru erakundeak emakume hauek omenduko ditu hilaren 29an, Foru Jauregian egingo den ekitaldi hunkigarri batean.

“Ia ahanzturak irentsitako istorio bat da esku artean duguna”, esan du foru zuzendariak, “eta orain berreskuratu egin da memoria arloko erakundeen eta erakundeen elkarlanari esker”. Aipatutako gertakari hauetan, 750 pertsona inguru kanporatuak izan ziren Gipuzkoako 14 herritatik, gehienak emakumeak eta umeak, arrazoi politikoak medio. Zumaia izan zen prozesu lazgarri honetan herririk kaltetuena eta, Vaquerok gogoratu duenez, Udaletxeak eta herritarrek pasa den otsailaren 12an oroitu zituzten gertakariok Aldundiak ere parte hartu zuen ekitaldi batetan.

“Pertsona hauek bizi izan zutena, edozein giza eskubideen zapalkuntza kasuren aurrean bezala, egia, justizia, erreparazioa… behar ditu, baina baita erakunde eta herritarren aitortza ere”, esan du Vaquerok. Zentzu honetan, nabarmendu du oso garrantzitsua dela memoria historikoaren arloa lantzea “horrelako gertakariak ahaztu ez daitezen”, hori baita “ez errepikapenerako bermerik onena”. Bere iritziz, omenaldi publikoak edo kultura produktuen ekoizpenak ekarpen garrantzitsua egiten dute zabalkunde eta pedagogia ahalegin horretan. Kasu konkretu honetan, zehaztu du, Aldundiak egin diren eta egingo diren aitortza ekitaldien antolakuntzan hartu du parte, eta aipatutako dokumentala eta liburu bat finantzatu ditu.

Hala ere, Vaquerok nabarmendu du lan pedagogiko horretan “arreta berezia” jarri behar dela emakumeei dagozkien gertakarietan, orain arte kontakizun nagusitik at geratu izan baitira. “Zorionez, azken urteetan hobekuntza nabarmena sumatzen da esparru honetan, memoria arloko elkarteek eta erakundeek egindako lanari esker”, adierazi du foru arduradunak, azpimarratuz Aldundiak “agente aktibo” izan nahi duela ahalegin partekatu honetan.

 

Laguntza deialdiak

Pasa den urtean Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritzak Gipuzkoan memoria historikoaren arloan egun arte egindako lanen bilketa eta antolaketa ariketa egin zuela azaldu du. “Atera genuen ondorio nagusia izan zen orain arte egindakoan emakumeen papera bigarren planoan zegoela. Gabezia hori betetzeko, erabaki genuen emakumeei buruzko lan lerroa txertatzea Aldundiaren memoria historikoko proiektuak finantzatzeko urteroko laguntza deialdian”, adierazi du foru zuzendariak. Gehitu duenez, jasotako erantzuna positiboa izan da oso, finantzatu diren proiektuen herenak emakumea izan dute eta protagonista. “Gai honen inguruko sentsibilizazioa hedatzen ari denaren adierazle garbia dugu hau”, esan du.