Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak Aitor Francesena omendu du munduko surf txapelketagatik eta ibilbide osoagatik

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aitor Francesena omendu du munduko surf txapelketagatik eta ibilbide osoagatik

Joan zen abenduan, Zarauzko surflaria garaile izan zen surf egokituko munduko txapelketan.

2017/02/17

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez, «Aitor Francesenak ikusmena galdu zuen gehien gustatzen zitzaiona egiten, surfean. Hala ere, Aitorrek ezbeharrari aurre egiten jakin zuen, eta eliteko kirolari ibilbideri ekin zion. Horrexek ematen dizkio ilusioa eta aurrera egiteko indarra».

Gipuzkoako Foru Aldundiak ondo merezitako omenaldia egin dio Aitor Francesena surflariari; batetik, joan zen abenduaren 11n munduko surf txapelketa irabazi zuelako eta, bestetik, kirola egiten ari zela izandako istripu baten ondorioz ikusmena galdu ostean egin duen ibilbideagatik. Francesenak oztopo guztiak gainditu zituen, bere pasioari eutsi zion, eta Kalifornian kirol egokituko munduko titulua lortu zuen. Mugarri eredugarria izan hori da, inondik ere.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Kultura eta Kirol diputatuak Aldundiko Jargi aretoan hartu dute Francesena, eta han egin diote omenaldia. Txapela oparitu diote surflari zarauztarrari, munduko txapeldun titulua eskuratu izanagatik ez ezik, baita hura lortzeko egin duen ibilbideagatik ere.

Denis Itxasoren hitzetan: «Aitor Francesenak ikusmena galdu zuen gehien gustatzen zaiona egiten, surfean, olatuak hartzen. Gehienok hartuko genukeen gertakari hori tragediatzat, kirolari ibilbidearen amaieratzat. Aitorrek, ordea, aro berri bati ekin zion ezbeharraren ondoren, ez zion amaierarik eman eliteko kirolari ibilbideari; alderantziz, dimentsio berri bat hartu izanak eman dizkio ilusioa eta aurrera egiteko indarra. Hainbesteko ilusioarekin eta indarrarekin, goia jo du Aitorrek, eta munduko surf egokituan txapeldun izatera iritsi da».

Aurten Francesenak Kirolgi Fundazioaren kirolarientzako programan hartuko du parte, eta, horri esker, 2017ko nazioarteko probetarako laguntza jasoko du. Bere parte hartzearen bidez, Gipuzkoaren irudia eramango du mundu osora.  

  

1284