Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako ekonomiaren hazkundearekin lerrokatu ditu aurreikuspenak, zuhurtziaren bidetik jarraituz

Gipuzkoako ekonomiaren hazkundearekin lerrokatu ditu aurreikuspenak, zuhurtziaren bidetik jarraituz

Lurraldeak 2016 zerga-bilketan %3,18ko hazkundearekin itxi eta datorren urterako %3,4ko igoera aurreikusten duela azaldu du diputatu nagusiak

2016/10/16

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo eta datorren urtetako zerga-bilketa aurreikuspenak eguneratu ditu, ekonomiaren hazkundearekin lerrokatu eta zuhurtziaren bidetik jarraituz. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, pasa den ostiralek Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan adostutakoaren berri eman du gaur eta, zehaztu duenez, lurraldearen zerga-bilketa %3,18 haziko da aurten eta %3,4 datorren urtean. Olanok Gipuzkoak hazkunde bidean jarraitzen duela nabarmendu du eta, nahiz eta 2016ko itxiera aurreikuspenak aldatu diren, berretsi du lurraldeak ez duela inolako doikuntzarik behar: “Zerbitzu publiko guztiak guztiz bermatuta daude”.

Diputatu nagusia eta Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu dira gaur, ostiraleko bileran adostutakoaren berri emateko. Bilera honen baitan Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Elkargoko hiru lurraldeek eta udalerriek urte itxierako zerga-bilketa aurreikuspenak berrikusi eta datorren urtekoak zehazten dituzte. Hau da, erakundeen finantzaketa iturrien fluxuen zenbatekoak adosten dira.

Gipuzkoaren kasuan, 2016 itxierako aurreikuspena zuzendu eta %3,18an geratu da, hau da, pasa den urtean baino 130 milioi euro gehiago. Diputatu nagusiak, hori bai, nabarmendu du zifra aldaketak ez duela inolako eraginik izango Foru Aldundiaren aurrekontuan, urtero %2 inguru exekutatu gabe geratu ohi baita eta, hori dela eta, erakundeak baduelako aldea naturalki egokitzeko adina malgutasun.

 Urte guztian zehar lurraldearen zerga-bilketaren bilakaera %3,18 horren gainetik dabilela adierazi du Olanok, eta azken hilabeteotan %4aren gainetik dabilela gogoratuz. “Gai honen inguruan hitz egin dugu bakoitzean zuhurtzia izan da erabili izan dugun hitza. Zuhurrak izan gara zerga-bilketa %8 hazten ari zenean, eta zuhurrak izan gara %2an zegoenean. Zuhurtziaz berrikusi dugu baita ere aurtengo itxierarako zerga-bilketa helburua”. Gainera, azaldu duenez, Araba eta Bizkaian ez bezala Gipuzkoan ez dute eragin handirik izango Estatuak Sozietateen gaineko Zergan ezartzera doan ordainketa aurreratuek, lurraldean gutxi baitira zergak Estatuko araudiaren arabera ordaintzen dituzten enpresak. “Beraz, gure kasuan ez ditugu sarrera gehigarri horiek izango”, adierazi du.

Datorren urteari begira, %3,4ko hazkundea aurreikusten da 2016ko itxiera aurreikuspenekiko, eta aurtengo aurrekontuekin lerrokatuta, hazkunde txikiarekin. “Zenbaki hauek aurrekontu kontinuistak diseinatzea ahalbidetzen digute eta, bide honetatik, gure apustu estrategikoak diren ekonomia sustapena eta gizarte politiken aldeko hautuan sakontzeko”, esan du Olanok. Bere ustetan, estrategia hau Gipuzkoa hazkundearen bidean izateko erantzuleen artean dago eta, hori dela eta, Foru Aldundiak norabide berean jarraituko duela azpimarratu du.

Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsari (UFFF) dagokionez, diputatu nagusiak iragarri du Gipuzkoako Finantza Kontseilua bihar arratsaldean egin dela foru jauregian. “Aldundia eta lurraldeko udal ordezkariak elkartzen dituen foroa da, eta bertan emango zaie udalerriei aurtengoan euren finantzaketarako oinarrizko erreminta den funtsak izango duen hornidura”, azaldu du.

 

Ekarpen Legea

Azkenik, diputatu nagusiak egun indarrean dagoen Ekarpen Legeak sortzen dituen desoreketan jarri du azpimarra, eta hau aldatzeko beharra berretsi du. “Aurten eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean ere, aurreko urteetan ez bezala, Egokitzapenerako Funts Orokorrak beteko du bere helburua, hau da, Gipuzkoa eta Arabaren koefiziente horizontalaren %99 estaltzea. Hala ere, agerikoa da araudi honek desorekak sortzen dituela, eta hau zuzendu beharra dagoela”, azpimarratu du.

Olanok azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako abenduak 16ko datak mugarri izaten jarraitzen du, “egun hori adostu baikenuen lau erakundeok Lege berriaren zirriborra adosteko muga gisa”. Honetan ari diren lan taldeak aldika elkartzen ari direla adierazi du foru arduradunak, eta seguru agertu da ibilbide honek egun horretarako “fruituak emango dituela”. “Gipuzkoak asko du jokoan kontu honetan, eta Foru Aldundiak konpromiso osoa du lurraldearen interesak defendatuz desorekak deuseztatu eta Ekarpen Lege justuagoa lortzeko”, berretsi du. 

  

2143