Atzealdea

Gipuzkoako Foru Aldundiak nahigabea adierazi du Juan Celayaren heriotza dela eta

Foto Gipuzkoako Foru Aldundiak nahigabea adierazi du Juan Celayaren heriotza dela eta

Gipuzkoako Foru Aldundiak nahigabea adierazi du Juan Celayaren heriotza dela eta

Erakundearen izenean, Markel Olano diputatu nagusiak senide eta lagunei doluminak adierazi dizkie eta bere atsekabea azaldu du “ekintzaile, enpresari eta euskaltzale nekaezin” honen galeragatik

Gipuzkoako Foru Aldundiak nahigabea adierazi du Juan Celayaren heriotza dela eta

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lerro hauen bitartez, Juan Celaya Letamendi euskaltzale eta enpresari oñatiarraren galeragatik bere atsekabea adierazi nahi du. Markel Olano diputatu nagusiak, erakunde osoaren izenean, dolumin bizienak erakutsi dizkie haren senitarteko eta lagunei.

“Ekintzaile eta enpresari nekaezin, Gipuzkoaren eta, oro har, euskal gizartearen garapenaz gain, euskal kultura eta hizkuntzaren bultzagile izan da Celaya bere bizitza osoan zehar. Konpromiso sendoa, eskuzabala eta eraginkorra erakutsi du euskara, euskal kultura eta kirola indartzeko martxan jarritako hainbat eta hainbat egitasmorekin. Egindako lan horrengatik guztiagatik, beste behin ere gipuzkoarron esker ona erakusteko unea da hau”, azpimarratu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Cegasa, Tuboplast eta Hidronor bezalako enpresen arduradun, ikastolen mugimendua, UZEI eta Everesteko Tximist espedizioaren gisako ekimenak babesteagatik izan da ezagun Juan Celaya, besteak beste. Euskal diasporarekin zubigile eta Euskal Fundazioaren sortzaile, bere izena daraman saiakera beka bat eta musika sorkuntzarako beka bat ere sortu zituen.

Ibilbide emankor eta konprometitu hori dela eta, Gipuzkoako Urrezko Domina –foru erakundeak ematen duen sari edo ikur nagusia– jaso zuen Juan Celayak 2003an, “gipuzkoar gizartearentzat pertsona eredugarria” izan delako. “Izan ere, bere bizitzan zehar Gipuzkoarekin, gipuzkoarrokin eta Euskal Herriarekin erakutsitako konpromisoagatik, aurrerantzean ere guztiontzako eredu izango da haren ibilbidea eta ekarpena”, adierazi du Diputatu Nagusiak.