Atzealdea

Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu 2017-2020 kirol instalazioen planera

Foto Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu 2017-2020 kirol instalazioen planera

Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu 2017-2020 kirol instalazioen planera

Denis Itxaso: “Planaren helburua da, batetik, kirol jarduera unibertsal bihurtzea eta, bestetik, herritar guztiei kirola egiteko aukera bermatzea baldintza berberetan”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu 2017-2020 kirol instalazioen planera

11,2 milioi udalerri mailako instalazioak hobetzeko eta berritzeko izango dira. Real Sociedad eta Eibar kirol klubek 4 milioi eta 350.000 euroko laguntza jasoko dute, hurrenez hurren, Anoetako eta Ipuruako berritze lanetarako.

Denis Itxaso: “Planaren helburua da, batetik, kirol jarduera unibertsal bihurtzea eta, bestetik, herritar guztiei kirola egiteko aukera bermatzea baldintza berberetan”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017-2020 Kirol Instalazioen Planera bideratutako laguntzen deialdia onartuko du, Kultura eta Kirol Departamentuaren proposamena aintzat hartuz. Guztira 15.535.000 euro bideratu dira planera, eta horietatik 11.185.000 euro Gipuzkoako udalerriek kirol instalazioak edo guneak hobetzeko eta berritzeko aurkeztutako proiektuak finantzatzeko izango dira. Zenbateko horretatik 480.000 euro (urtean 120.000) esku-hartze txikietarako laguntzak emateko izango dira, eta, udalek ez ezik, kirol elkarteek eta federazioek ere eska dezakete laguntza. Deialdi honetan lerro berezi bat abiaraziko da Mendi Federazioarekiko lankidetzarako, zehazki, 100.000 euroko laguntza (25.000 euro urtean) izango duena. Aurreko planarekin alderatuta, zenbateko horiek hobekuntza nabarmena dakarte: aurrekoan 7,5 milioi euro bideratu ziren hiru urterako (2,5 milioi urteko); oraingo honetan, berriz, urtero 2,8 milioi bideratuko dira datozen lau urteetan, 11,2 milioi guztira, eta horiei gehitu behar zaizkie Anoetako eta Ipuruako lanak egiteko Real Sociedad eta Eibar klubei emango zaizkien laguntzak.

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren hitzetan: “Planaren helburua da, batetik, kirol jarduera unibertsal bihurtzea eta, bestetik, herritar guztiei kirola egiteko aukera bermatzea baldintza berberetan, haien egoera edozein delarik ere”. Diru laguntza lerro horretan aintzat hartuko dira, bereziki, instalazioen irekiera eta sarbidea lehenesten duten proiektuak; guneak kirol gutxiago egiten duten kolektiboei edo behar bereziak dituztenei egokitzeko proiektuak, eta gaur egun diru kopuru txikiagoak dituzten guneetan kokatuta dauden instalazioak.

2017-2020 Instalazio Plan berriak lehendik martxan dauden ekipamenduak sendotzea lehenesten du, eta diruz lagundu nahi ditu urtetan izan duten erabileragatik eta krisi garaian inbertsioak gutxitu izanagatik erabilera baldintzak hobetzeko beharra duten instalazioak berritzeko eta birgaitzeko lanak. Instalazioen hobekuntza sustatzea da helburua, betiere instalazioen erabilera areagotzera eta horietarako herritarren sarbidea erraztera bideratutako esku-hartzeak lehenetsiz. Horretarako, deialdi honetan lehentasuna ematen zaie instalazioak lekualdatzeko, ordezkatzeko edo birmoldatzeko proiektuei, eta atal bat eskaintzen zaio martxan dauden espazioen erabilera hobetzeari (espazioak estaliz, eskola ekipamenduak kirol erabilerarako egokituz, etab.). Itxasoren arabera, “deialdi honetan arreta berezia jarri da kirola Gipuzkoako herritar guztien eguneroko bizitzaren parte izatea erraztuko duen ekipamendu sarea sendotzen”.

Anoeta eta Ipurua birmoldatzeko laguntzak

2017-2020 Kirol Instalazioen Planean diru laguntzak aurreikusten dira Real Sociedad eta Eibar klubek Anoetan eta Ipuruan egingo dituzten lanak finantzatzeko. Kasu batean zein bestean, Aldundiak obren kostu oso zenbatetsiaren % 10eko ekarpena egingo du. Beraz, 4 milioi bideratuko dira 40 milioiko aurrekontua duten Anoetako lanetara; eta, aldiz, 350.000 euroko laguntza emango zaio Ipuruako 3,5 milioiko inbertsioari.