Atzealdea

Gipuzkoako gizarteak garrantzitsutzat jotzen du Aldundiak ekonomia suspertzen egindako ekarpena

Foto Gipuzkoako gizarteak garrantzitsutzat jotzen du Aldundiak ekonomia suspertzen egindako ekarpena

Gipuzkoako gizarteak garrantzitsutzat jotzen du Aldundiak ekonomia suspertzen egindako ekarpena

% 56,8k uste du lurraldea krisialdia gainditzen ari dela. 13 puntu hazi da ehuneko hori duela urte erdi egindako inkestatik hona.

Gipuzkoako gizarteak garrantzitsutzat jotzen du Aldundiak ekonomia suspertzen egindako ekarpena

Aldundiak gaur aurkeztu ditu Gipuzkoako egoera soziopolitikoari buruzko azken inkestaren emaitzak eta, datuen arabera, hazi egin da herritarrek egoera ekonomikoaren inguruan duten konfiantza. Biztanleen % 56,8k uste du Gipuzkoa krisialditik ateratzen ari dela. 13 puntu hazi da ehunekoa 2016ko azaroan egin zen azken inkestatik. Aldiz, % 28,9 ezezkoan dago (9,9 puntu gutxiago, aurreko galdeketatik). % 62,4k uste du bere ekonomia pertsonalak berdin jarraituko duela datorren urtean, eta % 13,5ek, berriz, hobetu egingo dela (aurrekoan baino 2,7 puntu gehiago). Orobat, nabarmen hazi da Aldundia arlo horretan egiten ari den ahalegina emankorra dela uste dutenen ehunekoa, % 37,4koa izatetik % 50,7koa izatera igaro baita.

Imanol Lasa foru bozeramaileak inkestaren datuen irakurketa baikorra egin du. Herritarrek Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko egoeraz duten iritzia eta sentipena neurtzea zuen inkestak helburu, eta, horretarako, 1.500 elkarrizketa egin ziren maiatzaren 10a eta 13a bitartean, bost ataletan banatuta: ekonomia eta enplegua, erakundeekiko konfiantza, hainbat gairi buruzko herritarren onespena, Aldundiaren balorazioa eta boto intentzioa.

Lasak nabarmendu duenez, emaitzek erakusten dute Aldundia –haren politika ekonomikoei esker– Gipuzkoako ekonomia suspertzeko “eragile aktibotzat” hartzen dela. “Azken urteotan herritarren eskaera nagusia izan da jarduera ekonomikoa sustatzea, kalitatezko enplegua sortzeko. Horiek dira, hain zuzen, Foru Gobernuak legealdi honen hasieran jarri zituen lehentasunetako bi. Aldundiak bere apustu estrategikoen bidez ekonomia suspertzeko egin duen ekarpena positiboki baloratzen dela egiaztatzea akuilu zaigu ildo horri eusteko, asko baitago oraindik egiteko”.

Izan ere, langabezia eta krisia dira oraindik biztanleen % 56,7rentzat Gipuzkoako arazo nagusia, eta joera hori bera igartzen da inkesta egin duten herritarrek helarazitako eskera eta beharretan. % 70,1entzat Aldundiaren lehentasuna izan behar luke ekonomia eta enplegua sustatzeak eta % 17rentzat, berriz, gizarte laguntzen alde egiteak. Herritarrek 6ko notarekin kalifikatzen dute haien egoera pertsonala (+0,2 puntu). % 54,5ek uste du orain daukan bizi maila bera zeukala orain dela bizpahiru urte; % 32,5ek dio okerrera egin duela, eta % 11,7k, aldiz, hobera. % 51,5ek dio etxean “arazorik gabe” iristen dela hilaren bukaerara eta % 36,4k, berriz, “oso justu eta murrizketak eginez” iristen dela.

Lasaren arabera, datuak hobetu badira ere, “egonezin nabaria” dago oraindik herritarren artean, eta horregatik Aldundiak lanean jarraitu behar du “ziurgabetasun horrekin bukatzeko” eta Gipuzkoa Europa mailan “desberdintasun sozial gutxien” duen herrialdea izan dadin. Gogorarazi du Foru Aldundiak urtean 50 milioi euro bideratzen dituela Ekonomia Suspertzeko Planera, bereziki industria eta etorkizuneko sektoreak laguntzera, hala nola fabrikazio aurreratua, biozientziak, elektromugikortasuna edo zibersegurtasuna. Bestalde, “gizarte politikarik onena da etorkizunean pertsonen arretarako sistema jasangarri egiteko baliabideak sortzen dituena”, argudiatu du foru bozeramaileak.

Legealdiaren bide erdia

Azken udal hauteskundeak egin zirenetik bi urte igaro diren honetan, inkesta egin dutenen % 44,2k uste du Gipuzkoaren egoerak hobera egin duela aldi horretan; % 46,8k, berdin jarraitzen duela eta soilik % 5,5ek, okerrera egin duela. Egoera hobetu dela uste dutenen artean, % 55,2k dio foru gobernuak dezenteko ekarpena egin duela horretan eta % 15,7k,  handia dela egin duen ekarpena. Ildo berean, % 77,2ren arabera, botere politiko desberdinen arteko koalizio gobernu bat izateak mesede egiten dio Gipuzkoari. Oro har, Gobernuak 6,16ko nota jaso du: % 42,4k iritzi ona du (azken inkestan baino 2,3 puntu gehiago) eta % 35,7k ez ona eta ez txarra. Markel Olano diputatu nagusiari eman dioten nota hobetu egin da 2016ko azaroan egin zen inkestatik hona: ezagutza maila % 51,9tik % 59,1era igo da eta balorazioa, berriz, 5,96tik 6,11ra.

Lasaren iritziz, emaitzek adierazten dute herritarrek garrantzitsutzat jotzen dutela “euskal alderdiek eta erakundeek aurrera egiteko asmoz egonkortasunaren eta akordioaren alde desberdintasunak albo batera uzteko duten gaitasuna; horixe erakusten dute Euskadiko gobernuen osaerak eta jardunak”. Horrekin batera gogorarazi du Aldundiaren Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat dela herritarrek erakundeari buruz duten balorazioa hobetzea gutxienez % 8an; “lortzen ari gara, eta horrek norabide berean lanean jarraitzeko indarra ematen digu”.

Erakundeekiko konfiantzaren atalean, honela erantzun zuten herritarrek politikan konfiantzarik ba ote duten galdetuta: soilik % 15,8k eman zuen baiezkoa eta % 77,4k ezezkoa. Horri dagokionez, halere, alde handia dago Espainiako Gobernuarekiko konfiantzaren eta euskal erakundeek eragiten dutenaren artean. Espainiako Gobernuak ez du gainditu (2,34); bai, ordea, euskal erakunde guztiek: Aldundiak 5,42, udalek 5,56 eta Eusko Jaurlaritzak 5,42 lortu dute.

Babesa proiektuei

Inkestak neurtzen ditu, halaber, proiektu estrategiko nagusien ezagutza maila eta balorazioa. Notarik altuena Gipuzkoako errepide sareko obra nagusiek jaso dute (7,87), eta jarraian gizarte zerbitzuak sendotzeko proiektuek (7,81) eta ekonomia eta enplegua suspertzeko planak (7,77).  Gipuzkoak gizon eta emakumeen berdintasunean duen egoerari 6,15eko nota eman zaio galdeketan, eta galdetu zaien pertsonen artean berdintasun politikak sustatzen jarraitzeko beharraren maila 10etik 8,27an kokatu dute. Bestalde, Aldundiak euskararen/hizkuntza berdintasunaren arloan duen konpromisoari 7,02ko nota eman diote herritarrek. Sentsibilitate politiko desberdinen arteko bizikidetza mailari, berriz, 6,77ko nota jarri diote, eta % 93,7k dio une honetan ez duela inolako bizikidetza arazorik.