Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,4 hazi da ekainera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %3,4 hazi da ekainera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 52 milioi euro gehiago batu ditu

2018/07/13

Zerga bilketa metatua %3,4 hazi da Gipuzkoan ekainera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2017ean baino 52 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, alde batetik, zerga zuzenen alorrean izandako gorakada, bereziki Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergen ataletan, eta bestetik, baita Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ) jazotako hazkundeak. Eragin negatiboa izan duten adierazleen artean, nagusia da murriztu egin direla Estatuarekin BEZean dauden doikuntzetatik jasotakoa, 2017an ezohiko sarrerak egon baitziren alor honetan, Kupoaren inguruko akordioa zela eta. 
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak datuen irakurketa positiboa egin du. Esan duenez, hazkundea murrizu egin da urte hasierako hilabeteekin alderatuta, “baina kontuan izan behar da 2017 urtea errekorrekoa izan zela, eta Kupoaren akordioaren ondorioz ezohiko sarrerak izan genituela. Eta, hala ere, zifra haien gainetik gabiltza”. Gehitu duenez, “gure eskumena diren zuzeneko zergak %15,1 hazi dira, guztiz ohiz kanpoko zifra, eta zerga nagusi denak oso bilakaera positiboa izaten ari dira”. Hala ere, gogoratu du oraindik ere ez direla kanpaina nagusiak egin eta, beraz, “zuhurtziaz hartu behar ditugu zenbakiok”. 
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 41 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,8). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenek, 7,8 milioi euro gehiago bildu baitira (+%79,8), eta kapital higikorren etekinen atalean, bere aldetik, 0,8 milioi gehiago (+%3,6). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 60 milioi gehiago batu dira eta (+%11,2).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 18,4 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 9,2 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 27,5 milioi eurotan murriztu. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %7,5 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 38 milioi euro gehiago: 17,6 milioitan hazi dira sarrerak (+%4,5), itzulketak 12,7 milioitan igo (+%4,3) eta lurraldeko arteko doikuntzak 10,5 milioitan hazi dira (+%10,4).

  

2000