Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako aurrekontuak egiteko “modu berria” aurkeztu du Aldundiak Irunen

Gipuzkoako aurrekontuak egiteko “modu berria” aurkeztu du Aldundiak Irunen

Aurrekontu Irekiak aurkezteko eta herritarrengana gerturatzeko, informazio karpa bat jarri zen Zabaltza plazan atzo. Aurrekontuei buruzko gipuzkoarren iritzi eta ekarpenak bihar arte jasoko dira.

2016/10/12

Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza prozesua aurkezteko herriz herriko kanpainan, Irunen egin zuen Aldundiak geldialdia atzo. Aldundiko teknikarien eta informatzaile talde baten laguntzarekin, 16 urtetik gorako herritarrek 2017 urterako aurrekontuei buruzko iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten informazio karpan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 19:00etara. Herritarren ekarpenak aurrekontu proposamenarekin batera aurkeztuko den memoria batean jasoko dira, prozesuaren amaieran, eta erabakitakoaren kontu emango da orduan.

Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu zuenez, azken asteetan lurralde osotik aurkezten ari den ekimena, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak egiteko modu berria” da. Bihar arte egin ahalko dira ekarpenak eta, horretarako, karpetako partaidetzaz gain, webgunearen bitartez har daiteke parte, Gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean.

Imanol Lasa Irungo geldialdi honetaz baliatu zen, partaidetza ekimen berri honen aurkezpen erronda paraleloaren baitan, astearte arratsaldean Irungo Emauseko egoitzaren langile eta ordezkariekin batzarra egiteko, Auzolan kaleko Econcenterrean. Aurrekontuen osaketari buruzko argibideak eman zizkieten Lasak eta Joseba Muxika Partaidetza zuzendariak.

Bi gai landu zituzten nagusiki: gizarte politikak eta bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko dauden ikuspegi ezberdinak, batetik, eta partaidetza egitasmoak gizarte-eraldaketako tresna bezala, bestetik. “Ideia truke interesgarria eduki genuen. Oso bilera emankorra izan zen. Zenbait proiektu eta plangintza aurkeztu zizkiguten Emauseko ordezkariek, eta txosten horiek sakonki aztertu eta aintzat hartzeko konpromisoa hartzen dugu”, esan zuen Lasak.

Bi ardatz horien barruan, hainbat gai jorratu ziren. Bi aldeek ardura handia azaldu zuten gizarte zerbitzuen iraunkortasunaren inguruan, gero eta gizarte zaharragoan. Halaber, administrazioan departamentu artean interlokuzioa mantentzeko dauden zailtasunak aipatu zituzten Emauseko ordezkariek, eta elkarlanerako eremu transbertsalak eskatu zituzten. Lasak onartu zuen horren beharra dagoela eta hori dela, hain zuzen, Aldundia modernizatzeko apustu estrategikoaren barruan, jorratzen ari diren “lan ildo nagusietako bat”.

Ahalik eta gipuzkoar gehienengana heltzeko helburua dauka Aurrekontu Irekien kanpainak. Diputatuak azpimarratu du nahia dela “lehen eskutik jakin ahal izatea Aldundian erabakitzen diren politiken gaineko herritarren iritzia” zein den. “Galdetzearekin batera”, erantsi du, “gipuzkoarren ideia eta proposamen berriak” jaso nahi ditu Aldundiak, “aurrekontuan txerta daitezen”.

  

1366