Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Aldundiak Thomson Reuters Fundazioarekin partekatzen ditu Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak

Gipuzkoako Aldundiak Thomson Reuters Fundazioarekin partekatzen ditu Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak

Gobernantza Berria eta Kontziliazioa bultzatzeko lanetan aritu dira Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuarekin batera, Thomson Reuters Foundation-eko Monique Villa andrearekin egin dute bilera, Gipuzkoaren etorkizuneko proiektu estrategikoak bultzatzeko lankidetza bideak aztertu asmoz. Monique Villak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren izaera parte-hartzailea eta lankidetzakoa goraipatu du: “kontuan izan beharreko gobernantza berriko eredua da, eta asmatu egin da gizartea Gipuzkoaren eraikuntzan sartzearekin”.

Villarekin izandako hitzordua foru erakundeak Etorkizuna Eraikiz programan bultzatu nahi duen nazioartekotze sarean sartzen da; izan ere, nazioartean arrakasta izandako esperientziak inportatu eta ezagutu nahi dira, hala nola Aldundiak bultzatutako proiektuak nazioarteko aditu eta agenteekin partekatu. Monique Villa aitzindaria izan zen emakumearen ahalduntzearen eta enpresa alorreko negozioen etikaren esparruetan lana egiten. Bere esperientziaz baliatuz eta Aldundiak ekindako proiektuak hobetzeko eta sustatzeko asmoz, egin dituzten ahaleginak gobernantza berria eta kontziliazioa eta berdintasuna bultzatzekoak izan dira.

Gipuzkoa ekonomikoki, politikoki eta sozialki sendotzeko beharraren aurrean, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz proiektua abiarazi zuen. Horrekin esperimentatze aktiboko ariketa egiten ari da, oinarrizko erronkekin loturan, lurraldeko agenteekin proiektuak eta gogoetak partekatuz. Diputatu nagusiak proiektuaren ildo estrategiko nagusiak agertu dizkio fundazioko zuzendari exekutiboari, eta Gipuzkoa Europan ekonomia, gizarte, hizkuntza eta genero ezberdintasun gutxieneko lurraldea izatea helburu duten proiektu pilotuetan sakondu du. Villak oso positiboki balioetsi ditu langileek enpresan parte hartzeko eta kontziliazio eta berdintasuna bultzatzeko proiektu pilotuak.   

Lan bilera amaitutakoan Markel Olano eta Imanol Lasak, Monique Villarekin batera, lurraldeko hainbat hedabidetako arduradunekin elkartu dira. Iritzi publiko indartsu baten eraikuntzan eta garai digitalerako egokitzapenean hedabideen jokaerari buruzko esperientziez aritu dira.

Monique Villa, 2008az geroztik, Thomson Reuters Foundation-eko zuzendari exekutiboa da. Fundazio hori 2016. urtean seigarrena izan zen “Best Companies for Women” munduko enpresarik onenen rankingean. Bere ibilbide profesional osoan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko egin duen langatik nabarmendu da Monique Villa. Bere zuzendaritza kargutik zenbait proiektu bultzatu izan ditu genero berdintasunaren alde, hala nola “TrustWomen”, emakumearen ahalduntze bila eta esklabotzaren kontrako borrokarako ekimena. Halaber, G20ko herrialdetako emakumeen kontrako bereizkeriaren kontrako sentiberatasun kanpainak sustatu ditu.

Fundazioan lana egin aurretik Reuters Media-ko zuzendari eta Action Images-eko lehendakari izan zen. France Press agentzian zuzendaritza postu zenbaitetan aritu zen. Halaber, 2015ean, “Champions for Change Award” saria jaso zuen emakumezkoen ahalduntzearen aldeko eta pertsonen trafikoaren kontrako bere lanagatik.

  

1354